Kritika-Txotxongiloak

Ikasgela mortua

Agus Perez.
2024ko martxoaren 15a
05:05
Entzun

‘La classe’

DFeria-Txotxongiloak
Konpainia: Fabiana lacozzilli / Cranpi. Dramaturgia-laguntzaileak: Marta Meneghetti, Giada Parlanti, Emanuele Silvestri. Eszenografia eta txotxongiloak: Fiammetta Mandich. Argiak: Raffaella Vitiello. Interpreteak: Michela Aiello, Andrei Balan, Antonia d’Amore, Francesco Meloni, Marta Meneghetti. Lekua: Donostiako Imanol Larzabal kultur etxea (Lugaritz). Eguna: martxoaren 13a.

Aurtengo dFerian herrialde gonbidatua Italia izanik, La classe emankizunarekin etorri da Fabiana lacozzilliren taldea, eta haren egokitzapenaren bidez jaso dugu Tadeusz Kantorren ikur-pieza baten oihartzuna. Egia esan, 1975eko maisulanaren izenburua La classe morta izan zitekeen italieraz (Ikasgela mortua), baina sortzaile italiarrak moldaketa egin du izendapenean.

Beste gauza batzuetan ere izan dira oraingo egilearen moldaketak, nagusiki testuan bertan, baina baita ere txotxongilo-emankizunerako egokitzapenean. Jakina denez, Kantorrek gizakien neurriko txotxongiloak eta benetako antzezleak elkartu zituen bere antzerkiaren azken fasean —Heriotzaren antzerki deitu zion hartan—, baina oraingo honetan txotxongiloak izan dira protagonista bakarrak.

Hala ere, nolabaiteko paralelismoa ezarri daiteke bi planteamenduen artean, alde batetik, maneiatzaileak beti egon direlako presente eszenan —eta zuzendaria bera uneren batean—, eta bestetik, lacozzilliren ikaskideen oraingo testigantzak entzun ditugulako emanaldian zehar. Horretan ere bat etorri da hala edo nola egile poloniarraren ideia nagusi batekin, hau da, joandakoen ahotsen eta presentziak bizidunen artean txertatzearekin.

Zigor fisikoen beldurrez bizi ginen orduko ikastetxeetan —gehi erlijio katolikoak, beti hain onbera, gugan txertaturiko terroreak—, eta argiztapen guztiz tenebrista oso egokia suertatu da giro hura egoki kokatzeko. Gela hartako ikastaldea lau panpina txikiz osatu da, haietariko bakoitza ikasmahai txiki baten aurrean jesarri da, eta ikasmahai txikiak, beren aldiz, neurri normaleko mahai banaren gainean. Mahai normalek mugimendu koreografikoekin aldatu dituzte beren posizioak noizean behin, eta arbel handi gurpildun batek osatu du panorama.

Maneatzaileen teknika orbanik gabea izan da beti, eta, esan bezala, arkeologia apur bat ere egin dugu Kantorren estiloan, baina emanaldiaren erritmo geldoak eta kontakizunaren distira faltak nahiko giro mortua sortu dute oraingo ikasgela honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.