Kritika-Dantza

Ihesean, erroak gorde

EliralE konpainiaren Fuga ikuskizuna. MAITALDIA
EliralE konpainiaren Fuga ikuskizuna. MAITALDIA
Agus Perez.
2024ko apirilaren 17a
05:10
Entzun

‘Fuga!’

Konpainia: EliralE. Koreografia: Pantxika Telleria. Musika: Romain Baudoin. Eszenografia: Thomas Tillous. Argiak: Javi Ulla. Jantziak: Dorothée Laurent. Teknikari zuzendaria: Aitz Amilibia. Dantzariak: Cyril Geeroms, Oihan Indart, Yutaka Takei. Lekua: Bilboko Fundicion aretoa. Eguna: Apirilaren 14a.

Ondo sinplifikatuta, gaian aditua ez naizelako, fuga batean zenbait musika-gai gainjartzen dira, hasierakoaren garapena edota haren kontrapuntua eginez. Eta Fuga! deitu da Iparraldeko EliralE konpainiak aspaldi estreinatu zuen baina orain Bilboraino etorri den lana.

Fuga batean bezala, jatorrizko gai batean oinarritu da Pantxika Telleria bere ohiko finezia eta maila artistiko jasoarekin, gero pixkanaka handik abiatzeko eta iturburutik sano urruntzeko —itxura batean behintzat—, baina sakoneko erroak inoiz ez ahaztuta. Dena den, nahiago izan dut fuga hitzari ihesaldi esangura ematea, horrela irudikatuz emanaldiak erroetatik garaikideraino egin duen bidea.

Telleriak berak dioenez, hizpide izan ditu euskal dantza jauziak edo mutxikoak lan honetarako, eta haien irudikapenarekin hasi da guztia, Romain Baudoinen musikak hiru gizonezkoek zirkuluan deskribatzen zituzten pauso ezagunak laguntzen zituelarik. Hala ere, hasiera iluna eduki du proposamenak, sabaitik behegaineko harrietaraino tenkatuta zeuden hamaika sokak baso estilizatu bat irudikatzen zituztelarik. Haien artean agertu dira hiru izaki artegagarri, oinutsik hirurak eta burua ere estaltzen zien oihal brodatu zurrun banatan bilduta.

Oihal brodatuak erantzi ostean itzelezko seriotasuna zerien aurpegiei, eta maiestate handia gorputzei, antzinako erritual sakratu batean baleude bezala, baina musika deribatzen hasi da in crescendo erritmiko baterantz, eta dantzarien aurpegietan ere antzeman da dantza egitearen gozamen neurtua. Javi Ullaren argi diskretuek eta Dorothée Laurenten jantziek beren ekarpen aurreratua egin dute erritual atabikoen irudikapenean, eta gaueko naturaren misterioak are gordeagoak izan dira, soinu-bandak Ekialde Urruneko kutsu nabaria hartu duenean.

Beranduago, eskultura geldoen konposizioak eta gorputz kontrajarrien arteko gudu-koadro lasaiak etorri dira, zenbait unetan eremu figuratiboan jausteko arriskuarekin, baina koreografoak lanjerra saihesten jakin du eta dantzariek goitik zetozen sokak desplazatu dituztenean areagotu egin da misterio giroa, eta lamien mundua etorri zaigu burura musikak hots aztoragarri txikiak baina gero eta biziagoak sortu dituenean.

Fuga kanonikoetan bezala —halakorik izatekotan— hasierako hiru izakien dantza zirkularrarekin bukatu da guztia, era leun eta dotorean, soka tenkatuek oihaneko soilgune batean sortutako espazioan, eta ikusleek, nola ez, biziki txalotu dute piezaren planteamendua eta egikera, dantzariak txaloak eskertzera hirutan ateraraziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.