«Uharte miserable bat da nora itzuli ez duenaren bizitza; miserable izateari uzteko ezinbestean inora itzuli behar duela uste badu. Irtenbide bakarra bizipen berriei ekitea da». Martin Bidaur poetaren hitzak dira. Itzulera lehen poema liburua argitaratu berri dio Susa argitaletxeak. Begirada poetikoa jarri du iraganean; balizko eta ezinezko itzulera batean; eta, era berean, bizipen berri bati ekin dio. Zer izan liteke, bestela, estreinako poesia liburua plazaratzea.
Poemak idazten zituen lehen ere Martin Bidaurrek (Tolosa, Okzitania, 1996). Eta Itu Banda literatur kolektiboko kide gisa argitaratu ere bai Lekore aldizkarian. «Saiakeraren bat ere egin nuen aurreko poema batzuk lehiaketa batera bidali eta nonbait argitara ote zitezkeen. Baina ez ziren atera», kontatu du liburuaren aurkezpenean, umiltasunez. Baina, azken bizpahiru urtean— 2014ko irailean hasita—beste poema sorta bat bildu zuen: «Bilduma aldakor bat zen. Denborak aurrera egin ahala, poema berriak idazten nituen, eta beste batzuk zaborretara botatzen nituen, nolabait esatearren. Itu Bandakoek animatu ninduten poema horiek Susara bidaltzera, liburu bat osatzeko balio zezaketen edo ez ikusteko, benetan merezi ote zuten poema haiek...». Handik gutxira Gorka Arrese Susako editorearen deia jaso zuen: «'Zer, liburua aterako dugu, ezta?' esan zidan. Ezustean harrapatu ninduen», gogoratu du Bidaurrek.
Dei horretatik aurrera, beste bizipen berri bat, eta hazte prozesua. Gorka Arreseren laguntzaz gain, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri idazleena ere izan zuen hortik aurrera. «Liburua ikaragarri hazi da prozesu horretan, eta ez liburua bakarrik, ni ere bai. Liburuarekin batera aldatu egin naizelako, eta asko ikasi dudalako».
Haurtzarotik gaur egunera arte izan duen bilakaeraren haragiztatze poetikoa ondu du Bidaurrek Itzulera-n; «esperientzia intimo baten kontaketa» egin du. Eta, hasieran oso kontziente ez bazen ere, eguneroko poetikoaren forma hartu du lanak prozesu horretan: «Ikusten nion zentzu bat lanari, baina ez nekien zer zen. Orain bai ikusten dut eguneroko moduko bat, denbora tarte batean norbaiti gertatzen zaizkion gauzak modu pertsonalean kontatuak, eta era poetikoan, noski». Poemetan bildu ditu «oroitzapenak, lekuak, iragana aztertzeko nahi bat, eta batez ere, bizitzen jarraitzekoa».
Jarraitutasun kronologiko bat azaltzen du liburuak, «nahiz eta ez den historiografikoa». Bost ataletan banatua dago, eta «tonu fatalista ia depresibo batek» batzen ditu poemak, egilearen hitzetan. «Azken atalean, ordea, badago, onarpenerako edo superaziorako argi-izpi bat».
Haurtzaroko oroitzapenekin hasten du liburua Bidaurrek, Hautsitako souvenir bat atalarekin: «Gertakizun traumatiko bat dago, zeina ez den zehazten; eta horren aurrekoak gogoratzearen ezintasunaz ari da; eta ezintasun horrekin nola bizi. Galdera hori planteatzen du». Eta bigarren zatiari bide ematen dio, Itxaronaldia izenekoari: «Jada ez da haurtzaroa. Nerabezaroa da. Eta nola dagoen herritik, etxetik eta ikastetxetik, norberaren azaletik ihes egiteko desira». Honela dio Paperean bilduta poemaren amaierak: «.../ neure baitan bilduta/ urruti noa ihesi/ neure burua galtzera/ edo itzultzeko/ arrazoi baten bila//».
Ihes frustratua
Ihesaren apeta Parisera alde eginez gauzatu nahi du poetak. Paris du izenburutzat hirugarren atalak. «Ihes egiten du kaletik, etxetik, ikastetxetik. Baina bere baitatik ez. Hor dago arazoa. Konturatzen da gauza batzuei ezin zaiela ihes egin, eta are gutxiago norberari. Badaude harremanak, jende gehiago ageri da. Lekuak. Momentuak. Baina, azkenean, badago min hori, ihesaldi frustratu horren mina».
Itzulera. Hori kontatzen du Uharteak laugarren atalean, Paristik Euskal Herrirako itzulera. «...irla mortu bat eta/ irla mortu batera/ eramango nukeen gauza hori/ aurkitu arte berriro ez lehorreratzeko/ erori naiz itsasora», dio Itsasora erori poemak.
Ihes egiteari utzi eta «gauzak beste modu batera ikusteko beharra» gailentzen hasten da Hutsuneak oinordetzan bosgarren eta azken atalean: «Badago sendatze saiakera bat, eta aldi berean, identitate bilaketa baten oinarria ere bai».
Beste zenbaiten liburuentzako argazkiak nahiz diskoetarako azalak egin izan ditu Bidaurrek berak, baina bere estreinako libururako Maddi Zumalabe ilustratzailearengana jo zuen. «Uste dut asmatu nuela. Liburuaren irudi fidela ematen du, eta estetikoki ederra da gainera».
Ihes gogotik onarpen argitara
Martin Bidaurrek 'Itzulera' lehen poema liburua plazaratu du. «Esperientzia intimo baten kontaketa» egin du, iragana aztertzeko gogoa nola, orain berri bat eraikitzekoa ere islatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu