«Jendeak berriro fedea izan beharko luke Azkena Rocken». Iazko jaialdiaren atarian Alfonso Santiago LT Last Tour enpresa antolatzaileko arduradunak aipatutako hitzak dira. Agertokian eskaintza erakargarria aurkezteaz gain, aurreko bi urteetan izandako gorabeherak, desagerpen zurrumurruak eta, bereziki, zaleekin izandako komunikazio eskasa konpontzea zen erronka. Gehienak betetzea lortu du antolakuntzak, ñabardura batzuekin.
Hasteko, komunikazioa. Joanden urteko urrian aurtengo jaialdiaren egunak eta lehen artistak iragarri zituen ARFk. Sekula baino lehenago izan da. Horrek, behintzat, publikoari konfiantza eman dio, eta prestakuntzak garaiz egitea ahalbidetu du. Zaleek asko estimatu duten aldaketa da.
Bigarrenik, talde nagusia. Mendizabalako agertokian izango dira, azkenik, ZZ Top. ARF egitenhasi zenetik urtero egon dira kinieletan. Rockari erabat emanda dagoen jaialdi batean berezko lekua du blues rock talde ikonikoak. Iragarpena joan den azaroan ezagutarazteak ere publikoa fidelizatzeko balio izan du. Billy Gibbons, Frank Beard eta Dusty Hill besapean disko berririk gabe datoz Gasteizera, baina 45 urtean pilatutako klasiko bilduma aski arrazoi da Mendizabalako gunean ikusmin handia pizteko. Kontzertu nagusia eskainiko dute bihar gauean.
Antolakuntzak zaindu duen beste alderdi bat izan da jarraitzaileekiko harremana. Talde askoren iragarpen gutxi egin ordez, maiztasun handiz jakinarazi ditu izenak. Publikoak jaialdian arreta jartzeko balio izan dio estrategiak, bereziki sare sozialen erabilerarekin lortu duena.
Informazioa egoki emateak aurreko garaietako arazo batzuk konpondu ditu, baina hor izan dira kontu ilunagoak ere. Larunbateko talde nagusiaren iragarpenarekin gertatu dena, kasurako. Mastodon buru izango du bigarren jardunaldiak, baina AEBetako metal taldea nagusi gisa iragarri ez izanak berriro ere zurrumurruak piztu ditu, eta akaso izen handiagoren bat etor zitekeen itxaropen ugari zapuztu.
Musikari soilik erreparatuta, ziur aski, Mendizabalako agertokian izan den talde nagusi gogorrena da Mastodon. Antolakuntzak rock musika ulertzeko duen kontzeptu zabalaren barruan ere ulergarria da apustua. Azken hogei urteotan sortu diren metal taldeen artean, Mastodonek merezitako ospea lortu du, soinuak eta abestiak lantzeko modu propio eta sendo bat erakutsita. Horren lekuko da, esaterako, Once More 'Round The Sun azken diskoak izandako harrera ona: lehen astean, AEBetan gehien saldutakodiskoetan seigarrena ere izan zen. Onenak joanda ziren talde asko pasatu dira Mendizabalatik, baina ukaezina da Mastodonen unea orain gertatzen ari dela.
Aurten, aukeratu behar
Iazko bi talde nagusiak —Blondie eta Scorpions— aukeratzeanizandako polemikaren ondoren, ZZ Top-Mastodon bikotea epaitzea dagokie ikusleei. Hori bai, biak beste 25 artista eta banda dituen egitarau zabalago eta osoago baten lehen zutabeak baino ez dira. Kalitatezkoak diren eta inguru hurbilean erraz ikustekoak ez diren taldeak egotea izan da beti ARFren indargunea.
Jaialdiaren diseinuan ere moldaketak egitea erabaki du LTk. Aldaketak aldaketa, normalean posible izan da, nahi izanez gero, talde guztien emanaldiak ikusi eta entzutea. Hots, talde bat amaitu bezain pronto hasten zen hurrengo emanaldia bigarren agertokian. Izan da aurretik ere hirugarren agertoki bat, baina aurten bigarren eta hirugarren agertokietan ariko diren taldeen maila antzekoa izango da, kasu gehienetan. Bi agertoki horietan aldi berean bi emanaldi izango dira. Aukeratu beharko da zer lehenetsi; azken finean, sarri ikusleari mingarria izango zaion erabakia.
Rockaren munduan ikusmin handia piztu duen itzulera baten lekuko izango da Mendizabalako publikoa. L7 kaliforniarrak berriro elkartu dira, Donita Sparks buru, eta hasieratik izan zituzten lau musikariekin.
Dokumental baten grabazioak berriro elkartu ditu taldekideak, 2001. urtean uztea erabaki zutenetik lehen aldiz. Sintonia berriro lortuta, errepidera ateratzea erabaki dute. Bira joan den maiatzaren 28an abiatu zuten, eta Gasteiz izango da L7ren lehen geltokietako bat. 1990eko hamarkadan Bricks are heavy eta antzeko diskoekin zuten indarrari eutsi izana espero dute zaleek.
L7 ez da Azkenatik pasatuko den itzulera bakarra. Bueltan dauden beste bi banda ere badira egitarauan. Australiatik datoz The Dubrovniks, agertokiak utzi eta hogei urtera. Hodoo Gurus edo Beasts of Bourbon taldeetan aritutako musikariak dira.
Metal eskaintza oparoa
Bolo-bolo dabilen beste eztabaida bat da jaialdiaren metalizazioari buruzkoa da. Hots, ARF rock molde klasikotik aldendu eta metalera hurbiltzen ari den edo ez. Aurten, behintzat, soinu gogorren eskaintza oparoa dago, eta gehienak larunbatean pilatu dira, Mastodonekin batera. Hori bai, talde beteranoetara jo ordez, uneotan metal esparruan indartsu dabiltzan talde berriagoetara jo du jaialdiak. Horiek dira Red Fang edo Kvelertak. Norvegiatik datoz, eta norvegieraz abesten dute Kvelertak taldekoek. Bigarren diskoa, Meir izenekoa, estiloko azken harribitxietako bat da. Soinu gogorren eskaintza hori osatzen du Offtaldeak. Talde ezagunetan ari diren lau musikariren hardcore punk proiektua da Off: Circle Jerks eta Black Flageko abeslari Keith Morris, Redd Krosseko baxu jotzaile Chris McDonald, Burning Brideseko gitarra Dmitri Coats, eta Rocket From The Crypt taldeko bateria Mario Rubalcaba. Bi minutu baino gutxiagoko abesti gordin eta azkarrak dituzte eskaintzeko.
Ibilbide luzeagoak dituzten talde ugari dira egitarauan. Beteranoen lekua Television bandak beteko du. 1977. urteko Marquee Moon disko ezaguna osorik joko dute Mendizabalan Tom Verlainek eta haren mutilek. Duela hamar urte ere izan ziren Gasteizen, ordu diskretu batean. Orain, agertoki nagusian ariko dira, azken urteotan euren eraginari buruzko kondaira handitu izanak justifikatuta, antza.
Gasteizera itzuliko dira Cracker rock alternatiboko taldea, bai eta Wovenhand ere. David Eugene Edwardsen proiektuak folk alternatibo ilun eta hipnotikoa eskainiko du, larunbateko jardunaldian jaialdia ixteko. Lehen bisitaldia izango da, berriz, Black Mountain rock psikodelikoa egiten duen Kanadako taldearentzat.
Hirigunean ere, emanaldiak
Rockaren alderik ludikoena ere ordezkatuta egongo da ARFn. JD McPherson, Eagles of Death Metal, edo Reigning Sound taldeak saiatuko dira ikusleak mugitzen.
Jaialdiak berreskuratu du galduta zeukan beste ohitura bat. Ostiralean zein larunbatean doako kontzertuak eskainiko ditu Andre Maria Zuriaren plazan. Nico Duportal ariko da bihar, eta Sven Hammond, etzi. Eguraldiak laguntzea baino ez da falta.
Ikonoen eskutik indarberrituta
Bihartik hasita, bi egunez musika zaleen biltoki eta taldeen erakusleiho bihurtuko da Azkena Rock.ZZ Top da izen handiena, jaialdiko publikoaren aspaldiko eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu