Igor Otxoa txalapartariak Oreka TX taldea utziko du denbora batez

Donostia 2016 proiektuan hasiko da lanean, eta Mikel Ugartek beteko du bere postua taldean

Erredakzioa
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Igor Otxoa Oreka TX taldeko kideak agur esango dio taldeari denbora batez. Quebecen azken kontzertua eskainiko du, eta ondoren Donostia 2016 proiektuan hasiko da lanean, musika denboraldi baterako utzita. Harkaitz Martinez de San Vicente taldekidearekin batera izan da Otxoa Kanadan, eta kontzertuak eman dituzte Quebec eta Montreal hirietan.

Otxoaren azken kontzertua Montrealgo La Tulipe antzokian izango da, La Bottine Souriante musika taldearekin batera. Horrela, Otxoak hamalau urteko ibilbidea amaituko du denboraldi batez, eta Mikel Ugarte txalapartariak hartuko du haren postua. Oreka TX taldeak Kepa Junkerarekin batera eman zituen lehen pausoak, eta hamar urtez munduko agertokietan ibili ondoren, 2004. urtean Nomadak TX proiektua hasi zuten.

Agurra lagunen artean

Askotan elkartu dira Oreka TX-ekoak La Bottine Souriante taldearekin. Quebeceko taldeko Sandy Silva dantzaria Donostiako Kursaal aretoan izan zen 2001ean, txalaparta taldearekin batera.

1976an sortua, Quebecen arrakasta handiko taldea da, eta urrezko lau eta platinozko hiru disko dituzte. Zortzi urte isilik egon ondoren, Appelation D'Origine Controlée disko argitaratu dute, Oreka TX taldearen parte hartzearekin. Besteak beste, Martinez de San Vicenteren Intsusadi abestia txertatu dute diskoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.