Mikel Laboa ikonoklastiaren eredutzat har zitekeen 60ko eta 70eko hamarkadetan, Juan Gorostidi idazlearentzat. «Baina 80koan bihurtu genuen ikono. Orduan jo zuen goia». Gerokoak, bai artistaren inguruak eta baita jarraitzaileek eskatuta ere, «revival kutsu bat» bat izan zuen. «Mito bihurtu genuen pertsona baten emaitza izan zen ondorengoa». Gorostidiren ustez, ordea, kantariak jarraitu zuen sentitzen amildegi batean zegoela agertokira igotzen zen aldiro. «Laboa zen denetan urduriena, eta gu lasai gintezen egiten zituen imintzio haiek, eta mugitzen zen modu horretan». Ondorio hori atera du Gorostidik, Lau kantari (Pamiela, 2011) liburuaren egileak, eta atzo Hegazti errari bat pausatu da gure leihoan: Mikel Laboa agertokian hitzaldia eman zuen Mikel Laboa katedrak antolatutako jardunaldien barruan.
Eta hasi zuen hitzaldia Joseba Sarrionandiak idatzi eta Laboak musikatutako Hegazti errariak kantua (14, Elkar, 1994) Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian ozen jarriz. «Hegazti errariak pausatu dira leihoan / argia eta itzala bereizten diren lekuan», dio abestiak. Hitzek deskribatzen duten leihoa muga, agertokia bera bezalaxe, muga bat da, Gorostidiren iritziz. «Mugak ez dira bat, edo bi... Edo, agian, muga bakarra dago, baina modu askotan gorpuzten da». Eta muga horretara «zama bat gainean» hartuta heltzen da artistak. «Artistak gizatasunaren zein esparru lantzen du?».
Hil baino ia hiru hamarkada lehenago gainditu zuen Laboak artista mitotik bereizten duen muga. Idazlearen aburuz, badirudi ezinbestekoa izaten dela artista maitatuak mito bihurtzea hiltzen direnean. «Mausoleoak egin zaleak gara. Tira, gai korapilatsua da. Artea hilerrira eramatea saihestu daiteke?». Pentsatzen du Gorostidik baietz, neurri batean saihets daitekeela, baina horretarako, sormen iturria modu ahalik eta garbienean aztertu beharko lukeela herritarrak.
Ikonoklastiari aurrez aurre begiratu behar zaiola iruditzen zaio, baina mitifikatutako aro edo artista bat goratzen denean horri «estalki bat» jartzen zaiola irizten dio. «Eta horrek zaildu egiten du irakurketa kritikoa». Gainera, uste du mitifikazioa ez dela egiten bikaintasuna ardatz gisa hartuta, «kontsolagarria den moduan» berdinketaren irizpidea erabilita baizik.
Harrigarritzat dauka, aldi berean, Euskal Herrian «xuxurla kantuak» ereserki aldarrikatzaile bihurtzeko dagoen joera. Adibidez moduan, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean eta Laboaren beraren Txoria txori aipatu zituen Gorostidik.
Abesti hori 1974an kaleratutako Bat-Hiru (Herri gogoa / Edigsa) diskokoa da. Artistak bera ikono bihurtzera eramango zuen bidea hartuta zeukan. 80ko hamarkadaren hasieran eten bat egin zuen osasun arazoengatik, eta hamarraldi horren erdialdean «aro berri bati» ekin zion, Gorostidiren aburuz. «6 diskoa da (Elkar, 1985) horren isla. Ordurako eskainia zuen eskaini beharreko guztia».
Dena dela, artistak, mugimenduak edo garaiak mitifikatzerako orduan, urte batzuk lehenago gertatutakoa laudorioz betetzeko joera bat bada gizartean, idazlearen iritziz. «Gaur egun 80ko hamarkadarekin gertatzen da. Esaten da: 'orduan bai sorkuntza'. 60ko hamarkadan gertatu zenarekin antzeko zerbait egiten zen urte batzuk geroago».
«Barne zentsura»
Hartara, Ez Dok Amairu jarri zuen adibide gisa. 1966 eta 1972 artean iraun zuen mugimenduak, eta «inplosio» baten ondoren, «arrakastaren puntan» zegoenean desagertu zen. «Baina ez da pentsatu behar inplosio hori kasualitatez gertatu zenik. Barne zentsura bat izan zen, eta oraindik ere arrazoiak ez daude argi». Halere, iruditzen zaio «esku hartze sektario bat» egon zela, hori ondorioztatu daitekeela. «Arrakasta geroz eta handiagoa zen, eta mugimendu politiko batekin lotu ez zedin...». Gorostidik uste baitu arteak marraztu beharreko bidea guztiz kontrakoa dela: «Artea izateko, bere terminoetan definitu behar du». Laboaz pentsatzen du, hain zuzen, haren heldutasunera heldu zela taldea [Ez Dok Amairu] desegin zenean.
Baina heldutasunera iritsita ere, askatasun handiagoa izanagatik ere, kantariak, jendearen aurrean jartzen denean, aurre egin behar dio bere bitartekaritza lanari, Gorostidik dioenez. «Eta lan hori arrakastaz betetzen badu, mito bihurtzeko eta bere ekarpenak estereotipatzeko arriskua dauka artistak».
Zaila zen, ordea, Laboa estereotipatzea, nahiz eta lana arrakastaz bete; nahiz eta agertokian irudi bera transmititu beti. Zutik, hanka bat aulkian jarrita, eta begiak zabalik, gora begira. «Baina haren barrura begiratzen ari zen, zorabio bat sentitzen zuelako». Horregatik dantza urduriak, imintzioak, ahopeka kantatutako doinuak eta beste. «Ez zekielako zer egin amildegiaren aurrean; Sarrionandiaren hitzetako leihoa ez baitzen atseden toki bat». Mitoaren amildegia baizik.
Ikono bat izanda ere, amildegian
Laboak 80ko hamarkadaren erdialderako eskaini beharrekoa eskainia zuela uste du Juan Gorostidi idazleak, eta gerokoak mito baten «'revival' kutsua» izan zuela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu