Juantxo Agirre Mauleon. Aranzadiko idazkari nagusia

«Ikerlarien iniziatibaz ikertu da erromatarren aurreko milurtekoa»

Irulegiko Eskuak argitara atera du Aranzadik arkeologian egiten duen lana, eta gutxi ikertutako sasoi bat ere bai: Burdin Aroa. Askotan baliabide gutxirekin garatzen dituzte proiektu horiek, baina auzolanean eta ilusioz.

JON URBE / FOKU.
mikel p ansa
Donostia
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Eskuko telefonoari lotuta eta gelditu gabe dabil egunotan Juantxo Agirre Mauleon (Tolosa, Gipuzkoa, 1965), Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusia. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak, poza ez ezik, lanordu gehigarri batzuk ere ekarri dizkio Aranzadiko lantaldeari. Bilera, bidaia eta telefono deien artean, tarte bat hartu du arkeologiaren alorrean egiten duten lana xeheago azaltzeko.

Arkeologiaren arloan lanaren parte bat egiten duzue boluntarioekin, gazteekin batez ere.

Aranzadik betidanik egin ditu indusketa lanak, Euskal Herri osoan: kobazuloetan, trikuharrietan, Burdin Aroko herrixketan, Erdi Aroko gazteluetan... Gazteentzako auzolan arkeologikoak kultura zientifikoa zabaltzeko erreferentziazko eredu bat dira. Horrela egin dira Anoetako Basagainen [Gipuzkoa], Aizkorriko San Adrianen... Leku askotan. EHUrekin eta UEUrekin beti egin dugu lan, eta Nafarroan 2016an egin genuen euskarazko lehen indusketa, Amaiurko gazteluan [Nafarroa]. Irulegikoa ere horietako bat izan da.

Zer egiten dute gazteek indusketa horietan?

Sei orduko lan saioak egiten dituzte, lurra arakatzen. Kobazuloetan, bost zentimetroko lurrazaletan egiten da. Aztarnategiak berriagoak baldin badira, lur gehiago mugitzen da. Erromatar aztarnategi batean, adibidez Zalduan, Aurizberri eta Auritz artean [Nafarroa], paretak agertzeko, aitzurrak erabiltzen dira, eta, zerbait interesgarria ateratzen bada, tresna txikiagoak erabiltzen dira. Beste batzuk estazio topografikoekin neurriak hartzen aritzen dira, eta beste batzuk, materiala garbitzen eta sailkatzen. Lan hori aire zabalean egiten da, eta hor sortzen da gure historiaren inguruko zaletasuna.

Garrantzia ematen diozue gazteekin boluntariotza hori egiteari, beraz?

Inportantea da, zeren haien artean harremanak sortzen baitira, eta ondare hori dagoen herriko gazteekin ere bai. Lotzen dira aisialdia, lana, zientziazaletasuna, historiazaletasuna.... Eta hor dator beste ezaugarri bat: tokiko komunitateekin dugun elkarlana ezinbestekoa da, kultura suspertzeko eta kalekoak diren gazte horiek ikasteko zer balio, zer kultura, zer paisaia dauden herri txikietan.

Izan ere, halako ondare elementuak herri txikietan daude maiz.

Herri txiki horietan ondare handiak dituzte, baina ez dituzte baliabideak. Zergatik auzolana? Horregatik ere bai: ez dagoelako dirurik.

Udako kanpainak motzak dira...

Bizpahiru aste irauten dute, edo, diru gehiago dutenetan, hilabete bat. Horrek esan nahi du, adibidez, Arrasateko Lezetxikiko [Gipuzkoa] kobazuloko indusketa arkeologikoak 22 urte iraun duela; 22 urte, labana batekin, lurra kentzen. Hori modu profesionalean egiten bada, posible da denbora gutxiagoan egitea; bi urtean, adibidez: hamabost pertsona, profesionalak, egunean zortzi orduz, hitzarmen batekin... Baina, oraingoz, halakorik ez dago.

Ez da halako apusturik egiten?

Aparteko adibide bat izan dugu Bilboko Udalarekin, baliabide guztiak jarri dituelako Begoñako hilerria aztertzeko, eta horretarako campus unibertsitario bat egiteko. Begoñako Argia proiektua eredugarria izan da: hamasei gazte lanean aritu dira ia urte oso batez, eta uztartu da kanpoko unibertsitateetatik praktiketara etorritako gazteekin. Horregatik, urte batean, azterketa guztiak egin ditugu, eta erkidegoko gerra zibileko hilobi handiena azaldu da, gerra karlistako beste bi hilobi oso handiak, eta gorpu guztiak aztertu dira. Eta, gainera, aberasgarria izan da gazteentzat ere, haien lan curriculumarentzat. Aukera paregabea izan da, hori da amesten duguna, baina nik ez dut horrelako beste adibiderik ezagutu.

Baliabide gehiago jarri beharko lirateke?

Gure gizarteak aurrerapen azkarragoak nahi baditu gure iragana aztertzeko, gizarteak baliabide ekonomikoak jarri beharko ditu. Baina beti auzolanaren espirituarekin eta ardatz; balio horiek bultzatu behar dira.

Eta, formazioari dagokionez, nola dago arkeologia?

EHUn badaude bi departamentu, eta NUPen sortu berria dute adar bat. Badago arkeologiarako oinarri nahiko zabala, eta Gasteizko fakultatea toki aparta da ikasteko. Pena ematen digu ikusteak ez dagoela master bat arkeologiaren edo historiaurrearen edo geologiaren inguruan. Beharrezkoa ikusten dut arlo horri buruzko master bat Euskal Herrian; eta euskaraz bada, hobeto.

Eta ikerketaren esparruan?

Eusko Jaurlaritzak eta EHUk doktorego tesiak egiteko ematen dituzten laguntzak ezinbestekoak dira. Horiei esker, Irulegiko eta Zalduako ikerketak, geofisika arloko tesiak... garatu dira, eta garatzen ari dira, pertsona batek hiru-lau urtez landa egiteko aukera daukalako horiekin. Ez landa lana bakarrik: aurreko indusketetatik ateratako materialak berraztertzen ari dira sakonki. Urteotan garatu diren teknologiekin, adibidez, zeramika zati bati atera diezaiokezu zer produktu zeukan barruan. Lehen, ezinezkoa zen. Eta, geofisikari esker, aztarnategien aurrean estrategiak planteatu ditzakegu orain, indusketa arrakastatsua izateko.

Irulegiko Eskuak fokupera ekarri du Burdin Aroa, baina aro hori ikertzeko nahikoa egin da?

Euskal Herriko lurraldeetan erromatarrak etorri aurreko milurtekoan zer gertatu zen jakiteko, ikerketak egin dira, baina beti izan da ikerlariaren iniziatiba indibiduala [Jacques Blot, Xabier Peñalver, Sonia San Jose, Karlos Olaetxea, Manu Zeberio, Armando Llanos eta Javier Armendarizen ekarpenak ekarri ditu gogora]. Ez da egiten politika publiko bat arkeologiaren ikerketarako, orain memoria historikorako egiten ari den bezala. Diru laguntzak ateratzen dira, eta arkeologoak aurkezten dira, beren zaletasunen arabera. Horregatik, gauzak motel samar joaten dira. Ez dago ikerlari asko ere: orain, Ipar Euskal Herrian ez dago bat bera ere; Nafarroan, hiru ari dira; Gipuzkoan, beste hiru... Dozena bat ikerlari baino gehiago ez ditugu, gai horretan ari direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.