Ikasleen azken agurra

Dantzertiko Arte Dramatikoko lehen promozioko ikasleek 'Eskamak kentzen' antzezlana estreinatu dute. Igandean egingo dute azkenekoz

Lau urte eta gero, ikasleen azken lana da Eskamak kentzen. ENRIQUE M. ESQUIBEL.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eskolatik kanpora irten aurretik, barrura begira jarri dira Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako eskolako ikasleak. Arte Dramatikoko lehen promozioko ikasleek, lau urte eskolan eman ondoren, Eskamak kentzen antzezlanarekin itxi dute ikasketa zikloa. Joan den astean, lau emanaldi egin zituzten Bilbon, eskolako, sektoreko eta ingurukoentzat batez ere, eta igandean azken emanaldia egingo dute, Gasteizko Felix Petite antzokian, 19:00etan.

Itxaso Sanchez ikaslearentzat, «oso esperientzia bizia» izan da antzezlana jendaurrean erakustea: «Prozesua gertukoa izan da, taldearena, eta hori jendeari erakustea oso berezia da». Beñat Arizabaleta ikasleari ere «bizipoza» eman diote azken asteko emanaldiek: «Grina sortu digu kanpora ateratzeko eta jendeak ikusteko guk maitasunarekin egindako lana».

Antzezlana sortzeko, hilabete eman zuten Borja Ortiz de Gondra antzerkigilearekin lanean, eta, gero, beste lau Fernando Bernues zuzendariarekin. Ortiz de Gondrak Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poema eman zien ikasleei hasieran, eta horren gainean lan egiten hasi ziren haiek. «Zerbait sortu nahi bagenuen, inspirazio moduan erabili dugu olerkia», esan du Sanchezek.

Prozesuan, antzerkigileak gai batzuk ematen zizkien, astean hiru edo lau, eta ikasleek bost minutuko sorkuntza bat egin behar zuten. «Normalean, gaiak izaten ziren Euskal Herriaren inguruan, zuhaitz genealogikoari loturikoak... Guk hortik sortu behar genuen, nondik gatozen jakiteko». Prozesua «gogorra» izan zen oroitzapena dauka Sanchezek.

Harreman sare estua

Bi ikasleek nabarmendu dute lau urteotan haien artean sortu den giro ona. «Gauza asko egin ditugu elkarrekin, eta azken hilabetean emozio asko izan dugu», esan du Arizabaletak. Horren seinale da harentzat joan den igandean Bilbon egin zuten azken emanaldiaren ondoren bizi izan zutena: «Denok egon ginen negarrez, gure zikloari bukaera emateko modu bat delako».

Emozio handiarekin bizi dute prozesua, eta, azken emanaldiaren ondoren, badute gogoa eskolatik kanpoko munduari aurre egiteko ere. Egindako harremanen garrantzia nabarmendu du Arizabaletak: «Orain, bakoitzak bere bidea hartuko du; ez dakigu bide horiek etorkizunean gurutzatuko diren edo ez , baina badakigu jendea hemen egongo dela guri laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.