Idoia Beratarbide eta Oier Guillan dira Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren irabazleak

'Artxibo biluzia' saritu dute, Torrealdairen artxiboen lapurreta abiapuntu duen proiektua.

Oier Guillan, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi. JAKIN
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 7a
12:49
Entzun

«Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, baina bai intelektualki». Joan Mari Torrealdaik horrela deskribatu zuen Euskaldunon Egunkaria itxi eta artxibo guztiak lapurtu zizkiotenean izan zuen sentsazioa. Sentimendu horiek abiapuntutzat harturik, Artxibo biluzia proiektua ondu dute Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek, eta hori izan da Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren lehenbiziko edizioaren irabazlea. Beratarbidek eta Guillanek hemezortzi hilabete izanen dituzte proiektua martxan jartzeko.

Gaur goizean eman dute ikerketa bekaren irabazleen berri, Usurbilgo Potxoenea kultur etxean (Gipuzkoa). Bertan izan dira Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea, Haritz Azurmendi Jakin Fundazioko kidea eta Oier Guillan, bekaren irabazleetako bat. Guillanek proiektuaren xehetasunen berri eman du, eta azaldu hiru kezka izan dituztela oinarri egitasmoa martxan jartzeko: antzerki dokumentalari buruzko kezka, gertakizun handien itzalean gelditu diren gertakizun txikiak jendarteratzea eta ohiko formatuekin amaitzeko behar eta nahi bat.

Guillanek erran du kezka horiek gidari izanik erabaki zutela lantzea Torrealdaik bere artxiboak galdu eta gero erakutsi zuen «hauskortasuna». Hala, sorkuntza eta prestakuntza uztartzen dituen egitasmo bat aurkeztu dute. Batetik, hiru gaien inguruko hiru pieza labur prestatuko dituzte datorren udaberritik aurrera, eta udazkenean zabalduko dituztela espero dute. Bertzetik, performance tailerrak antolatuko dituzte datorren udazkenetik aurrera. Guillanek azaldu du ez dela inolako formakuntzarik behar tailer horietan parte hartzeko: «Istorio bat transmititu nahi duen edonork parte hartu dezake».

Solaberrietak, berriz, adierazi du ezen, behin irabazlea zein den jakinda, hurrengo pausoa ideia hori «gorpuztea, mamiz betetzea eta, gero, herriari eskaintzea» dela. Izan ere, gogoratu du ikerketa bekaren helburua zera dela, Usurbildik Euskal Herriari ekarpen bat egitea, eta, horretarako, Torrealdaik landu zituen alorretan zenbait egitasmo antolatzea.

Lehenbiziko edizioa

Azurmendik erran du balorazio «oso ona» egiten dutela lehenbiziko edizioaren gainean. Orotara, hamahiru proiektu aurkeztu dituzte, ikuspegi eta estilo anitzetakoak. Aurten, epaimahaia Maialen Akizuk, Eduardo Apodakak, Ibai Iztuetak eta Ainara Lasak osatu dute. Eta, Azurmendiren arabera, «aho batez» erabaki dute nor izanen den irabazlea.

Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak lau urterako hitzarmena sinatu dute, eta bi urtean behin eginen dute deialdia. Udalak 15.000 euro jarriko ditu ikerketa bekan, deialdia egiteko eta proiektua zabaltzeko. Jakinek kudeatuko du beka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.