Ordura arte sekula elkar ezagutu ez duten bi emaztek bide bazterrean egin dute topo: bakoitza zerbaitegatik ihesi. Mundua norberak bere ikuspuntutik interpretatzen baitu, hor ere, iritzien talka bortitza da; zerbaitek elkartu ditu, alta. Eta bide puxka bat eginen dute elkarrekin. Bide puxka hori taularatzen du Ihesi-k, Iduzkilore antzerki taldeak antzezturik eta Maika Etxekopar taula zuzendari dutelarik. Bi egun baino ez dira geratzen lehen emanaldirako, Azkaineko (Lapurdi) Biltoki gelan, 20:00etan.
Iduzkilore Senpere (Lapurdi) eta inguruetako antzerki talde amateurra da. Aldi honetan, taldeko bi emazte arituko dira antzezle lanetan: Bernadette Iratzoki Luro eta Maider Beheran; Ainhoa Elizondo musikan arituko da. Etxekoparren ustez, sekulako zentzua du antzerki amateurra egiteak Euskal Herrian: «Militanteak dituzu, euskal antzerkiaren militanteak egiazki. Beren bihotz guziarekin ari dituzu, eta plaza hartzen ditezu euskaraz. Maite ditezu antzerkian aritzea, baina gainera izugarriko funtzioa badizu antzerki herrikoia bizirik iraunarazten baititezu». Bere ustez, badira antzerkira euskaragatik hurbiltzen direnak ere, eta ez baitezpada antzerkia gustatzen zaielako; «euskaldun behar baita proiektu batendako». Horiei, gero heldu zaie gogoa: «Zenbaitek zangoa sartu ditezu amiñi bat ohartu gabe ere antzerki lana zer zen; eta gero gustua hartu diotezu». Eta aldarrikatu du: «Baditezu izugarriko laneko gogoa, ainitz ematen diotezu, eta baditezu taula gaineko inteligentzia hori: antzezle dituzu!».
Zer eta nola egiten den
Ihesi obra «emazte izateari buruz» dela azaldu du Etxekoparrek; «abentura intimo bat». Segitu du: «Euskarazko antzerkia Iparraldean, nik artetarik atzematen dizut arriskatzen dela zerraturik izatea irrian. Irria ontsa duzu, askatzaile duzu, baina oso gogor ere izaten ahal duzu, oso epaile, oso normalizatzaile, orde baten babesle. Iduri zaidazu ontsa dela izan daitezen antzerki zenbait ere beste emozio zenbait libratzen baitituzte, beste manera batez». Bertsoa hartu du adibide bere ideia argitzeko: haren ustez, «bertsoa bide intimo horren urratzen» ari da.
Guztira, urte bateko lana izan dute testua deskubritu eta itzuli behar izan zenetik. Jatorrian, Les Fugueuses izena du Pierre Palmade eta Christophe Duthuronen frantses idatzitako antzezlanak; Maddi Zubeldiak euskarara itzuli eta egokitu du. Etxekoparrek frantsesetik euskararako pausoa azaldu du: «Frantses antzerki tipiko horietarik bat duzu egiazki, bena ontsa duzu antzerkilariek izkribaturik baita orduan izugarri antzezgarri duzu, eta ebilten duzu, bai joko aldetik, bai narrazio aldetik... Eta etxekotu dizugu: gaia unibertsala duzu baina hemengotu dizugu. Baduzu jokaldi bat, adibidez, etxalde batean agitzen dena; sendi zuzun, nahi ala ez, paristar so bat zela laborantza munduarekiko. Gauza zenbait guretako ez zituzun batere irringarriak egiteko; kontrakoa». Taularatzen diren gaietatik at, hizkuntzari dagozkion erabakiak ere egin behar izan zituzten: «Ze euskara du pertsonaia bakoitzak?»; hain zuzen, bi emazteak noka arituko dira taula gainean.
'Ihesi' emanaldiak
01/20: Azkaine. Biltoki gelan 20:00etan.
01/28: Larzabale. Espelletenia ostatuan 17:00etan.
02/10: Ziburu.
02/16: Hendaia.
02/17: Segura.
03/03: Sara.
03/09: Hazparne.
03/10: Anoeta.
03/22: Arbona.
03/26: Lazkao.