Ihesi doan artearen bila

Inprobisazio txapelketa bat antolatu dute Artelekun, eta hainbat diziplinatako artistak lehian arituko dira

Auskal Muturreko Musika topaketak bitan egin dira aurretik. ARTELEKU.
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ez dute efimerotasunaren ederraz gogoetarik egin nahi, ez eta inprobisazio librearen mugez ere. Asmoa hori baino arruntagoa da: ondo pasatu nahi dute, ez besterik. Auskal Muturreko Musika (AMM) topaketak hirugarrenez egingo dira aurten, Donostiako Artelekun, eta, betiko moduan, Euskal Herriko musika esperimentalean interesa duen jendearen topaleku izango dira. Horren barnean, Inprobisazio Txapelketa Nagusia antolatu dute, esperimentatzea gustuko duen askok inprobisazio librean interesa izan dezakeela iritzita.

Horiek hala, ekitaldian edozein joeratako artistek —musikari, dantzari, aktore, bertsolari, poeta, performer, idazle...— parte har dezakete, oholtza gainera igo eta bertsolari txapelketetako ariketak beren gisara osa ditzaten: ofizioka, puntua emanda, puntuka, eta kartzelan aritu beharko dute parte hartzaileek, besteak beste.

Hortaz, bi abiapuntu ditu txapelketak, Jon Mantzisidor antolatzailearen ustetan. Alde batetik, musika inprobisatu librea, aurrez ezarritako koderik ez duena, musikariari askeago jotzeko bidea ematen diona. Ideia lantzeko orduan konkretuki musikariengan pentsatu badute ere, gainerako diziplinetako artistek ere inprobisazio libre hori egin beharko dute. «Norberak nahi duena gehi liezaioke emanaldiari: mugimendua, dantza, performancea, hitz batzuk..., eta asmoa da bi pertsona edo gehiagoren artean bat-bateko komunikazioa lortzea». Bestalde, bertsolaritzari erreparatu diote. «Ariketok aspaldi jarri ziren martxan, berez arte adierazpide bat dena nolabait epaitu ahal izateko. Bertsolaritzak molde jakin batzuk zituen garai batean, baina gerora, epaitu ahal izateko, irizpide batzuk sortu ziren».

Dena dela, diziplina batzuk besteak baino errazago egokitzen dira inprobisaziora. Bertsolaritzaren sustraia den ezaugarriak ez du berdin balio idazle batentzat. Mantzisidorren irudiko, zaila da jakitea non hasten den inprobisazioa eta non konposizioa. Hartara, ez dute buruhauste handirik hartuko parte hartzaileak epaitzerakoan. «Lau epaimahaikide izango dira, kide bakoitza diziplina batean aritutakoa. Gainera, jendeak ere eman ahalko du botoa».

Lehia bai, lankidetza ere bai

Elkarren arteko lehiak fruitu onak ematen dituelako premisa aski ezagunari jarraika arituko dira artistak oholtza gainean. «Badira bakarkako zein elkarrekin egin beharreko ariketak. Bigarren kasuan, lehian aritu beharko dute parte hartzaileek, baina, aldi berean, batak besteari lagundu beharko dio». Hortik haratago, ez dute helburu jakinik, soilik ikustea esperimentuak nolako emaitzak ematen dituen. Hori bai, ez dute Berlinen (Alemania) 2009an gertatutakorik hemen nahi. Nonbait, gisa bereko jaialdi bat antolatu omen zuten, eta han, inprobisazio librearen aldeko mugimendua indartsua izaki, liskarrak sortu ziren, beren «izaera puru» hori mantentzearen alde agertu baitziren asko, umore handirik gabe agertu ere. «Jaialdi hark asko zuen probokaziotik, baina gu, ordea, aspaldi gaude halako formuletara ohituta, bertsolaritzan eta».

Txapelketa abuztuaren 3aneta 4an izango da, eta izena emateko epea bezpera bitarte dago irekita. Parte hartzaileek berenizen-abizenak eta erabiliko duten tresnari buruzko informazioa bidali beharko dute audiolab. [email protected] helbidera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.