Ipar Euskal Herriko literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar fundazioak Gazteluma saria jarri zuten abian 2000. urtean, eta, orduz geroztik, bi urtetik behin, liburu proiektu bat lagundu dute diruz. Horri esker, denbora honetan, besteak beste, Eneko Bidegainen Anbroxio, Nora Arbelbideren Goizeko zazpiak, Katixa Dolhare-Zaldunbideren Biribilgune, Maialen Hegi-Lukuren Girgileri anderea eta Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da lanak argitaratu dituzte.
2021ean, ordea, izena aldatu, eta Gazteluma zena EKE-Elkar literatura beka bilakatu zen. Hori ere bi urtetik behin banatzen dute, eta euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazle guztiei zuzenduta dago. Lehenengo aldi horretan, Adur Larrearen Lurbinttoko ohoinak komiki proiektuak irabazi zuen.
Aurten, Mirentxu Ibargaraik, Mayi Saint Estebenek eta Marie-Andree Ouretek osatutako epaimahaiak Idoia Rodriguez Mondragonek aurkeztutako proiektua saritzea erabaki du. Hain zuzen ere, 2023ko deialdirako hautatutako literatur generoa nerabeentzako narrazioa izan da. Epaimahaiak azpimarratu du kalitate handiko proposamenak aurkeztu dituztela aurten.
Rodriguez Mondragonen proposamenak 15 urteko neska gazte baten bizipenak, ametsak eta gogoetak biltzen ditu, «umorez jositako narrazio batean».