«Bisionario bat izan zen». Hitz horiekin deskribatu du Joxe Mari Berasategik Herbert George Wells idazle eta filosofo ingeles ezaguna. Fantasiazko munduen sortzaile eta zientzia fikzioaren aitzindarietako bat izan zen Wells XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, haren lanek fantasia zientifikoaren, teknologiaren garapenaren eta mundu utopikoen iragarpen profetikoak jaso baitzituzten. 1894an hasi zen ipuinak idazten, eta 1911n plazaratu zuen haien aukeraketa bilduma bat: Hormako atea eta beste ipuin batzuk. Euskarara ekarri du orain liburua Berasategik, eta Elkarrek argitaratu du.
Zortzi ipuinek osatzen dute liburua, eta Wellsek gaztaroan idatzitakoak dira gehien-gehienak: Hormako atea —liburuari izena ematen diona—, Izarra, Armagedonen ametsa, Konoa, Ilatargiaren fabula bat, Diamantegilea, Dinamoen jainkoa eta Itsuen herrialdean. Berasategik azaldu duenez, idazlearen mundu ikuskeraren erakusgarri dira denak, askotariko gaiak eta giroak jorratzen dituztenak, eta «bikain» erakusten dutenak haren idazteko eta sortzeko trebetasuna.
Ingelesezko idazleen artean «eraginik handiena» izan dutenetako bat da Wells, itzultzailearen hitzetan. Eta horren adibide dira, hain zuzen, haren ipuin eta eleberriek izan dituzten irakurle oldeak. Haren nobela zientifiko nagusiak, esaterako, The Time Machine (1895) eta The War of the Worlds (1898), etenik gabe inprimatu izan dira. «Idazle askoren irudimena itxuratzen lagundu du, Orwellekin hasi, Borgesekin segi, eta zientzia fikziozko idazle guztienganaino». Halaber, film asko egin dira haren nobeletan oinarrituta.
Izan ere, bereziki etorkizuneko iragarpenengatik da Wells idazle ezaguna. Haren istorioetan azaltzen baitira gerora errealitate bilakatu diren elementu eta gertakizun asko, hala nola hegazkina, tankea, bidaia espazialak, bonba atomikoa, satelite bidezko telebista, Internet, Ilargirako hegaldiak eta gizarte zibilaren aurkako airetiko bonbardaketak. Denboran bidaiatzeari, estralurtarren inbasioari eta botere jainkotiarrez hornituriko gizakiei buruz ere idatzi zuen, gainera.
Berasategik, ordea, haren «ikuspegi sozialean» egin du azpimarra: «Maiz aitortzen zaizkio egin zituen profezia zientifikoak, baina asko ez dira ohartzen zer gogor egin zuen borroka bere iragarpen sozialak onartuak izan zitezen». Bere garaiko gertakarien eraginez —mende aldaketa, bi mundu gerrak...—, munduaren gobernabideari buruz ere jardun baitzuen bere lanetan. «Ideia utopikoak» izan ziren horietako asko, mundu osoan estatu bakar bat ezartzearena, kasurako. Haren ideiaren arabera, gobernu orokorrak bermatuko zizkion norbanakoari hezkuntza bat behar bezain ona —bereziki zientzian—, lan asebetegarri bat eta bizitza pribatua gozatzeko askatasuna.
«Lehen Mundu Gerrako katastrofeak erakutsi zuen porrotarekin etsita, mundua berriz heztea proposatu zuen Wellsek», azaldu du Berasategik. Bada, Wellsen eragina argia da Nazio Batuen Erakundearen 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean.
Berasategiren arabera, zientzialari gisa izan zuen prestakuntzan du oinarria Wellsen pentsamendu sozialak. Eta haren ikuspegi politikoa zeharo lotuta zegoen garai hartako teknologiarekin: hain zuzen, bere iragarpenengatik sona eman zion horrekin. Izan ere, heziketa zientifiko horren bultzadan idatzi zituen bere libururik ezagunenak. «Ipuinetan, halere, dagoeneko nabaritzen dira haren kezka sozialak ere, giza izaeraren gainekoak eta gizarte antolamenduaz zituenak».
Gozamenetik abiatuta
Alemanez idatzitako liburuak euskaratu izan ditu Berasategik azken urteetan, batez ere. Peter Handkeren Atezainaren larria penalti-jaurtiketan itzuli zuen iaz, esaterako, eta Leo Perutzen Gauez harrizko zubiaren azpian 2019an, Jesus Mari Olaizola Txiliku-rekin batera. Azken horren itzulpena amaitu berritan, «ustekabean» heldu zitzaion Wellsen ingelesezko ipuinen bilduma eskuetara. «Entzuna neukan H.G. Wellsen izena, baina apenas neukan beretik ezer irakurrita, eta asko gustatu zitzaidan». Inolako asmo jakinik gabe hasi zen bere kabuz itzultzen, «gozamen hutsez».
Berasategik azaldu du, ordea, itzulpena ez dela lan erraza izan, Wellsen ipuinek idazkera «argi, zehatz eta landua» dutelako. «Erronka izan da, bereziki, berak daukan ingeles tradizio aspaldiko hori eta sinpletzat jotzen diren gauza asko itzultzea, agian oraindik euskaraz gehiegi landu gabe ditugulako», nabarmendu du itzultzaileak. Deskribapen fisikoak —«koloreak-eta»— eta mundu industriala girotzeko makinek eta labe garaiek egiten dituzten «hotsak, zaratak eta burrunbak» jarri ditu adibidetzat. «Xehetasun horiek denak euskaraz ematea niri behintzat ez zait erraza egin», aitortu du Berasategik. «Baina gozatu egin dut».
Xabier Mendiguren editoreak azken urteetan euskarazko itzulpenetan egin den lana nabarmendu du. «Itzultzaileen artean gero eta testu hobeak egiten dira, eta hor badago auzolan bat; nik hala sumatzen dut behintzat». Bada, bide horren lekuko izan da Berasategi, eta, adierazi duenez, «faktore askok» eragin dute hobekuntza hori, hala nola hiztegi eta antzeko tresnetan izan den bilakaerak, euskara batuak eta herritarren alfabetatzeak.
Igarkizun eta kezka bete ipuin
Joxe Mari Berasategik euskarara ekarri du Herbert George Wellsen 'Hormako atea eta beste ipuin batzuk' liburua. Zortzi ipuinek osatzen dute bilduma, eta Elkarrek argitaratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu