Azken bi urteetan gertakizun gogorrek oztopoak ezarri dituzte maskaradetan. Santa Grazin iaz eta Gamere-Zihigan aurten. Plazak inauteririk gabe utzi baino gehiago, Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien (XIIO) elkarteak berea proposatu nahi izan du.
Gamere-Zihigako gazteek zuten beren gain hartu aurtengo maskaradak herriz herri eramatearen ardura, herritar baten heriotzaren ondorioz xedea bertan behera utzi zuten arte. Ondotik ,Santa Grazik lekukoa hartu zuen, aitzineko urtean pentsatu baino emanaldi gutxiago egin zituztelako. Azkenean, gazte batzuek ezin zutelako parte hartu, proposamen hori ere segidarik gabe gelditu zen.
Aurtengo urtarrilean, maskaradak hasiak izan ohi direnean, XIIO elkarteak hartu zuen lekukoa azkenean. Prestakuntzarako astia ments izan badute ere, igande honetarako prest izan behar lukete. Bi hilabete iragan dituzte Zuberoako herri anitzetako gazteek trebatzen dantzetan, kantuan eta beltzen jokoetan.
Oihana Larrandaburu dantza irakasleak ukan duen arazo handiena, Agnes Agergarairekin batera, dantza urratsen hautatzea izan da: «Dantzariak herri anitzetakoak dira, eta herri bakoitzak baditu bere urratsak. Hautatu behar izan dugu dantzatzeko manera bakar bat, denak elkarrekin aritzeko gisan». Horretaz gain, Aitzindarietan (bost dantza pertsonaia garrantzitsuak) ez zuten denek esperientziarik, eta, Larrandabururen erranetan, «trebakuntzan eginahalak» egin dituzte, zuten denbora apurrarekin prest izateko.
Iragan urteko esperientzia
Denbora eskas bazuten ere, ikastoletako ikasle ohiek antolaketa guztia beren gain hartu dute. Iragan urtean, XIIO elkarteak antolatu zuen Olaz-Ola... ikas ikusgarriak emandako esperientzia baliagarri izan zaie dudarik gabe. Bi dantza irakasleak eta kantu irakaslea ere lan horietan aritu baitziren, iaz ere.
Nahiz eta gazteek antolaketa beren gain hartu, kanpoko laguntzaile batzuen beharra ere izan dute. «Maskarada denok ikusi badugu ere, batzuek egin badute ere, pertsonaia eta joko batzuen zentzua hobeki ulertu nahi genuen». Oihana Larrandaburuk dioenez, hargatik jo zuten Dominika Titika Recalt, Jean-Jacques Etxeberri, Dominika Agergarai eta Patrick Queheillengana.
Antolatzaile taldeak, karguak edo paperak banatu ondotik, gazteak «libre» utzi zituen, nahi bazuten, berrikuntza zerbait ekartzeko. Hala, lau Xorrotx izanik biren partez, joko tradizionala aldaketa batzuekin emanen dute aurten.
Aldaketak, paper handietan
Tradizioari aldaketarik galdetzen ez diotenek, aurten, sorpresa pare bat hartuko dute seguruenik. Batetik, Buhame Nagusia emaztea izanen delako. Xantiana Etxebestek, rol hori jokatuko duenak, kritikak izanen direla segurtzat jotzen du: «Segur da batzuek kritikatuko dutela Buhame Nagusia ez dadin gizona izan, eta herri batekoak izan partez herri anitzekoak garela». Halere, ez dira, diotenez, kritikez sobera arduratzen. Gainera, Kauter taldean ere, hots Kabanaren taldean, neska bat izanen da lehen aldiz.
Pertsonaia bakoitza nork jokatuko zuen hautatzeko tenorean, Oihana Larrandaburu antolatzailearen erranetan, ez dute «batere kontuan hartu neska edo mutikoa behar zenez, gaitasunen arabera egin dugu».
Kritikak kritika, maskarada zaleen iritziaren berri igande honetan bertan ukanen dute XIIO elkartekoek. Hokin (Sohüta) eginen dute lehen emanaldia, barrikadak 11:00etan hasirik, eta arratsaldeko jokoa, berriz, 15:30ean. Aipagarria da bigarren barrikadan, 11:30ean, Sohütako ikastolaren barrikada hautsi beharko dutela ikasle ohiek.
Hokin hasirik, bost igandez ariko dira segidan; apirilaren 15ean, Urdiñarben, goizean (barrikadak); eta Muskildin arratsaldez. Apirilaren 22an Barkoxen, 29an Lexantzün eta maiatzaren 6an Gamere-Zihigan.
Igandean abiatzen dira
Hokin hasita, Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiek bost igandez emanen dituzte maskaradak Zuberoan gaindiHainbat berrikuntza ekarriko dituzte maskaradetan; bereziki, rol handienetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu