IKUSEZIN IZATETIK, OHOLTZAK HARTZERA

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruko irakurketa txostena kaleratu du. Datuen arabera, aldatzen ari da gizonen eta emakumeen arteko proportzioa: parekidetasuna lortzen ari da, orokorrean. Txapelketa eta saio informaletan, ordea, alde nabarmena dago oraindik ere.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, Irunen (Gipuzkoa). Aurreneko aldiz, sei bertsolaritik bost emakumezkoak izan ziren. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Bertsolaritza gizonen espazioa izan da eta da». Hala dio Jule Goikoetxeak Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak liburuaren hitzaurrean (Susa, 2019). Azken urteotako datuen arabera, baina, egoera aldatzen ari dela dirudi. Bada denbora Bertsozale Elkarteak genero begirada lehen lerroan jarri zuela. Denborarekin, eztabaidekin, mamituz joan da gogoeta, eta pandemiak berak ere lagundu du oreka hori lortzeko bidean. Plaza bera ere eraldatzen ari dela dirudi, baina zein da egungo egoera? Bertsozale Elkarteak du erantzuna: 2022ko bertso plazen eta saioen inguruko irakurketa txostena landu du. Gizonen eta emakumeen arteko oreka da aletu dituzten gaietako bat.

Txosteneko datuen arabera, nabarmen aldatu da egoera 2019. urtetik bertsolarien parekidetasunari dagokionez. Urte hartan, plazako bertsolarien %64 ziren gizonezkoak, eta %36 emakumezkoak. Egun, txikiagoa da bien arteko aldea: bertsolarien %53 dira gizonezkoak, eta %47, berriz, emakumezkoak. «Pixkanaka ari da orekatzen», esan du Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak. Haren ustez, 2018. urtean dago nolabaiteko mugarria: «Aldaketa gradualki gertatu da, baina, batez ere, 2018an ikusten dut mugarria. Gerora, pandemiak orekatze prozesu hori azkartu du, bultzadatxoa eman dio».

Itxuraz genero aldetik egoerak hobera egin duela dirudien arren, irakurketa sakonagoa egin du Amaia Agirre bertsolariak: «Ez dakit datu hori oso erreala den». Zenbakietan soilik oinarritzea «arriskutsua» izan daitekeela iruditzen zaio: «Emakumeek soilik parte hartzen duten saio dezente ari dira egiten azkenaldian, eta ez dakit horrek ez ote dituen ehunekoak berdintzen». Ez da kasualitatea eta Señora Sariketa bezalako saio ez-mistoez ari da bertsolaria, besteak beste.

Bertsozale Elkarteak mila saiotik gora antolatu zituen iaz: 1.069 izan ziren plazetako saioak —jaialdiak, lagunartekoak, librekoak eta bat-bateko bereziak— eta 1.696 gainontzeko ekitaldiak— txapelketak, sariketak, haurrentzako saioak eta bestelako saio bereziak—. Iurramendiren arabera, beraz, aldaketa orokorrean izan da: «Emakumezkoek soilik abesten duten saioek eragin handia dute jendearen kontzientzietan, baina, oro har, saio puntualak dira, urte osoan milatik gora antolatzen baititugu. Datuek erakusten dute orokorrean ari dela gertatzen aldaketa».

Halaber, mistoak ez diren saioen garrantzia azpimarratu nahi izan du Agirrek: «Mimoz eta elkar lagunduz aritzeko esparru bat sortu dugu». Gai jartzaile lanetan aritzen da Agirre, eta halako saioek «bestelako gai batzuk» lantzeko aukera ematen diela kontatu du: «Beste batzuetan gutxiago aipatzen diren zenbait gai naturaltasunez ekartzeko aukera izaten dut, gehiago bustitzeko aukera ematen didate». Bertsolari gisa ere hautematen du hori: «Talde izaera indartu egiten da. Askoz ere gehiago hitz egiten dugu saioaren aurretik eta ondoren, beldurrik gabe. Konfiantza handiagoarekin igotzen gara oholtza gainera, eta ez dakit geure buruari arriskatzeko edo hanka sartzeko lizentzia gehiago ez ote diogun ematen. Terapia bezala balio dute».

Bide horretan, antolatzaileek egindako lana ere nabarmendu du bertsolariak: «Batzuek oso modu kontzientean egiten dute emakumezko saioen alde. Egon badago sentsibilizazio edo gogo kolektibo bat. Lehen, esaterako, saioetarako izenak ematerakoan, beti gizonezkoak ateratzen ziren; orain, aldatu egin da hori, eta oso aberasgarria da: genero ikuspegiaren ispilu horren aurrean jarri gabe etortzen dira izenak, eta ez kuota betetzeko». Publikoari dagokionez ere, halako saioek «bertsozale berriak» erakarri dituztela uste du.

Txapelketetan desoreka

Txapelketen testuinguruan, ordea, bada aldea: emakumezko gutxiagok parte hartzen dute oraindik. Joan den urteko txapelketetan izena eman zutenen artean, kasurako, hamarretik ia zazpi dira gizonezkoak, %66,3. «Datu hori, berez, are desorekatuagoa da», aurreratu du Iurramendik: «Iaz bi txapelketa baino ez ziren antolatu, Arabakoa eta Euskal Herrikoa. Bigarren hori da izena ematen ez den txapelketa bakarra, lurraldeko txapelketen arabera sailkatzen baitira bertsolariak. 2019. eta 2021. urteak aintzat hartzen baditugu, %73 ziren gizonezkoak, eta %27 emakumezkoak». Txapelketak aurrera egiten duen heinean, ordea, parekatuzjoaten da bien arteko aldea: «Gizonezko gehiago ausartzen dira izena ematera, baina, gerora, txapelketako faseek aurrera egin ahala, proportzio hori orekatuz joaten da. Emakumezkoek progresio hobea izaten dute».

Joan den urteko Bertsolari Txapelketa Nagusia mugarri izan zela uste du Agirrek: «Aurrerapauso bat izan zen. Gure garaian askotan esaten genuen: 'Maialen Lujanbio bakarrik da'. Gaur egun, ezin da hori esan: emakume askoz ere gehiago daude beraien gaztetasunetik erreferente direnak eta oso onak direnak».

Exijentzian jarri du, beraz, arreta bertsolariak: «Oso garbi izan behar duzu hor ibili nahi duzula. Asko gastatzen dute jendaurreko saioek, ez da erraza hor egotea». Alabaina, itxaropenez begiratzen dio etorkizunari: «Uste dut etorriko dela orekatuko den garaia. Emakumezko erreferenteak sortzen ari dira, eta erreferentzia gehiago izateak lagunduko du horretan. Non aukeratu baduzunean, errazagoa da zeure burua kontrolatzea. Bertsolaritza asko da motibazio eta konfiantza kontua, nire ustez».

Horren adibideetako bat da Izaro Bilbao bertsolaria. Bizkaiko Eskolarteko irabazlea izan zen iaz, eta, aurten, ez du zalantzarik izan Bizkaiko Bertsolari Txapelketan izena emateko orduan: «Zorte itzela izan dut ahalduntze bertso eskoletan, Bizkaiko bertso munduko emakumeen topaketetan... sare izugarria egin dudalako. Garrantzi handia izan dute horiek nire ibilbidean, eta ez bakarrik txapelketan izena emateko orduan, baita horri aurre egiteko aldartean ere».

Bide horretan, emakumezko erreferenteak izatearen garrantzia nabarmendu du: «Egun, gero eta presentzia handiagoa dugu emakumeok plazetan, eta hasiberriak garenontzat oso lagungarria da hori: itxaropena ematen du». Aniztasunean ere jarri du arreta bertsolariak: «Emakume izatearen barruan mila errealitate daude, eta gero eta errealitate gehiago ezagutzen ditugu. Zeure burua horietan islatuta ikustea oso lagungarria da». Lanketa baten ondorio izan da hori, Agirreren ustez: «Bertsolari emakumezkoak sekulako maila ematen ari dira. Belaunaldi gazte eta interesgarria dator, langilea eta sormenari garrantzia ematen diona: bertsolari izateaz gainera, sormenari denbora eskaini diote, eta hori antzeman egiten da kalitatean».

Era berean, egungo gai jartzaile asko emakumezkoak izateak ere eragina izan duela uste du Agirrek: «Askotan nire bizipenetatik saiatzen naiz gaiak plazaratzen: erronkatik, iraultzatik, egin nahitik eta kritikatik. Oso garbi daukat mikrofono bat eskuetan dugunok baditugula pribilegioak, baita ardurak ere. Nik, pertsonalki, betaurreko moreak jarrita atera nahi dut oholtza gainera, eta egunerokoan lehen lerroan ez dauden gai horiek ekartzen ahalegintzen naiz. Gutxienez, entzuleari gogoeta eragiteko». Alde horretatik, bilakaera bat izan duela sumatu du: «Duela hamar urtetik hona ahalegin bat egin dut: burutik eta gorputzetik zeharkatzen nauten gai horiek atera nahi bat izan dut. Ziur asko, gizonezkoa izango banintz, ez nindukete gai horiek zeharkatuko. Eragin egin behar dugu».

Txapelketetatik harago, saio informaletan ere nabaria da gizon eta emakumeen arteko desoreka: gizonezkoak dira gehienak horietan ere. «Bertso saio mota horietan desoreka handia zegoen. Oro har, gizonezko bertsolariek abestu izan duten eremuak izan dira bazkari, afari, parranda edo gau giroko saioak», adierazi du Iurramendik. Pixkanaka, baina, ari da aldatzen hori ere: pandemiatik hona, gutxitu egin dira bertso bazkari zein afariak, eta hori onerako izan da, Agirreren arabera: «Saio hegemonikoak hor egoten ziren askotan. Gizonezkoei lotuta dago umore hori, adore hori...». Bide beretik, gero eta emakume gehiago ari dira eremu horretan sartzen. «Lehen, halako saio informaletan bi emakumezkok abestea ia-ia anekdotikoa zen: Martxoak 8 edo Azaroak 25 bezalako datetan izaten zen. Orain, aurreneko aldiz ari gara ikusten bi emakumezko halako testuinguruetan, hautu librez, eta hori oso berri ona da», gaineratu du Iurramendik.

Gazteak indartsu

Generoaz gainera, beste zenbait zehar lerro aztertu ditu Bertsozale Elkarteak txostenean. Belaunaldiartekotasuna da arlo horietako bat. «Hau ere nahiko orekatuta dago», aurreratu du Iurramendik. Hamar urteko tarteetan antolatu dute azterketa: «Belaunaldi bakoitzak bere ekarpena egiten dio plazako errealitateari». Eta horren erakusgarri dira 20 urtetik beherakoen datuak: «Aurreneko aldiz, emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago dira adin tarte horretan. Beste belaunaldi guztietan ez da hala gertatzen». Gerora, baina, joera aldaketa bat egoten da, eta horietako askok albo batera uzten dute bertsolaritza: «Emakumezko asko ibili izan dira bertso eskoletan, baina plazara jauzi egiteko orduan, uzteko joera izaten dute horietako askok. Testuinguru aldaketa honek, agian, giroa ere aldatuko du, eta errazago egingo dute salto plazara».

Plazan dabilen bertsolari kopuruari dagokionez, %70 dira gizonezkoak eta %30 emakumezkoak, baina, abesteko orduan, orekatuta dago generoen arteko aldea, Iurramendiren hitzetan: «Emakumezko bertsolariak kopuruz gutxiago badira ere, saio gehiagotan abesten dute».

Lanean jarraitzeko gogoz

Pandemia garaian bizitako ziurgabetasunak «kalte handiak» ekarri zituen bertsolaritzara. Haren ondotik, baina, «loraldi betean» dago orain: «Bertso munduak indarberritzeko zer-nolako gaitasuna zuen ikusteko garaia izan da 2022. urtea. Behaketa lan handia egin dugu, eta balorazio oso ona egiten dugu, badirudielako bertso plazak bere ohiko dinamika berreskuratu duela».

Alabaina, badago lana egiteko, Agirreren hitzetan: «Badauzkagu premia batzuk, elkarrekin partekatu beharreko kontuak. Gizartearen isla bat da bertsolaritza, eta oraindik ere baditugu motxila batzuk eranzteko. Batzuek erdigunea hartu nahi duten bezala, beste batzuek ez dute hori utzi nahi. Ez dago barne borrokarik, baina inertzia, pribilegio eta ohitura batzuek hor jarraitzen dute». Hala ere, lan «asko» egiten ari dela gaineratu du Bilbaok: «Hutsuneak egon badaude, baina gutxinaka ari da egoera aldatzen».

Aurrera begira, beraz, Bertsozale Elkarteak generoen arteko oreka lortzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du Iurramendik: «Badirudi gizon-emakume proportzio hori orekatzen ari dela, baina datuak aletzen hasiz gero, berdintasuna urruti dago oraindik. Plazan abestean ez du gauza bera esan nahi gizonezkoa izan ala emakumezkoa izan». Dagoenarekin konformatzea da, haren ustez, egin daitekeen akatsik handiena: «Behaketa lan sakona egiten jarraitu behar dugu, datozen urteetako joerak ezagutzeko eta horietan eragiteko». Oro har, jendea gogoz antzematen du Iurramendik: «Garai gozoa bizi du bertsolaritzak, oso osasuntsu dago. Orain, gainera, uda dator, eta bertso saio dezente ari dira antolatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.