Ignazio Loiolakoa oinarri duen opera bat emango dute dFerian

Kukai dantza taldearen 'Oskara' proiektu berria ikusi ahal izango da martxoaren 8an

Norka Chiapuso, Miren Azkarate eta Andoni Garcia. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2016ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Diziplina berri bat eskainiko du aurtengo dFeriak; lehen aldiz, opera Donostiako arte eszenikoen jaialdiaren zati izango da. Hain zuzen ere, Teatro do Bairro eta Ar de Filmes antzerki taldeek Virgil Thompsonen Quatro santos em três actos opera eskainiko dute martxoaren 7an; Ignazio Loiolakoaren irudian oinarritutako obra bat da. 22. dFeriaren egitaraua aurreratu du Norka Chiapuso zuzendariak, Donostiako Udaleko Kultura zinegotzi Miren Azkaraterekin batera. Kartela ere aurkeztu dute, Andoni Garcia ondarroarrak diseinatua.

Programa osoa otsailaren 4an aurkeztuko badute ere, jaialdian garrantzi handia izango duten lau ekitaldiren berri eman dute jada. Opera portugesez emango dute, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin. Chiapusoren esanetan, Ignazio Loiolakoaren irudia gogoratzeak erakargarri egiten du emanaldia: «Santuen inguruko obra izan arren, parodia bat da, modu ederrean eszenifikatua, ispiluekin. Musika ez da zuzenekoa izango, baina ikuskizun ederra eskainiko dute».

Operaz gain, ohi bezala antzerkia eta dantza izango dira dFeriaren protagonistak. Hain zuzen ere, Kukai dantza taldeak duela bi hilabete aurkeztutako Oskara proiektu berria eskainiko du martxoaren 8an. Marcos Morau koreografoak diseinatu du emanaldia, Jon Maiarekin batera.

Aurkeztutako beste dantza emanaldia Cesc Gelabert koreografoaren Foot-Ball da, martxoaren 9an egingo dutena. Dantza eta futbola batzen ditu saioak, eta, horretarako, Bartzelonako jokalariekin lan egin dute. Azkenik, Bojov taldeak Aire antzezlana eskainiko du martxoaren 10ean; Chiapusoren hitzetan, sorpresa eragingo du ekitaldi horrek.

Tabakalera, elkargune

Berrikuntza ugari dakartza aurten dFeriak, eta opera eskaintzearekin batera, espazio berriak estreinatuko dituzte aurten, esate baterako, Tabakaleran. Elkarrizketa da, hain zuzen ere, dFeriaren aurtengo gaia, eta bertan, dantzari, koreografo eta antolatzaileen arteko solasaldiak egingo dituzte.

Guztira, 30 konpainiak parte hartuko dute, eta 31 ikuskizun eskainiko dituzte 39 emanalditan, horietatik hamalau dantza emanaldiak eta hamazazpi antzezlanak. Programa orekatua dela azaldu du Azkaratek, eta iaz jaialdiak 608.000 euroren irabaziak izan zituela gogorarazi du, aurrekonturako zegoen diru kopurua hirukoiztu zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.