Gure Artea sariak

Idoia Monton, Josu Bilbao eta Tractora kooperatiba dira 2024ko Gure Artea sarien irabazleak

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Monton; sorkuntza lana aitortu diote Bilbaori; eta arte plastikoetan eta ikusizkoetan egindako lana hartu diote aintzat Tractora kooperatibari.

Gure Artea sariak banatu dituzte gaur goizean, Gasteizko Artium museoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gure Artea sariak banatu dituzte gaur goizean, Gasteizko Artium museoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteiz
2024ko uztailaren 12a
12:15
Entzun

Idoia Monton eta Josu Bilbao sortzaileek eta Tractora kooperatibak jasoko dituzte aurten Gure Artea sariak. Ibilbide artistikoagatik saritu dute Monton; sorkuntza lana aitortu diote Bilbaori; eta arte plastikoen eta ikusizkoen arloan egindako lana hartu diote aintzat Tractora kooperatibari —Ainara Elgoibarrek eta Usue Arrietak osatzen dute—. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Peio Agirre artistak jakinarazi dituzte irabazleen izenak. Gasteizko Artium museoan egin dute agerraldia. Sariak banatzeko ekitaldia, berriz, udazkenean egingo dute, Bizkaian.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sortzaileak eta haien lana goraipatzea da Gure Artea sarien xede nagusia. Izan ere, arte plastikoen eta ikusizkoen arloan banatzen diren «garrantzitsuenak» dira Gure Artea sariak, Jaurlaritzak gogora ekarri duenez. Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte udazkenean Bizkaian egingo den sari banaketan. Agirrerekin batera, Ismael Manterola arte historialariak, Carmen Garmendia erakusketa koordinatzaileak, eta Susana Talayero eta Laida Lertxundi de Prado artistek osatu dute epaimahaikideen zerrenda, baina Agirrek azaldu ditu hartu duten erabakiaren arrazoiak.

30 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du Montonek (Donostia, 1969), eta oraindik ere lanean dabil. Agirre: «Duen jarrera ausarta, arriskutsua eta aurreiritzirik gabea nabarmendu nahi izan dugu, ohiko kanonetatik desegina, joera artistiko hegemonikoetatik kanpo kokatzen dena». Horregatik egin diote aitortza haren bideari. «Genero, hizkuntza eta teknikei dagokienez, moldakortasuna eta hainbat eremutan mugitzea» aitortu diote, hain zuzen ere, Montoni. «Sari hau etorkizuneko denbora da niretzat, eta hori da, hain zuzen ere, behar dudana, espero baitut lanik onenak oraindik egiteko egotea», eskertu du Montonek berak.

Izan ere, bere proiekturik berrienetan, egungo krisi garaiari erreparatu dio Montonek, eta, epaimahaiaren arabera, errealitate horretara «ikuspegi kritiko batetik» hurbildu da, pinturaren praktika «erradikalizatzen» ari dela jabetuta.

Egungo krisi garaiari erreparatu dio Montonek, eta, epaimahaiaren arabera, errealitate horretara «ikuspegi kritiko batetik» hurbildu da, pinturaren praktika «erradikalizatzen» ari dela jabetuta

Josu Bilbaoren kasuan (Bermeo, Bizkaia, 1978), haren sormen jarduera aitortu du Gure Artea sariak. Epaimahaiaren ustez, Bilbao «artisten belaunaldi berri bateko kide da, eta artista horien lanek interes bat dute, bizi garen eremua ikuspegi kritiko batetik aztertzekoa». Horrez gain, Agirrek haren jarrera «berezia» azpimarratu nahi izan du, «praktikaren beraren potentzialtasunetik abiatuta jarduteko modu bat aldarrikatzen baitu, hau da, artistena, erakusketa espazioen erabiltzaile gisa».

Haren obra, gainera, Bilduma Partekatuan dago —Artiumen, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Tabakaleran—, eta 2023an Arte Plastikoetako Leonardo beka jaso zuen. Orain bakarkako bi erakusketa prestatzen ari da. Bat Gasteizko Artium museorako, eta bestea Bartzelonako Miro fundazioaren Espai 13 aretorako, biak ala biak 2025erako.

Kooperatibari eskerrak

Artea sortzeko ez ezik, hura hedatzeko egindako esfortzua ere —literaturan, irratian eta hezkuntzan, besteak beste— aitortzen dute Gure Artea sariek. Eta arlo horretan egindako lanagatik saritu dituzte Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta Tractora kooperatibako kideak. 2018an abiatu zuten proiektua, artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa. Hainbat izan dira proiektua saritzeko arrazoiak: «Euskal komunitatearen testuinguru artistikoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpen oparoagatik, bere jardueren kalitateagatik eta berezitasunagatik, bere proiektuak beste sektore kultural batzuekin lankidetzan garatzeagatik, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaltzeagatik eta balioesteagatik, eta horien garapenean eta sustapenean duen garrantzi artistiko-kulturalagatik».

Elgoibarrek eta Arrietak esker hitzak izan dituzte gaur eginiko agerraldian: «Esker bereziak eman nahi dizkiegu bide honetan sortu ditugun lan bereziak eraikitzen lagundu diguten guztiei». Eta gehitu dute arteak «mundua eraldatzeko eta birsortzeko ahalmena» duela haien ustez: «Guk beti sinistu izan dugu horretan».

Aurtengo lau sarituetatik, hiru emakumeak izan dira. Momentu oro nabarmendu nahi izan dute emakumeek artearen munduan egiten duten lana, eta, bereziki, dituzten zailtasunak. «Askotan alderdi ikusezinak gara emakumeak, eta emakume artista izanik, are eta ikusezinagoak», azpimarratu du Bengoetxeak. Eta gehitu du: «Inork ez daki zuek baino hobeto zein zaila den artista izatea, baina batez ere, emakume izanda».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.