Zinema

Igor Legarreta zinemagilea ‘Inurri itsuak’ euskarazko film luzea filmatzen hasi da

Ramiro Pinilla idazlearen eleberri bat du oinarri lanak, eta Urko Olazabalek, Itziar Ituñok, Josean Bengoetxeak eta Miren Gaztañagak osatzen dute aktore taldea.

Itziar Ituño aktorea 'Inurri itsuak' filmeko eszena batean. NICO DE ASSAS
Itziar Ituño aktorea, 'Inurri itsuak' filmeko eszena batean. NICO DE ASSAS
Inigo Astiz
2025eko martxoaren 26a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Jatorrian gazteleraz idatzia dago eleberria, eta euskarara moldatu dute zinemarako Igor Legarreta zinema zuzendariak eta Andoni de Carlos gidoigileak. Ramiro Pinilla idazle bizkaitarrak 1930eko hamarkadan Bizkaian kokatutako biziraupen istorio bat kontatu zuen Las ciegas hormigas nobelan, eta Nadal saria ere jaso zuen hari esker 1961ean. Kontakizun hori pantaila handira eramango dute orain, eta jadanik abian dituzte filmatze lanak. Inurri itsuak deituko da pelikula.

Aurrez Ilargi guztiak eta Cuando dejes de quererme filmak zuzendu ditu Legarretak, eta De Carlos, besteak beste, Faisaien irla eta Handia filmetan aritu da lehenago lanean. Eta elkarrekin egin dute egokitzapena. 1935ean gertatzen da kontakizuna. Denborale baten ondorioz, hondartzan harrapatuta geratzen da itsasontzi ingeles bat, barruan hamaika ikatz tona daramatzala. Gainean dute negua, eta ikatz horrekin egiten dutenaren araberakoa izango da haien bizitza.

«Landa western bat izango da filma, kutsu tragikoa eta pertsonaia handiak izango dituena, hondoan pobrezia energetikoaren gaur-gaurko gaia lantzen duen drama historiko bat»

IGOR LEGARRETAZinema zuzendaria

Prentsa ohar baten bidez helarazi dituzte lanari buruzko datu tekniko guztiak, eta Legarretaren hitzak ere bildu dituzte. Zuzendariak azaldu duenez, nobela irakurri zuenetik izan du hura zinemara eramateko gogoa. Haren hitzetan, «aurkakotasunak daudenean garatu beharreko erresilientziari buruzko kontakizun bat» da liburukoa. «Landa western bat izango da filma, kutsu tragikoa eta pertsonaia handiak izango dituena, hondoan pobrezia energetikoaren gaur-gaurko gaia lantzen duen drama historiko bat».

Aktore talde ezaguna izango du filmak. Besteak beste, bertan izango dira Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga. Baina, horiekin batera, Unax Hayden, Patxi Bisquert, Carlos Santos, Dani Cabrera, Kimetz Etxabe, Markel Martinez, Anuk Puertolas eta Elena Uriz ere egongo dira pelikulan.

Nagusiki, Bizkaian

Hamar astez arituko dira filmatze lanetan, eta maiatzaren erdialdera arte luzatuko zaie fase hori, beraz. Bizkaian hartuko dituzte irudi gehienak: Bilbon, Elorrion, Galdakaon, Getxon, Gorlizen, Sagastan eta Mundakan, besteak beste. Kanpoaldean hartuko dituzte sekuentzia horietako batzuk, baina, prentsa oharrean zehaztu dutenez, dekoratu handiak ere eraikiko dituzte beste hainbat plano filmatzeko.

Inurri itsuak filmaren errodatze lanetako eszena bat. NICO DE ASSAS
'Inurri itsuak' filmatzeko lanetako eszena bat. NICO DE ASSAS

Imanol Nabea da argazki zuzendaria, Mikel Serrano dabil arte zuzendaritzan, Maite Tarilonte da jantzien arduraduna, Abigail Machado makillajearena, eta Clara Dominguez arduratzen ari da orrazkerez. Maialen Sarasuak egingo du muntatze lana ondoren, eta Pascal Gaignerena da soinu banda. Pablo Barinaga da ekoizpen zuzendaria, eta Iker Ganuza, Pablo Barinaga eta Luis Ferron dira ekoizle exekutiboak.

Besteak beste, Lamia, Lazona, Sidera eta Buendia Estudios Bizkaia etxeak dira ekoizpenaren arduradunak, eta Caviar Antwerp Belgikako etxearen laguntza ere badute horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.