Iglesiasen obrak sor ditzakeen kalteekiko kezka adierazi dute

Uhartea eta itsasargia kudeatzeko Donostiako Udalaren eta sustatzaileen neurriak kritikatu dituzte hainbat eragilek

Uhartea babestearen aldeko pankarta, 2019ko udan jarria. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
PROTESTA. Cristina Iglesiasek Donostiako Santa Klara uhartean sortu duen Hondalea eskultura datorren astetik aurrera bisitatu ahalko da: uharteko itsasargiak ekainaren 5ean jasoko ditu lehen bisitariak. Hainbat eragilek esan dute egun hori «mugarri» bilakatuko dela uharteko eta hiriko «ekosistema soziokulturalarentzat», eta kezka adierazi dute eremua «behin betiko eraldatu» dezakeelako.

Proiektuaren berri eman zenetik agertu dute kezka Donostiako Bizilagunekin plataformak, Haritzalde naturazale elkarteak, Eguzki talde ekologistak, Parkea Bizirik taldeak eta beste hainbatek. Eta mahai gainean jarri dituzte itsasargiko esku hartzeak ekar zitzakeen ondorioak, batez ere, «ingurumenari eta hiriko balio naturalei, ondareari, udal ekonomiari, etenik ez duen turistifikazio prozesuari, eta hiri espazio eta baliabideen pribatizazioari» dagokienez.

Eragileok ohar bidez adierazi dute ez daudela ados Donostiako Udalak eta proiektuaren sustatzaileek itsasargia eta uhartea kudeatzeko hartutako neurriekin. Azaldu dute horiek diseinatzeko laguntza eskaini zietela, eta proposamena onartu izana eskertu diete biei ala biei; halere, harreman hori ez da «espero bezain emankorra izan» eragileentzat. Izan ere, uste dute arduradunek hartutako neurriak ez direla nahikoa.

Halaber, ohartarazi dute uharteko esku hartzeek «arriskuan» jarri dutela gunea. Eta erakundeei eskatu diete Santa Klara-Igeldo eta bien arteko itsasartea Natura 2000 Sarean sartzeko tramitazioari ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.