Martxoan iragarri zuen Aritz Zerain Minerrek Bertsozale Elkarteko koordinazio lanetan erreleboa emango zuela. Elkartearen dimentsio handia egokiago kudeatzeko eta mugimenduaren aurrerako beharrei hobeto erantzuteko, biko koordinazioaren formularen alde egin du zuzendaritzak. Udaren atarian egingo du aldaketa elkarteak, eta, horrenbestez, Idoia Trenor Zulaika eta Jon Agirresarobe Lopetegi Torrotxo izango dira Bertsozale Elkarteko koordinatzaile berriak.
Artearen Historian lizentziaduna da Trenor, eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egina du. Gaztetatik hainbat elkartetako kide izan da. Azken urteak euskalgintzan eta feminismoan eman ditu lanean: Euskal Herriko Bilgune Feministan eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartean.
Giza Zientzietan eta Komunikazioan lizentziaduna da Agirresarobe, eta Euskadi Irratian aritu zen esatari lanetan. Azken 11 urteak Bertsozale Elkartean bertan egin ditu, Sustapen Saileko eragile, eta azken hiru Bertsolari Txapelketa Nagusien koordinatzailea izan da. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa ere amaitua du, eta Kultur Kudeaketako masterra ari da egiten.