Ihes egiten duten uneak gorpuztu ditu artelanetan Marina Suarezek

'Txiribita. Leku ezegonkor bat' erakusketa aurkeztu du artistak Gasteizko ARTgia aretoan. Hilaren 30era bitartean egongo da ikusgai

Marina Suarez Ortiz de Zarate, ARTgia aretoan jarri duen erakusketako pieza baten ondoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Gasteiz
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Momentu batean zerbait agertzen denean, irudi bat, harrapatu egin nahi duzu. Baina ezin duzu gorde. Inkontzientean gelditzen da». Harrapatu ezin diren irudi horiek materializatu ditu Marina Suarez Ortiz de Zaratek Txiribita. Leku ezegonkor bat erakusketan, hots, eskultura bilakatu ditu. Objektuez haratago, baina, soinuak eta irudiak ere bildu ditu. Hilaren 30era arte ikusi ahalko da erakusketa, Gasteizko ARTgia aretoan.

Egunerokoan erabiltzen diren objektuekin osatu ditu obrak artistak. Eskultura txikiak dira, elkarren ondoan itxuraz zentzu askorik ez duten objektuekin eraikiak; eskuoihal bat egurrari itsatsita, esaterako. «Zure subkontzientean, zure ametsetan, badu zentzua, badu bere logika. Sortzean, hori saiatu naiz ulertzen», adierazi du Suarezek.

Objektuak elkartzea izan da erakusketa osatzeko prozesua. Elkarketei zentzu bat aurkitzea: «Prozesu hau, niretzako, jolas bat izan da. Moldatzen hasi, eta, bat-batean, beste batekin muntatuta, gauza batek zentzua zeukan». Arreta ematen zioten materialekin jokatu du artistak. «Materialak juntatzen dituzu, eta zerbait agertzen da. Intuizioarekin edo inkontzientearekin egindako lan bat da».

Marmol faltsuzko Diskobolo estatua batekin hasi omen zen dena, baina. Estatua horren puskak ageri dira erakusketako obra batean baino gehiagotan. Suarezek aberats etxe batean lan egin zuenekoa da abiapuntua. Eskailera batzuen buruan zeukaten marmol faltsuzko estatua hori. «Ezin zuten etxea ordaindu. Dena oso arranditsua zen, oso azalekoa». Hainbat arrazoi direla medio, artistaren tailerrean bukatu zuen disko jaurtitzaileak. «Prozesua hasi nuenean, estatua hartu, eta hautsi egin nuen. Haren hondarrekin hasi nintzen eskulturak eraikitzen».

Ikusi eta entzun

Espazioaren erabileran ere jarri du arreta Suarezek. Objektuak «ondo» kokatzea garrantzitsua dela eta espazioak berak zerbait eskatzen duela nabarmendu du erakusketaren aurkezpenean. Pertsona orok barruan daukan dekoratzaile senarekin gogoratu dela erantsi ere bai: «Etxea dekoratzeko zerbait jartzeari garrantzi handia ematen diogu. Baina zein estetika logikak bultzatzen zaitu horretara?».

Eskulturek garrantzia daukate ARTgia aretoan, baina irudiek eta soinuek ere badute beren rola. Bideo bat osatu du Suarezek, sortze prozesuak iraun bitartean aurkitu dituen irudiekin. «Egunero, kasurik egiten ez diegun gauza pila bat ikusten dugu. Burura sartzen zaizkigu, eta gure iruditeria osatzen dute. Ametsetan agertzen zaizkigu irudi horiek». Inkontzientea, berriro ere. Eta inkontziente horrentzako soinu banda ere proposatu du. Horretarako, kalean, hainbat pertsona hamaka batean etzanarazi zituen, begiak tapatu zizkien eta musika jarri zien. «Bidaian eramaten zituen soinua jartzen nien. Nire ustez, subkontzientziara zeramatzan bidaia hark».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.