Imanol Arregi 'Iturbide'

Igitaia joz zaildutako pandero jotzailea

1970eko hamarkadako pandero jotzailerik garrantzitsuenetako bat izan zen, eta soinu jotzaile ugarirekin osatu zuen bikotea. Trikiti txapelketetan lau aldiz gailendu zen; azkenekoz, Miren Etxanizekin, 1985ean.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
garbine ubeda goikoetxea
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Beste ezeren gainetik alaitasunak eta jai giroak gidatu zuten Imanol Arregi Iturbide pandero jotzailea bere musikari jardunean. Plazarik plaza asteburuero zebilenean ere, «beti dantzarako amorratzen» egoten zela esaten zuen.

Azpeitiko (Gipuzkoa) Loiola auzoan sortu zen, 1935ean, hain zuzen, Iturbide baserrian. Gerraondotik zetorren belaunaldia ongi ezagutzeko aukera izan zuen, eta, soinu jotzaile haiekin ez ezik, geroago plazaratutakoekin ere aritu zen. Besteak beste, Pikua, Errota, Epelde eta Laja izan zituen bikotekide.

Makina bat erromeria alaitutakoa zen, eta plaza gutxi utzi zituen egin gabe. Bizipoza, festa giroa eta dantzarako gogoa zabaltzen saiatu zen beti.

15 urte zituela jo zuen estreinakoz jendaurrean. Urrestillako taberna batean izan zen. Hara ekarritako soinu jotzaileak, Antonio Buenetxea Txankarta-k laguntzailea behar zukeela eta, pandero bat jarri zioten eskuetan, eta esan: «Iturbidetarra haiz, eta asmatuko duk». Izan ere, pandero jotzaile bat baino gehiago zituen familian, tartean osaba ezaguna, Sakabirekin eta Auntxarekin ibilitakoa. Nori begiratua beharbada bai, baina artean panderorik ez etxean, eta igitaia joz zaildu zen.

Urrestillako saio harrezkeroztik askotan eskatu zioten jotzea. «Lotsa ematen», ordea. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ekimenez, Iturbide, igitai jolea biografia liburua idatzi zuen Amagoia Gurrutxagak. Bertako narrazioan agerikoa denez, lanak izan zituen bere jarduna eta trebezia asumitzen. Pandero jotzaile «behartua» zela esaten zuen. «Panderista jaio egin behar da. Panderista da berez bokazioa daukana, eta nik ez neukan. Nik erraztasuna eta festaren bokazioa nituen».

Soldaduskan zela heldu zion serioago. Asteburuetan libratzeko aukera ematen zionez, pandero bat eros ziezaioten eskatu, eta gogotik entrenatu zen.

Gerora, beste hainbat lanetan baino hobeki kobratzen zuelako, «horretara dedikatzea» erabaki zuen. 36 urte bazituen ordurako. Trikitilarien lanari balioa ematen eragin handia izan zuen Iturbidek. Trikitilariak ere artistak zirela eta behar bezalako ordaina zor zitzaiela aldarrikatu zuen, sarri, baserritar arlotetzat jotzen zituzten lekuetan aldarrikatu ere.

Tradizioaren alde

Plaza, erromeria, festa eta ezkontzetan ez ezik, Trikitixa Txapelketetan ere parte hartu zuen. Lau txapel jantzi zituen guztira, lehen hirurak Lajarekin, 1974an, 1975ean eta 1977an, eta azkena, berriz, 1985ean, Miren Etxanizekin. Trikitilari txapelketen karietara belaunaldien arteko talka sortu zenean, tradizioaren aldarri ozena egin zuen.

Hainbat diskotan ageri da haren artea. Bere lehen grabaketa Enrike Zelaia soinu jotzailearekin egin zuen 1972an, Euskalerriko Erromeria izenburupean. Trikitilariak diskoan ere parte hartu zuen Lajarekin, baita Urrestillako Trikitixa diskoan ere, Antonio Aranaga Auntxa soinu jotzailearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.