Inork ez die begiratzen, baina hiria jasotzen dute. 2012ko arratsalde batez, Madrilgo Marques de Cubas kalean paseoan zebilela, errebelazio baten pare, eguzki izpi indartsu bat ikusi zuen Manuel Quintana Martelo artistak (Roxos, Santiago, 1946) obraren baten hondakinak biltzen zituen kontainer bat argitzen, inork begiratu ere egiten ez zion elementu hartan, zerbait ikusi zuela sentitu, eta hura betikotu beharra zegoela erabaki zuen. Hala hasi zuen hurrengo hamar urteetan landuko zuen eta oraindik ere martxan duen kontainerrei eskainitako margolan seriea. Lan ildo hori erakusten duten 90 margolan, marrazki eta zirriborro bildu ditu orain Bilboko Rekalde aretoak, eta, tartean, badira Euskal Herrian topatutako bi kontainer ere. 2021ean Bilboko Ertzilla kaleko 15ean ikusitakoa da bata, eta 2014an Gernikako Don Tello kalean topatutakoa bestea. Koadroen behekaldean haien kokapenaren berri ematen duen aipamenagatik salbu, gainerako hirietako gainerako kontainerrez askorik bereizten ez direnak. Uztailaren 3ra arte izango da ikusgai bilduma.
Containers da erakusketaren titulua, eta horixe da bisitariak topatuko duena. Obrako hondakinak biltzen dituzten kontainerrak. Berdeak dira batzuk, urdinak besteak, kartoiekin batzuetan, zaborrez betetako zakuekin... Guztiak daude ikuspuntu beretik irudikatuta, eta erabat errealista da azken emaitza. Zehaztasun osoz margotutako kartoi puskekin zein metalaren ñabardura zehatzekin batera, ordea, Quintana Martelok maite du azken puntu horretaraino eraman duen prozesuaren arrastoa ere erakustea bere lanetan, eta, hala, kolore probak egiteko baliatutako pintura mantxak ere ikus daitezke koadroetan, bai eta pieza margotu artean hartutako bateko zein besteko oharrak eta telefono zenbakiak ere. Dena gainazal bakarrean.
«Kolpatzen eta hunkitzen nauena pintatzen dut», azaldu du Quintana Martelok. «Eta berdin zait margotzen dudan hori zaborrontzi bat den, telefono kabina bat edo basoko lore sorta bat, egun gutxira zimelduko direnak. Kontainerrak dira kasu honetan».
Emaitza eta prozesua
Neurri handiko lanak dira haietako batzuk. Bi metro eta erdiko altuera eta zazpi metrotik gorako zabalera du handienetako batek, esaterako, baina zirriborro, marrazki eta akuarela sorta batekin batera zintzilikatu dituzte piezarik handienak, kasu horietan ere. Lan prozesua erakusteko, berriz ere. Ibilbide amaiera aldera badago, adibidez, azken emaitzara heldu arterainoko prozesua ia-ia urratsez urrats erakusten duen 40 marrazkiko serie bat. Madrilgo Lope de Vega kaleko 15ean zegoen kontainerrari egindako argazkitik hasi, eta, pixkanaka-pixkanaka, detailez detaile jarraitu dezake bisitariaren begiak bidea, aurreko horman ikus daitekeen neurri handiko olio pinturara iritsi arte. Eta, haren ondoan, kontainer beraren beste bi bariazio handi.
Baina zergatik kontainerrak? Zer ikusten die berak oharkabe pasatu ohi diren elementu horiei? Defentsara pasatu da artista galdera entzun eta berehala. «Inoiz galdetu izan didate antzeko zerbait, eta hauxe erantzun nuen; baliteke lotsagabekeria bat izatea, eta, hala bada, barkatuko didazu, baina egon al zara Madrilgo Prado museoan edo beste museoren batean? Ikusi duzu inoiz gurutziltzatzeren bat, Sebastian deunaren martirioa edota Kristoren gurutze bidearen beste eszenaren bat? Horiek ere ez dira eszena batere atseginak, eta horiek ere pintura dira. Pintura egitea da nire asmoa».
Juan Manuel Bonet komisarioak gogoratu duenez, kontainerrekin hasi aurretik ere bazituen New Yorken han eta hemen topatutako zaborrontziei zein telefono kabinei eskainitako serieak ere. «Hala heldu zen jakitera nolakoak ziren zaborrak behe klaseko, klase ertaineko eta klase altuko auzoetan». Artistak Galizian duen harrera eta garrantzia ere nabarmendu ditu komisarioak. Gogoratu duenez, Bartzelonan egin zituen ikasketak, eta 1970eko hamarkadan hasi zuen ibilbidea. Galiziako artearentzako lengoaia berri bila aritu zen Atlantica izeneko mugimenduko kide izan zen 1980ko hamarkadan, eta New Yorken bizi izan da luzaro geroztik, azkenik, sorterrira itzultzeko. Komisarioaren hitzetan, artistak baditu artelan ia kontzeptualak ere sasoi horretan, eta eskultura lanak ere egiten ditu. Galiziako Kulturaren Arte Psatikoen Saria jaso zuen 2012an, eta Galiziako Artista Bisualen Elkarteko buru da egun.
Erakusketa trukea
Joan-etorriko erakusketa da Qiuntana Martelok Bilbok ikusgai jarri duena. Vigoko Marco museoarekin elkarlanean aritu da Rekalde aretoa antolakuntzan, eta truke moduko bat da horren emaitza. Vigon egon da lehenago orain Bilbon ikus daitekeen erakusketa, eta Bilbotik zuzenean joango da Vigora, hain justu, orain arte bertan egon den Idoia Monton artista donostiarraren erakusketa. Maiatzaren 13an irekiko ditu ateak, eta irailaren 4ra arte egongo da zabalik.
Ikusezinari begiratzea
Manuel Quintana Martelo margolariak erakusketa bat ireki du Bilboko Rekalde aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu