Ikus-entzunezko eta publizitate arloetan dago langile eta diru gehien

Jaurlaritzak kultura industriaren eta sormen industriaren inguruko txosten estatistiko bat argitaratu du. Euskarazko produkzio gutxien duen arloa ikus-entzunezkoena da

Ane Eslava.
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
6.834 lagunek egiten dute lan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultur eta sormen industrietan, eta 762 milioi euroko diru sarrerak sortzen dituzte urtean. Hori erakutsi du kultura eta sormen industrien inguruan Kulturaren Euskal Behatokiak egin duen ikerketa estatistikoak. Atzo aurkeztu zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Joxean Muñoz Kultura sailburuordearekin batera, eta ekonomiaren ikuspegitik kultura eta sormen sektoreek duten garrantzia nabarmendu zuen. Ikerlanak erakutsi du ikus-entzunezkoen eta publizitatearen industriek dutela pisurik handiena, sarreretan eta lanpostuetan. Euskararen eta emakumeen tokia gorabeheratsua da sektoreka .

Txostenak bi atal ditu; horietako batean arte eta kultura industriak aztertu dituzte; zehazki, arte eszenikoak, arte bisualak, musika, liburua eta ikus-entzunezkoak aztertu ditu atal horrek, arlo publikoari zein pribatuari begiratuta, eta 637 eragileren inguruko datuak bilduta, 2017koak. Bigarrenean, sormen industriei erreparatu diete, lehen aldiz. Arkitektura, diseinua, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea eta bideo jokoen sektoreak aztertu dituzte, eta 419 eragileren inguruko informazioa bildu dute.

Datuen arabera, arte eta kultura industrien 2017ko diru sarrerak 407,5 milioi eurokoak izan ziren, eta gastuak 398,6 milioikoak; sormen industriek, berriz, 354,5 milioi euroko sarrera izan zuten, eta 311,6 milioiko gastua. Sektore guztiei begiratuta, ikus-entzunezkoena da sarrera handienak dituena: 178 milioi sortu ditu aztertutako urtean, eta horien %64,5 arlo publikotik heldu zaizkio. Haren atzetik dago publizitatea, 158,5 milioi eurorekin.

Lanpostuei dagokienez, arte eta kultura industrian 2.936 langile daude, ia erdiak ikus-entzunezkoetan; sormen industrietan, berriz, 3.898 —%38,6 publizitatean, eta %29,5 hizkuntzaren industrietan—. Bestalde, arte eta kultura industrian nahiz sormen industrian eragile gutxi batzuek irabazi handiak pilatzen dituzte: % 20k hartzen dituzte sektore bakoitzaren diru sarreren %70-90, liburu denda eta kontzertu aretoetan izan ezik.

Euskaran desorekak

Euskararen tokia gorabeheratsua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultura eta sormen industrietan. Pisurik handiena duen sektorean, ikus-entzunezkoetan, oso espazio txikia du: 2017an lanen %19,9 besterik ez zen ekoitzi euskaraz—EiTB aintzat hartuz gero, kopurua pixka bat handiagoa da: %29,8—. Erdara hutsezkoak dira, berriz, erdiak baino gehiago: %54,5. Gainera, 2015eko datuekin alderatuta, jaitsiera bat egon zen 2017an; orduan, %39,8ko pisua zuten euskarazko ekoizpenek. Lurraldeen arteko ezberdintasunak ere aipatzekoak dira: Araban ekoizten den guztiaren %80 da euskaraz; Gipuzkoan ekoizten denaren %60; eta Bizkaian da txikiena euskarazko ekoizpena, produkzio osoaren %20 baino ez. Zineman, azkenik, ia ez da euskararik entzuten: filmen %3 besterik ez dute euskaraz ematen; %70 areto pribatuetan.

Beste zenbait sektoretan presentzia handiagoa du euskarak: disko ekoizpenaren ia hiru laurden, eta antzerki eta liburu produkzioaren erdia baino gehiago euskarazkoa da. Arte eszenikoen kasuan, batez ere areto txiki eta ertainetan programatzen dituzte euskarazko lanak: txikietan, hamar emanalditik lau, eta, ertainetan, ia zazpi. Lurraldeka aztertuta, Gipuzkoak du programazioaren erdia, Arabak % 28,7, eta hemen ere Bizkaiak du kopururik txikiena: %25,3.

Liburugintzan diru sarrera handienak dituzten enpresek argitaratu dute euskaraz gehien: ekoizpen erdia baino gehiago. Zehazki, milioi eurotik gorako irabaziak dituztenen euskarazko lanek %86,8ko pisua dute sektorearen euskarazko ekoizpen guztian.

Andrerik ez goi karguetan

Generoari erreparatuta ere ezberdintasunak daude sektoreen artean. Arte eta kultura industrian, emakume eta gizonen kopuruak nahiko orekatuta daude; sektore guztietan %48-%56 artean dira andrazkoak, ikus-entzunezkoetan izan ezik, zeinetan %41,2 baitira. Halere, emakumeak kudeaketa eta administrazio lanpostuetan daude gehienbat; zuzendaritza postuetan eta profil teknikoetan, berriz, gutxiago dira.

Sormen industriako sektoreetako batzuetan nabarmena da emakumeen pisua: modan % 72,7 dira; hizkuntzaren industrian, %67,5 eta publizitatean, % 56,8. Baina diseinuaren eta arkitekturaren kasuan andreak ez dira langileen erdira heltzen, eta, azkenik, desorekarik handiena bideo jokoen sektorean dago: ez dira hamar lanpostuetatik hiru betetzera iristen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.