'txokolat'
Idazlea: Gaizka Arostegi. Argitaletxea: Elkar.
Eleberri beltzaren trazak hartutako narrazio honetan, Baionako nerabe judu baten ihesaldia kontatzen zaigu, etxetik Bidasoa ibairaino egiten duen tartea, hain justu.
Bertan aurkituko ditugu ihesean doazen heroiak, itzaletan ezkutatzen diren pertsonaiak, basoak, bordak eta baserriak, ontasuna eta makurkeria, adiskideak, maiteminak eta etsaigoak, Bigarren Mundu Gerra Ipar Euskal Herrian, naziak, kolaboratzaileak eta erresistentzia, biktimak, juduak.
Ez dira gai gutxi ehun eta laurogei orrialde dituen eleberri batentzat.
Baina tamalez thrillererako narrazioek dituzten moldeetara ez da egokitzen: eleberri beltzetako ihesaldi istorioetan, protagonistak sentitzen duen ezinegona azpimarratzen den bitartean, haren bakardadea azpimarratu ohi da badaezpadako harreman urri eta hutsalen bidez eta, ororen gainetik, zailtasunak egon ohi dira ezinbesteko bost galderekin: zer, nork, noiz, non, zergatik.
Hori da arestian tamalez hitza erabiltzeko arrazoia. Zeren ezaugarri garrantzitsu horiei itzuri eginez, Txokolat eleberriak lehen paragrafoan aipatu gaiak errepasatzen ematen du denbora, eta emaitza erdibidean gelditzen da historiko, poliziako eta erromantikoa izan nahi horretan.