www.mondragon.edu/huhezi/ekt
Hizkuntza txikiek ba al daukate munduari gauza handirik ematerik? Askotan egiten diguten galdera da. Konplexuetatik abiatuta, agian. Eta memoria egiten hasten gara: euskarazko ze antzezlan ikusi ditugun, euskarazko ze liburu irakurri edo euskarazko ze kanta entzun. Eta munduari erakusteko moduko gauzak direla iruditzen zaigu. Baina, nola erakutsiko diogu munduari gure auzokoak badenik ere ez dakien hori? Nola eramango dugu mundura hemen antzoki txiki bat betetzeko ere lanak dituena? Sorguneak ikertegiak Euskal Kulturak Gipuzkoan duen egoera aztertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, eta datu eta guzti etorri dira Eskoriatzara. 300 000 dira Gipuzkoan euskaraz dakiten pertsonak. Askoz gutxiago dira, ordea, euskarazko sorkuntzara hurbiltzen direnak. Bidean zerbaitek huts egiten duen seinale.
Kulturaren alde egiten da gaur, normalizazio garai hauetan. Maiuskulaz idatzitako Kulturaren alde. Hizkuntzarik gabeko Kulturaren alde. Eta, hala, hizkuntzarik gabeko Kultura horretan bi hizkuntzetako kulturak jartzen dira elkarren pare-parean. Baina biak ez dira egoera berean bizi: batek antzokiak betetzen ditu. Besteak ez. Eta, hala, merkatuko lehiatik garaile ateratzen den Kulturak Cervantesen hizkuntzan egiten du hitz.
Ezin baitira euskararen eta gazteleraren egoerak parekatu. Euskara espazioak irabazi nahian ari da gizartean, funtzioak bete nahian. Baina, oraindik, gaztelera da funtzio eta espazio guztiak betetzeko balio duen bakarra. Euskaraz mintzo garenok elebidun izango gara kasurik onenean etenez betetako gizarte honetan. Eta eten horien gainetik jauzi egin behar du euskarazko kulturak egunero. Oraindik ere “euskal–, “euskarazko– edo zer den asmatu nahian.
Hemen sortu, sortzen da, baina, zenbaterainoko tartea eskaintzen zaio telebistan? Zenbat hedabide elebidunetan? Zenbat hedabide erdaldunetan? Zein hizkuntzatan programatzen dira larunbat gauak hiriburuetan? Kultura ikusezinek ez dute antzokirik betetzen. Eta, hala ere, gehiegi sortzen dugula entzun behar izaten dugu. Subentzioetatik bizi garela. Arrakasta saldutako sarreretan neurtzen jarraitzen dugu, kulturaren funtzio bakarra hori balitz bezala. Baina, kultura ikusezin batek nekez beteko du antzokirik. Hizkuntza gutxitu batean kultura egiteak ondorioak baitauzka. Sortzaileek, banatzaileek eta publikoak sare trinkoa daukate eraiki beharra. Eta administrazioak bereziki lagundu beharko du lehiaz gain leihoak ere eraikitzen. Euskararen alde egiten ez dena ere zerbaiten alde egiten baita.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa
Ikusezintasunaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu