Ikertzeko balio duten distantziak

Iruñeko XVI. Ikuspuntu jaialdia martxoaren 14tik 19ra izanen da. Sail Ofizialean hamazazpi herrialdetako 21 film izango dira lehian. Lan eta Desbordamientos sail berriak ere badira

Manuel Asin Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa, Baluarteko atarian, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Hurbiltasunaren eta urruntasunaren ideiak lantzea erabaki dute aurten Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiaren antolatzaileek. Metafora batekin azaldu du hori Manuel Asin jaialdiko zuzendari artistikoak: «Teleskopioarekin urruntzen gara, eta mikroskopioarekin hurbildu; biek, zinemak gisa, ikertzeko aukera ematen digute. Plano orokorrek, plano laburrek eta horien arteko trantsizioek ikerketa, ezagutza, emozioak eta hausnarketak bultzatzen dituzte». Asinek atzo aurkeztu zituen jaialdiaren nondik norakoak, Iñaki Apeztegia Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilariarekin eta Teresa Morales de Alava jaialdiko zuzendari exekutiboarekin batera, Iruñeko Baluarteko auditoriumean, jaialdiaren egoitza nagusian.

Martxoaren 14an hasiko da festibalaren XVI. aldia, eta Ione Atenearen Los caballos mueren al amanecer filmak emanen dio hasiera. Lanaren erabateko estreinaldia izanen da. «Filmak transmititzen duen energiagatik aukeratu dugu; oso energia positiboa du, eta, aldi berean, apur bat malenkoniatsua da. Gainera, nafarra da», azaldu du Asinek. Filmaren zuzendaria hilda dauden pertsona batzuen etxean sartzen da, eta han dauden objektuetan jartzen du arreta; hau da, objektu horietan dauden bizipenak eta esperientziak biltzen ditu.

Atenearenaz gain, hamazazpi herrialde baino gehiagotako beste hogei film izango dira Sail Ofizialean, zeintzuetatik hemezortzi lehiatuko diren. Horietatik, bakarra izanen da euskaraz: hain zuzen ere, Arantza Santestebanen 918 Gau. Zuzendariak kartzelan igarotako gauak biltzen ditu filmak, baita horren osteko gorabeherak ere. Beste hainbat zuzendariren lanak ere izango dira lehian: hala nola Yuri Moraoka, Laure Portier, Shireen Seno, Vica Kirchenbauer eta Javier Codesal zuzendarienak.

Sail Ofizialaz gain, beste zortzi ataletan banatu dituzte jaialdiko filmak: Atzera Begirakoak, Dokbizia, Ikuspuntu Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak, Hezkuntza Programa, Lan eta Desbordamientos. Azkeneko biak berriak dira. Lan izeneko sailean sormen prozesuen eta produkzioaren inguruko ekintzak egingo dituzte. Desbordamientos sailean zinema dokumentala eta bestelako hausnarketa eta gauza artistikoak landuko dituzte.

Gazteak protagonista

Ikuspuntuko zuzendari artistikoaren arabera, film batzuek ikusleak «harrituko» dituzte; esate baterako, Javier Codesalen Evangelio mayor lanak Sail Ofizialean erakutsiko dute. «LGTBI pertsonentzako Madrilgo zahar egoitza batean grabatuta dago», azaldu du Asinek. Filmean, adinekoak diren sexu genero disidenteen gorputzetan eta bizipenetan jartzen du arreta zuzendariak.

Hezkuntza programa joan den urtean egindako berrikuntzetako bat da, eta Asinek azaldu du haurrek eta gazteek kontsumitzaile izateari utzi eta protagonista izaten hastea duela helburu: «Haurrak eta gazteak etorkizuneko ikusleak dira, eta hausnarketaren eta programazioaren bidez protagonista izatea eta jaialdia barrutik bizitzea nahi dugu, baita harreman berriak erein ere». Horretarako, Gazte programatzaileak izeneko jarduera berri bat antolatu dute. Helburua zera da, 15 eta 19 urte bitarteko hamabost gazteren artean film bat programatzea eta jaialdian aurkeztea. Apeztegiaren arabera, proiektua «transbertsala» da, eta jaialdiaren «nukleoa» ere bai. Horrez gain, azpimarratu du gutxika hazten ari dela.

Nira Burstein zinemagileak emanen dio amaiera jaialdiari, Charm Circle filmarekin. Bursteinen familiaren nondik norakoak kontatzen ditu lanak. «Zuzendariaren familiaren egunerokotasunean zentratzen da, eta horrek denongan eragiten du, bai hurbiltasunagatik eta baita edozein familiaren izaera eta xarma islatzen dituelako ere». Lan hori, Los caballos mueren al amanecer eta Kazuo Hararen Minamata Mandala lehiatik at emanen dituzte. Harak zuzendutako filma sei orduko dokumental bat da, eta luzeragatik utzi dute lehiaz kanpo. Japoniarrek merkurioaren ondorioz jasandako kalteak irudietan bildu ditu zuzendariak.

Estereoskopia izeneko hiru argazkik irudikatzen dute aurtengo jaialdia. Nafarroako zenbait erreka islatzen dituzte: hala nola Arga ibaia. «Dimentsioekin jolastu nahi izan dugu, zinemaren, hau da, mugimenduaren dimentsiora hurbiltzeko». Argazkien sakontasunarekin jolastuz, bi plano irudikatu dituzte, eta plano horiek mugimendua sorrarazten dute.

Aurrez aurreko jaialdia

Asin zinema programatzailea, editorea, irakaslea eta idazlea da, eta zuzendaritza artistikoaren lekukoa hartu du aurten. Haren aurretik hauek izan ziren zuzendariak: Carlos Mugiro, Ana Herrera, Josetxo Cerdan, Oskar Alegria eta Garbiñe Ortega. Asinek nabarmendu du «ardura handia» dela eta «ilusioz» hartu duela lana: «Jendearen laguntzaz, urtez urte ikasten joango naiz». Horrez gain, jaialdiari egingo dizkion ekarpenak azaldu ditu: «Begiradan arreta jarri nahi nuen; urrutiko eta hurbileko begiradan. Gainerako antolatzaileek asko babestu zuten proposamena».

COVID-19ak Ikuspuntu jaialdian izan ditzakeen eraginez ere mintzatu ziren antolatzaileak. Aurrez aurreko formatua lehenetsiko dutela azpimarratu zuten. Jaialdia martxoan izango denez, orduan indarrean egonen diren neurrien arabera jokatuko dutela ere nabarmendu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.