Igeltsuaren forma organikoak

Iñaki Garmendiaren 'Ratatatat' erakusketa urriaren 30era arte izango da Bilboko Atoi arte espazio berrian. 'Arkaka Tri-Stan' bideoa, hiru eskultura eta argazki mural bat agertu ditu

Iñaki Garmendia, Atoi arte espazioan, igeltsuzko eskultura baten aldamenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Gorka Arrese.
Bilbo
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Geruzak eta mintzak, hegoak eta oskolak diruditen forma kurbatuak eta sentsualak erakutsi ditu Iñaki Garmendiak (Ordizia, Gipuzkoa, 1972) igeltsuzko hiru eskulturatan. Bilboko Atoi arte espazio berrian sartu orduko, hiru piezak dilindan, hegan edo esekita ote dauden zalantza egingo luke ikusleak, baldin eta eusten dituzten estrabe egiturak eta zurezko armazoiak ezkutatu egin izan balitu artistak.

Atoi arte espazioak ekaineko azken astean zabaldu zituen ateak Iparragirre kaleko 66. zenbakian. Hiru solairu ditu, 40 metro koadrokoak. Sotoan proiekzio gunea dago, behe solairuan erakusketa tokia, eta lehen estaian Tractora kooperatibako artisten estudioa, Ainara Elgoibarren eta Usue Arrietaren ardurapean.

Iñaki Garmendiaren Ratatatat, azken zazpi urteetan berak egindako lehen erakusketa, Atoi espazioak aurkezten duen estreinakoa da. Urriaren 30era arte egongo da zabalik.

«Atoiko lagunekin egindako elkarlan bat da hau», aitortu du Garmendiak. «Era klandestinoan batzen ginen izurrite garaian. Oso gutxitan gertatu zait norbait hainbeste inplikatzea nire obrarekin. Baita afektiboki ere».

Igeltsua isurtzeko keinua

Aspalditik lan egiten du igeltsuarekin. Halako batean, globo batzuk estaltzen esperimentuak egiten ziharduela, «sexu organoen eitea» zuten pieza txiki batzuk atera zitzaizkion. «Eskaiolazko geruzak oso hauskorrak zirenez, argazkiak egin nizkien hondakinei», eta haien erakusgarri osatu du mural bat.

«Igeltsua isurtzeko ekintza kontrolagaitz harekin lanean segitzea erabaki nuen orduan, baina tamaina handian ahalegindurik, monumentu izaerara iristeko moduan». Igeltsuarekin halako eskalan jardutea erronka tekniko bat izan da. «Aproba eta akats asko egin dut».

Formaz konplexuak direlako, batetik, eta istripuz bezala gorpuztu direlako, bestetik, «erronka nagusia izan da teknika bat garatzea, nolabait kontrolatu ahal izateko igeltsua isurtzea, ondoren kurbak, ildoak eta zimurrak eratzeko, oso organikoak diren forma horiek sortzeko», baina prozesuan piezak apurtu gabe.

Oihalak koloreztatzeko Iberia markako tindua erantsi izan dionez igeltsuari, «orain hezetasunaren arabera hiru eskulturak aldatu egiten dira tonoz».

Buru bat urperatzea

Areto sarreran dauden igeltsuzko eskulturak atzean laga, eskailerak jaitsi eta sotoko gelaren ilunpean, Garmendiak 2020ko azaroan filmatutako Arkaka Tri-Stan bideoa proiektatzen da, loop eran, etenik gabeko segidan.

Irudietan, ilunabar batean, goi eta behe euria ari duela, automobil baten barruan jendea ikusten da, diskoteka giroko argiekin eta doinuekin. Ondoren, gauez, bi neska-mutilek buztinez egindako busto bat atera dute autotik; sokez lotu dute, eta putzu batean urperatu. Gero, egunaren argia egin denean, igerileku bat dirudien presa hidroelektriko baten ertzean eserita daude neska-mutilak, buztinezko burua aldamenean dutela, euripean oraindik, atseden hartu duten itxurarekin.

«David Foster Wallace idazlearen kontakizun bati erreferentzia egiten dio Tri-Stan hitzak», ohar egin du Garmendiak. Eta, bestalde, Arkakako putzua CAF enpresaren zentral hidroelektriko bat da, Zaldibian (Gipuzkoan) dagoena, Uraren Interpretazio Zentroa bilakatua. «Gaztetxoak ginenean, Ordiziatik bizikletaz joaten ginen haraino, bainatzera. Orain dela lau urte, Arkakako presara joaten hasi nintzen berriz, sekretuan. Putzuaren tamainarengatik, eszenatoki aproposa iruditzen zitzaidan akzio bat burutzeko: J.S.ren bustoa urperatzea».

Margolaria zen Jose Sarriegi, ordiziarra, 1911n jaioa, Nikolas Lekuona, Narkis Balentziaga eta Jorge Oteiza artisten lagunartekoa. Sarriegik erretratuak egin zizkien margoz eta arkatzez Lekuonari eta Oteizari 1934an; Oteizak Sarriegiren bustoa egin zuen hormigoiz; eta Lekuonak argazki batean hartu zituen eskultura hura eta bi adiskideak. Handik gutxira, ordea, gerra piztu zen. Amaiur batailoiarekin borrokara joan zen Sarriegi; preso hartu zuten faxistek, 1943ra arte gatibu eduki zuten espetxean, eta bien bitartean Oteizak Sarriegiri egindako buru hura galdu egin zen. «Gure amonaren anaia zen Sarriegi pintorea. Lekuonak egindako argazkietan oinarrituta, J.S.-ren bustoa berregin nuen. Horixe da Arkaka Tri-Stan bideoan ageri dena».

Fantasia bat da Garmendiarentzat, «apur bat perbertsoa», buru hori urperatzea. «Han hondoan uztea zen nire asmoa». Baina sartu eta atera egin zuen. «Bataio baten moduko erritu bat edo purifikazio ekintza bat ematen du. Dena den, urrunago iritsi nahi nuen nik: burua putzuan bertan utzi eta zerbaiti bukaera eman, betiko».

Artistaren gogoa da, proiektu zabalago baten lehen urratsa izan dadila ekintza hori, eta noizbait jarraipena izan dezala Ordizian.

Bideoak sarean ikusgai

Bideozko lan asko egindakoa da Garmendia. Aurrenekoa 1999an egin zuen, Kanala izenekoa. Ondoren etorri ziren, besteak beste, Goierri konpeti (2002), Kolpez kolpe (2003), S/T Orbea (2007), 99 Red Love Ballons (2008), Bozo (2013), Bomber (2013) edo Mayor Fatal (2014). Garmendiaren bideoak ikusteko aukera gutxi izaten denez, Atoi espazioak foku.info gunean ipini ditu artistaren hamasei lanak, Ratatatat erakusketak iraun bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.