Obra bukatua bai, baina ez aurreko deus. Artelanak ontzeko prozesua erakusteko garaian zinez uzkur aritzea egotzi zitzaion sarri Pablo Palazuelo artistari (Madril, 1916-2007). Margolari eta eskultore abstraktuak nahiago izaten zuen alderdi hori ezkutuan gorde. Bizirik zen artean, inor gutxik izan zuen azken emaitzen aurrekoak ikusteko parada. Hain zuzen ere, orain gutxi zabaldu da aukera hori. Palazueloren obrari eta sormen prozesuei buruzko erakusketa ireki dute Iruñean, Nafarroako Unibertsitateko Museoan: Metodo geometrikoa. Irailaren 3ra arte izanen da ikusgai.
Museoaren lurpeko lehenbiziko solairu osoa hartzen du erakusketak. Guztira, 133 pieza bildu dituzte, marrazkiak, zirriborroak, pinturak, eskulturak eta beste aintzat hartuta. Gainera, Palazuelo fundazioko presidente Jose Rodriguez-Spiterik erakusketaren aurkezpenean jakinarazi duenez, pieza horien %60 aurrez inoiz erakutsi gabeak dira.
Bost taldetan sailkatu dituzte lanak, bost «familiatan». Palazuelok hitz hori baliatzen zuen piezak ordenatzeko eta gordetzeko. Sailkapen hori, baina, prozesu geometrikoei erreparatuz egiten zuen, eta ez ordena kronologikoari jarraikiz. Eta haren lan egiteko maneraren ezaugarri baten isla ere bada hori: askotan, obra bat abiatu, landu, bukatu gabe utzi, eta urteetara heltzen zion berriz ere. Hain zuzen horregatik, denbora salto bitxiak aurki daitezke obra batzuen inguruko datuetan.
Erakusketan, koadro handi eta koloretsuek nabarmen pizten dute arreta —bi metrotik gorakoak dira batzuek—. Aluminiozko eskulturek ere bai. Ikusgai diren beste pieza batzuen garrantzia goraipatu du bildumaren komisario Gonzalo Sotelo-Cavellok, ordea: paper zeharrargietan egindako marrazkiena.
Komisarioak azaldu duenez, Palazuelok arkatz lodiz marrazten zituen forma geometrikoak orri horietan; buelta ematen zien gero, marrazkiak kalkatzen zituen segidan, eta bata bestearen gainean jartzen zituen ondotik. «Gero, marrazkiok kimatu egiten zituen, behin erabakitakoan zirriborro horietako zer marra zen interesgarria», zehaztu du Sotelo-Cavellok. Sona handia erdietsi duten margolan mordoa ondu zuen horrela, eta ez hori bakarrik: eskulturak diseinatzeko zirriborro gisa ere baliatzen zituen orriok. «Origamia egiten zuen, nolabait». Horien laguntzaz egiten baitzuen salto hirugarren dimentsiora.
Askotan, Palazueloren eskulturen ondoan dago obra bakoitzari dagokion marrazkia. Lotura ez da begirada bakarrean antzemateko modukoa beti, baina asko laguntzen du artistaren lan egiteko manera ulertzen. «Ikusten da zer erabaki hartzen zuen pieza bakoitzarentzat, eta bistan gelditzen dira izan zituen duda asko ere».
Artelan bakoitzaren atzekoa agerian uzteko ez ezik, artistak urteetan izandako eboluzioa ikusarazteko ere balio du erakusketak. Palazueloren lehen margolanek ez dute ikustekorik 1940ko hamarkadaren hondarretik aurrera pintatutakoekin. Arte figuratiboa egiten zuen hasieran, baina, gerora aitortu zuenez, pieza horietan ezinezko zitzaion bere burua islatuta ikustea, komisarioaren arabera. «Hasieran, Palazueloren marrazkietako marren artean ez zegoen harreman geometrikorik. Bizi osoa eman zuen egituratzat balioko zion geometria baten bila, ordea, frenetikoki. Diseinuak txertatzeko sare bat aurkitu nahi zuen, jokoaren arauak zehazteko, xake taula baten parekoa».
Palazueloren ibilbide artistikoa ulertzeko, ezinbestekoa da sorterritik urrun eginiko bi aldi aintzat hartzea: Oxforden (Ingalaterra) emandako denbora —arkitektura ikasi zuen han, harik eta 1936ko gerrarengatik ikasketak uztea erabaki zuen arte— eta Pariskoa, han ezagutu baitzituen Eduardo Txillida, Joan Miro eta Alberto Giacometti, esaterako.
Parisen emandako aldian, Paul Klee margolari alemaniarraren obra ezagutu zuen Palazuelok. Liluraturik utzi zuen, eta, ordutik, frankotan nabarmendu zuen zenbat miresten zuen. «Haren obrak lilura oso sakona sentiarazi zidan. Akaso, hori da margotzen hasi nintzenetik inoiz sentitu dudan emoziorik biziena», aitortu zuen Palazuelok gerora, Geometria y visión. Una conversación con Kevin Power (Geometria eta ikuspuntua. Elkarrizketa bat Kevin Powerrekin) liburuan jasota dagoenez.
Ez hasierarik, ez bukaerarik
Rodriguez-Spiteriren esanetan, Kleek elikatu zuen Palazuelok izaniko «obsesio» bat, gainera: «Palazuelo sinetsita zegoen formek ez dutela ez hasierarik ez bukaerarik; kontua da ea deskubritzen diren edo ez».
Bestalde, Palazuelok artearen funtzioaz esandakoak oroitu ditu Sotelo-Cavallok: «Aldarrikatzen zuen artea ez dela ikus daitekeena erreproduzitzea, baizik eta berez ikusi ezin direnak ikusgai bihurtzea. Naturaren indarrak eta energiak, adibidez».
2007ko urriaren 3an zendu zen Pablo Palazuelo. Hurbilekoen esanetan, azkeneraino izan zuen lapitza eskuetan. Ordurako, aurkitua zuen etxea geometrian.
Ikusezina bistaratzeko geometria
Pablo Palazuelo artistaren 'Metodo geometrikoa' erakusketa zabaldu dute Nafarroako Unibertsitateko Museoan. 133 pieza daude ikusgai, erdiak baino gehiago aurretik erakutsi gabeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu