Ikus-entzunezko sei proiektuk jasoko dute Apikaren babesa

Ekoizle berriei babesa eta aholkularitza emango dizkiete. 'Behe klasekoak', 'El rompeolas', 'Irailak 27', 'Llamadme Khali', 'Opera' eta 'Sustraiak' lanak aukeratu dituzte.

Apika Audiovisual Project Lab programa aurkeztu dute gaur Hibridalab zentroan, Gasteizen. BERRIA
Apika Audiovisual Project Lab programa aurkeztu dute gaur Hibridalab zentroan, Gasteizen. BERRIA
edurne begiristain
2024ko maiatzaren 27a
14:57
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalei laguntza emateko asmoz sortu zuten, duela lau urte, Apika Audiovisual Project Lab. Egitasmoaren helburua da ekoizle berriei babesa eta aholkularitza ematea, hala gidoiaren behin betiko bertsioa eta proiektuen produkzioaren estrategia idazteko, nola proiektuaren aurkezpen egokia egiteko. Aurten laborategiak ikus-entzunezko 24 proiektu jaso ditu —film laburrak, animazioko eta fikziozko telesailak, film luzeak eta dokumentalak— eta, horietatik, seiri emango dizkie orientabidea eta aholkularitza.

Gaur eman dituzte aukeratutako proiektuen izenak Hibridalab zentroan, Gasteizen. Honako hauek dira sustatuko dituzten sei egitasmoak: Sergio Azkaratek zuzendutako Behe klasekoak (Ametza Films) eta Izaskun Arandiaren Irailak 27 (Izar Films) film dokumentalak; Leire Vazen El Rompeolas (Tantak Films), Beatriz de Silvaren Llamadme Khali eta Lander Castroren Sustraiak (La Katxarreria-Platanoboligrafo) fikziozko pelikulak, eta Angel Blascok zuzendutako Opera (Montjuic) seriea.

Maite Ruiz de Austri Apikako presidenteak azaldu du «talentu handiko» ekoizle, gidoilari eta zuzendarien lanak aurkeztu direla lehiaketara, eta aukeraturako sei proiektuek badutela nahikoa «heldutasun» laborategiaren babesa eta aholkularitza jasotzeko. «Sortzen ari diren talentuen kalitatea eta potentzialtasuna handia da, eta etorkizuna bermatzeko lan egingo dugu».  

Adituen aholkularitza

Aukeratutako lanek sustapen, marketin eta diseinu arloko mentoretzak jasoko dituzte hainbat adituren eskutik. Besteak beste, Miguel Machalski, Alicia Luna eta Marta Suarez gidoilariek hainbat saio gidatuko dituzte, eta Gloria Peña zinemagileak ekoizpenari lotutako aholkularitza emango die.

«Sortzen ari diren talentuen kalitatea eta potentzialtasuna handia da, eta horien etorkizuna bermatzeko lan egingo dugu».

MAITE RUIZ DE AUSTRIApikako presidentea

Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesa du Apika laborategiaren programak. Orain arte antolatutako programetan ere lan ugarik jaso dute laborategiaren laguntza eta aholkularitza; haietako batzuk jada estreinatu dituzte —Begoña Zubiaren Erresistente dokumentala, esaterako—, eta beste batzuk aurten dira estreinatzekoak —Lara Izagirreren Yerma, David Perez Sañudoren Sacamantecas eta Paul Urkijoren Gaua Gauekoentzat filmak, besteak beste—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.