Euskararen eta iberieraren arteko harremanari buruzko ikerketa bat ondu du Joan Ferrer i Jane epigrafista eta Bartzelonako Unibertsitateko Littera taldeko kideak, eta X sare sozialean eman du haren berri. Bi hizkuntza horien arteko lotura badela frogatu nahi izan du ikerketaren bidez. Ogei (20): una possible marca lèxica de capacitat ibèrica expressada en àmfores, sobre un dolium de Ruscino (Perpinyà)izena du lanak (Ogei (20): anforatan adierazitako neurri iberiarraren marka lexikal posible bat Ruscinoko (Perpinya) dolium batean), eta, 2022an idatzi bazuen ere, orain gutxi eman du argitara. Ikerlariak iberieraren eta euskararen arteko paralelismoak aztertu ditu bi hizkuntzen zenbaki sistemak alderatuta, eta, BERRIAri azaldu dionez, bere ondorio nagusia da iberierak eta euskarak «sustrai» bera izan dezaketela, hau da, ama hizkuntza berean izan dezaketela jatorria.
Ja ha sortit el treball del 2022 (#DoliaexHispania) sobre el dolium de Ruscino amb el text ibèric ogei, que indica la capacitat en àmfores, cosa que es pot validar gràcies a les marques llatines i confirma la relació amb el numeral basc (h)ogei (20). https://t.co/XOTtCj85qj
— Joan Ferrer i Jané (@joanferrerijane) February 16, 2025
1/10 pic.twitter.com/RHvbxv3YJP
Iberiera K.a. I. mende inguruan desagertu zen, baina epigrafia iberiarraren bidez dokumentatua dago. Euskarak, berriz, bizirik iraun du gaur arte, eta hizkuntzalari batzuen hipotesia da iberierarekin lotura izan zezakeela. Eduardo Orduña filologoak 2004. urtean egin zuen iberierazko eta euskarazko zenbaki sistemaren arteko antzekotasunei buruzko lehen proposamena, eta lan horretan sakonduta ondu du ikerlana orain Ferrerek. Eta biek ala biek ondorioztatu dute badela «ahaidetasuna» bi hizkuntzen artean. Ferrerek dioenez, iberieraren eta euskararen arteko harremana lexikoan ez ezik gramatikan eta idazkeran ere antzeman daiteke.
Ikerlariak iberiar hizkuntzaren zenbakizko sistema ikertu du bere lanean. Horretarako, Ruscino hirian (Perpinya, Herrialde Katalanak) 1988an egindako indusketetan aurkitutako dolium edo buztinezko ontzi bateko inskripzioa aztertu du. III. mendearen amaierakoa edo II. mendearen hasierakoa da grafitoa, eta bertan, beste zenbaki batzuen artean, ogei hitza ageri da; ikerlariaren ustez, hitz hori dolium-en edukiera edo kantitatea adierazteko erabiltzen zen. Ontzien edukiera batez beste 26 litro inguruko amphorae quadrantales unitatekoa zela kontuan hartuta, orgei/ogei hitzak 20 amphorae esan nahi duela uste du egileak. «Ogei zenbaki iberiarraren balioa euskarazko hogeiren antzekoa da, eta zenbaki konposatuak osatzeko erabiltzen da: orgeirur (23), orgeikelaur (24), orgeiabar (30)», azaldu dio BERRIAri. Indusketa horretan eta beste batzuetan edukiera txikiagoko dolium-ak topatu dituzte, eta hori baliagarria izan da ziurtatzeko Perpinyan topatutakoa 20 amphorae-koa dela.
Edukiera neurtzeko sistema oso baten parte da ogei hitza, ikerlariak azpimarratu duenez. Izan ere, irur (hiru), laur (lau), sei (sei), sorse (zortzi) eta abar (amar) zenbakiak ere aurkitu zituzten ontzien grafitoetan.
Ikerlari katalanak gogoratu du ontzietan ez ezik iberiar txanponetan ere topatu dituztela euskararekin harremana duten hitz batzuk. Esaterako, Untikeskeneko txanpon etxean ekoitzi ziren txanponetan (K.a. II. mende inguruan), ban (bat), erder (erdi) eta serkir (seiko) hitzak aurkitu zituzten. Ferreren ustez, horrek are pisu handiagoa ematen dio bi hizkuntzen arteko loturaren hipotesiari.
Ikerlariak azpimarratu du iberieraren eta euskararen arteko harremana ez dela «kasualitatea»; kontrara, ahaidetutako hizkuntzak dira, eta ama hizkuntza beretik datoz. Horrenbestez, uste du ikerketak aukera ematen duela bi hizkuntzen arteko antzekotasun gehiago aurkitzeko: «Pentsatzekoa da zenbakietan ez ezik beste hitz askotan ere izango dituztela antzekotasunak».
1. @joanferrerijane ikertzaile estimagarria da. Berriki erakutsi du bere maila Turuñueloko abezea aurkitzean.
— Blanca Urgell (@b_urgell) February 17, 2025
Dudarik gabe, bere saioa aintzat hartu beharrekoa da
Hotzago azaldu da Blanca Urgell Euskal Filologiako doktorea Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, X sarean bertan idatzitako hari batean. Ferrer i Janeren ekarpen akademikoaren maila aitortuta ere —«Ikertzaile estimagarria da. Berriki erakutsi du bere maila Turuñueloko abezea aurkitzean»—, Urgellek ez du uste egindako aurkikuntza nahikoa denik ahaidetasunaren hipotesia ontzat jotzeko. Azaldu duenez, antzinako euskararen eta iberieraren «fonemen inbentarioa» paretsua da, «antzekoa eta mugatua», eta, horrenbestez, «aski erraza» da euskal zenbakien berdinak edo antzekoak diren testu zatiak aurkitzea. «Erraza izatea ez da nahitaez ona honelakoetan: zenbakiak aurkitu nahi badituzu, zenbakiak aurkituko dituzu». Haren hitzetan, ahaideak direnik baieztatu ahal izateko hots aldaketa arauak aurkitzea litzateke espero beharreko «gutxieneko kontua».