Igurtziek utzitako arrastoez

'Urratuen arrastoa' bilduma literarioa argitaratu du UEUk, Udako Ikastaroen urteurrenaren harira

Iratxe Retolaza, Urratuen arrastoa bilduma literarioaren arduraduna, liburua esku artean duela. UEU.
Miren Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Mende erdia egin dute UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Udako Ikastaroek. Hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin ziren lehen Udako Ikastaroak. Euskarak Unibertsitaterako ere balio zuela erakutsi nahi zuten orduan, eta, ibilian-ibilian, frogatu dute helburua. Ibilbide oparo horren omenez, bilduma literario bat argitaratu dute berriki: Urratuen arrastoa. Iratxe Retolaza aritu da arduradun, eta «antologia literario» gisa definitu du lana. Hala azaldu du berak: «UEUtik xaxatu gintuzten literaturan ari ginenok egin genezan UEUren memoriaren antologia literario bat;nolabait, UEUren giroa kontatzen zuten testu literarioak bilduz. Hala iritsi zitzaigun proposamena, eta onartu egin genuen».

Testu literarioz dago josita, beraz,liburua, eta hain justu, garai desberdinetan UEUren parte izan diren sortzaile hauenak dira testuok: Maialen Akizu, Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda, Katixa Dolhare, Aingeru Epaltza, Angel Erro, Idurre Eskisabel, Mari Luz Esteban, Jule Goikoetxea, Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Gerardo Markuleta, Eider Adeletx, Yurre Ugarte, Aintzane Usandizaga, Iban Zaldua eta Edu Zelaieta, baita Retolaza bera ere. «Hasieratik argi genuen askotariko ahotsak bildu nahi genituela, idazle posizio ugari ager zitezen».

UEUko ikastaroetan, egitasmoetan edo jardunaldietan bizitakoen arrastoak bildu dituzte, beraz, sortzaile horiek. «Helburua ez zen testuetan UEU izan zedin gai, baizik eta giro», zehaztu du Retolazak.

Okasiorako propio idatzitakoak dira testu guztiak, Iban Zalduarena izan ezik. Liburuan ageri den lehen narrazioa da harena, baina argitaratua zuen aurrez; hain justu, Ipuin euskaldunak bilduman. «Narrazio horrekin abiatu dugu antologia literarioa, pentsatu baikenuen gainerakoei enkarguz eskatutako baldintzak betetzen zituela jada».

Retolaza aritu da enkarguz eskatutako testu horiek denak jasotzen, eta proposamenera «ederki» egokitu direla nabarmendu du. «Erraz jarri dute sortzaileek. Ulertzekoa den moduan, enkarguzko lanak egitea ez da izaten sortzaile batentzat erakargarriena, bainaproposamen zabal bat egin zitzaien, eta ederki asmatu dute horri erantzuten».Epe estu batekin aritu dira, gainera, lanean, eta hori izan dute muga nagusi. Nolanahi ere, «lan bikaina» egin dutela azaldu du Retolazak: «Testuingurua eta muga horiek kontuan hartuta, ederra eta eskertzekoa izan da idazleen harrera eta gugan jarri duten konfiantza. Oso eskuzabal jokatu dute proiektuarekin».

Genero literario ugari

Askotariko genero literarioetan jardun dute idazleek. Narrazio gehienak errealistak dira, baina bada fikziotik jo duenik ere. Kronika kutsua duten baina gogoetarako bide ematen duten testuak ere jasotzen ditu liburuak. UEUren aldarriak egiteko, bestalde, poesia ere erabili dute egile batzuek. «UEUren unibertsoa mundu literario bihurtzeko askotariko bideak gorpuztenditu liburu honek», azaldu du antologiaren arduradunak.

Bilduma literario honek UEUren iraganera, orainera zein etorkizunera begirada literarioz eta irudimentsuz hurbiltzera gonbidatzen du irakurlea, iraganeko arrastoak eta etorkizuneko balizkoak begirada sortzailez janzteko. «Bildumako testu guztietan, giza sareek sorturiko itxaropenen, pozen, kontraesanen eta zaurien arrastoak ageri dira».

Argi utzi du Retolazak omenezko liburu bat dela. Ez zuten nahi, baina, ohiko omenezko diskurtso modea izaterik. Horregatik, halako guneetan sortzen diren afektu sareez hitz egiteko aprobetxatu dute aukera.Literatura izan dute horretarako lanabes: «Lanerako gune eta ezagutza sortzeko gune da UEU, eta giza harremanak dauden lekuetan sortzen dira maiz igurtziak eta tentsioak. Hori ere ikusgarri egin nahi izan dugu».

Txakur Gorria sormen taldearena da liburuaren azala, eta, Retolazaren iritziz, ederki jasotzen du irudikatu nahi izan duten urratuen arrasto hori. «Kolorea eman dio guk bilduman bildutakoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.