Amnesty Internationalek (AI) eta Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldiak antolatuta, Ikusezina dena filmatzea. Zinema, artea eta adierazpen askatasuna tailerra egingo da San Telmo museoan, gaur hasi eta etzi bitartean.Isaki Lacuesta zinemagilea eta Juan Aizpititarte artista arduratuko dira hori gidatzeaz. Sarrera doan da.
Hasteko, gaur, 10:00etan, Lacuesta kataluniarraren Alpha and Again (2008) filma emango dute. Segidan, Aizpitarte donostiarrak The Gray Wall haren saila aurkeztuko du. Behin biak aztertuta, bi artistek ariketa bat proposatuko diete bertaratutakoei. Gizakiak artearen bidez daukan adierazteko askatasuna lantzea da tailerraren helburua.
Bigarren egunean, Itziar Ruiz-Jimenez AI-ko kideak adierazpen askatasuna munduan zein egoeratan dagoen azalduko du, mapa bat trazatuz. Eta horren ondoren, 10:45ean, Abbas Bakhtiari irandarrak hartuko du hitza, errepresioa eta jazarpena jasaten duten artista irandarren kolektiboaren ordezkari gisa. Badira 20 urte Bakhtiari Parisen bizi dela, eta hango Centre Culturel Pouya-ren zuzendaria da. This is not a Film (2011) film irandarrak erakusten duen errealitateaz [atzo eman zuten zinemaldian] arituko da, baita bere herrialdean duten adierazpen askatasunaren gabeziaz ere.
This is not a Film-ek Jafar Panahi zinema zuzendari irandarraren bizitza kontatzen du. Panahik ezin ditu filmak egin Iranen, arrazoi politikoengatik debekatuta daukalako. Sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2010eko abenduan, eta, gainera, 20 urtean ezingo du ez atzerrira bidaiatu, ez filmarik egin. Mojtaba Mir Tahmasb da filmaren zuzendaria, eta, aldi berean, kartzelatu egin dute. 2011ko Cannesko Jaialdian parte hartu zuen film horrek.
Tailerra etzi bukatuko da. Lacuestak eta Aizpitartek ariketa proposatuko diete parte hartzaileei, eta gero, amaitzeko, ekintza bat egingo dute Zuloaga plazan.
'Ikusezina dena filmatzea' tailerra egingo da gaurtik etzira San Telmo museoan
Gizakiak artearen bidez adierazteko duen askatasuna landuko dute Isaki Lacuestak eta Juan Aizpitartek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu