Artista bere estudioan (I). Manu Muniategiandikoetxea

Identitateen malabarista

Beste izatea. Hori da Manu Muniategiandikoetxea artistaren jolasa, eta horretan aritzen da Astigarragako estudioan. Kaos moduko baten erdian aritzen da beste artista batzuen lanak ikertzen, haien azalean sartzen eta haien lanak bere egiten.

Manu Muniategiandikoetxea artista Astigarragan duen estudioko sarreran eserita. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Astigarraga
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Arazo bat du ordenarekin Manu Muniategiandikoetxeak (Bergara, 1966). Bere estudioan, behintzat, bai. Hala dio berak, eta, egia esan, ez dago kaosetik oso urrun Astigarragan duen tailerra. Nahaspila bat da haren lantokia, baina ez haren gusturako. Lotsa, inbidia eta etsipenaren arteko zer edo zer suma daiteke haren hitzetan, berea beste artisten lantokiekin alderatzen duenean. Ordenatuagoa izan nahi luke sakonean, baina ezin. «Beste artisten estudioak ikusten dituzu, eta ikusten duzu dena ordenatuta dagoela. Ikaragarria iruditzen zait niri ordena hori. Ezinezkoa. Baina gero ohartzen zara artistak ere halakoak direla, ordenatuak. Ni ez. Denbora batez uste duzu urteekin-edo aldatu egingo zarela, txukunduz joan direla zure ohiturak... baina ez, ez. Horrelakoa naiz ni; zerri bat. Kaos hutsa».

Urteak dira Arte Ederren Fakultatea utzi eta artean hasi zenetik. Margolaria dela dioen arren, eskulturarekin makina bat proba egina da azkenaldian. Biltoki gisa ere erabiltzen du estudioa, eta bertan gordetzen ditu egin dituen pintura eta eskultura lan horietariko asko. Luzea da horregatik estudioan dituen objektuen inbentarioa. Luzea eta ikusgarria. Nahasian ditu artea eta arteaz bestelakoak. Zaborretatik bildutako landare batzuk, sarreran, pintura pote batzuetan sartuta. Pintura gorria, lurrean —orain hilabete batzuk egindako ekintza baten aztarna—. Murtziako La Conservera arte zentroan (Espainia) egindako erakusketarako erabilitako piezak, bazter batean. Eta zabor mordoxka bat ere bai atari aurrean. Paperak, kartoiak, zur puskak... «Beti esaten dut zabor hori bota behar dudala, baina hor dago oraindik».

Lanerako erabiltzen duen mahai gainean ere kaosa nagusi. Liburuak, marrazki batzuk, arkatzez eta boligrafoz beteriko kristalezko poteak. Horraino dena normal, nahiko normal. Baina gehiago ere badago: umeentzako gozokiekin ematen dituzten iruditxoak, bere piezen maketa puskak, edalontzi bat... eta pistola bat. Bideo jokoetarakoa da. «Lanean hasi aurretik, beti egiten ditut berotze ariketa batzuk pintzelarekin; zertan nabilen ere pentsatu gabe, tresnak hartu, eta margotzen hasten naiz. Eta asko gustatzen zait umeen iruditxo horiek marraztea». Haurrek eskoletan aurrez erabilitako paperak erabiltzen ditu horretarako. Zaborretatik hartutakoak. Eskola bukatzean, paperak noiz botako dituzten zain egoten da. «Pena ematen didate han, eta begira zer orri majoak diren».

Birziklatzea da Muniategiandikoetxearen egiteko artistikoaren funtsa ere. Nolabaiteko birziklatzea bai, behintzat. Beste artisten lanak hartu, eta berriz egiten ditu. Hala, Alexander Rodtxenko eta Bruce Naumanen lanak ditu estudioan. Rodtxenkorenak eta Naumanenak badirenak, baina era berean harenak ere badirenak; Muniategiandikoetxearenak. Izan ere, jabetu egiten da beste artisten lanez. Birziklatu-edo egiten ditu. Eta hori da, hain zuzen ere, haren arteari buruzko diskurtsoaren ildo nagusia: jabetze prozesu horrena. Malabaristen pare, jolaserako tresna dira bergararrarentzat autoretzaren eta identitatearen kontzeptuak. Sorkuntzarako abiapuntu.

Beste artisten larruan

Bernardo Atxaga idazlea eta Marcel Duchamp eta Martin Kippenberger artistak dira joera horren erantzuleak, Muniategiandikoetxeak dioenez: «Duchampen aulki batzuen bertsioak egiten hasi nintzen, eta pisu handia izan zuen Atxagak ere niretzat. Obabakoak liburuan badu Bagdadeko lapurra izeneko ipuin bat. Bi bertsio ematen ditu, eta galdera egin: egindakoa plagio bat ote den edo ipuin moderno bat ote den. Kippenbergerrek baditu halako jolas batzuk. Batzuetan ez dakizu non bukatzen den bestearen obra, eta non hasi zurea. Muga horretan liberatu egin nintzen. Ni bestea naiz. Beste artista horren larruan sartzen naiz, eta hala egon naiteke galduta bi urtez pieza batean». Autoretzaren zurrunbiloan, alegia.

Gehiagorekin ere pasatu zaio hori, baina azkenaldian Rodtxenkorekin bereziki. Urteak daramatza Muniategiandikoetxeak haren lanekin lanean. Haren lanak bere egiten. Finean, hura izaten. Argazki batean ikusi zituen lehenengoz artista errusiarraren eskulturak. Eskultura pieza txiki batzuk ziren, konstruktibistak. Harra piztu, eta ikertzen hasi zen. Margotu egin zituen, lehenik, eta eraiki ondoren. Azkenik, haren lanen hainbat bertsio egin zituen, eta, Rodtxenkok bezala, armairu baten gainean ditu orain Muniategiandikoetxeak ere estudioan.

Bi urratseko prozesua da, beraz, artistaren jabetza ekintza. «Piezak nola egiten zituen ulertzeko, nik neuk ere pieza bera egin behar nuela pentsatu nuen, eta hemen daude berreraikitze horietariko batzuk. Bertsioak egin nituen gero. Beste artista bihurtzen naiz lehenik, eta gero apurtu egiten dut hark egindako lana. Nire bihurtzeko». Baina maiz beste artista bihurtzea lortzen duenetan ere, erantzunik gabe gelditzen zaizkio galdera asko. Transformazioa ez da erabatekoa. «Nik laserrarekin moztu ditut Rodtxenkoren zurezko eskultura batzuk muntatu ahal izateko piezak, baina nola moztuko ote zituen tipo hark bere pieza haiek 1927an? Ideiarik ere ez».

Margolaria dela bai, baina idazle txarra ere badela dio Muniategiandikoetxeak. Gabezia horrek sakondu zuen besteen lanak erabiltzeko zuen joera. «Bekak eskatzeko paperak aurkezten nituenean, sekula ez nuen arrakastarik izaten. Aspertuta, azkenean, margolan batzuekin batera Atxagaren poema bat sartu nuen. Beste azalpenik gabe. Eta eman egin zidaten beka. Epaimahaiko batek galdetu zidan zer esan nahi izan ote nuen harekin. Eta erantzun nion testuak nik idazten nituenetan ez nuela sekula bekarik lortzen, eta horregatik margotu nituela koadroak, eta horregatik jabetu nintzela testuaz. Ordutik hona, hori egiten dut beti. Testu bat nik idatzi eta idazleren batek borobildu, edo zuzenean besteen testuak erabiltzen ditut bestela». Horretan dabil orain ere. «Testuak lapurtzen». Roland Barthes pentsalari frantsesaren liburu bat erakusten du.

Hala irakurtzen ditu liburuak. Berak idatzi gabeko bere hitzen bila. «Irentsi egiten ditut. Nik badakit zer nahi dudan, eta horren bila abiatzen naiz. Guztiok egiten dugu hori. Aurrez badakigun zerbaiten bila abiatzen gara liburuetara. Zuk zeuk esan nahi zenuen zerbait esaten duten testuen bila aritzen gara. Hala ibiltzen naiz ni neu ere. Nobela bat nola prestatzen den kontatzen du Barthesek, adibidez, eta ni neu egiten ari naizena ere primeran azaltzen du, erakusketa bat antolatzen nabilelako. Hark esana du nik baino lehenago, eta nik ez dut hobeto esango». Liburu mordoa du estudioan. Armairuan sarturik haietariko asko. Mahai gainean beste mordo bat. Eta estudio osoan zehar ere bai, sakabanatuta, bat baino gehiago.

Pieza baten faltan

Bada denbora halakoetan dabilela, eta, azkenerako, badu jabetzetarako metodo moduko bat. Ez sistema automatiko bat, baina bai metodo bat. Pintatu egiten ditu lehenik beste artista horien lanak, eta eskulturara itzultzen ditu gero. Berriz margotu egiten du ondoren berak sorturiko eskultura hori, eta margoa berriz eskultura bihurtu... Hala egiten du digestio ariketa. Diziplinaz diziplina. Lanez lan. Harik eta bere burua beste artista sentitzen duen arte.

Esan bezala, ordea, ez da sistema automatiko bat, gutxi gorabeherako metodo bat baizik. Sorpresak ere badu pisurik Muniategiandikoetxearen sorkuntza prozesuan, eta ez txikia, gainera. Bere pintura eskoletan ikasle izandako baten koadro bat du orain pieza kuttuna. Besteren sinadura duen arren, bere egina du jadanik. Laserra baliatuz, bederatzi zirkulu zentrokidetan moztu du ikasleak margoturiko paisaia erdi kostunbrista. Eta moztutako zirkulu zentrokideak biratzen dituenean, koadro abstraktu bat bilakatzen da hasiera batean baserri baten irudia erakusten zuen koadroa. «Nire piezarik maiteena da hau oraintxe». Besterena, alegia. Eta, halere berea.

Ezker eskuin dabil estudioan lan horren bila, apalategi batetik bestera, piezak hartu eta piezak utzi, azalpen jarrai batean. Azkenean aurkitu du bere ikaslearen lanarekin egin duen bariazioa, eta gelditu da. Ikusi egin du eta larritu egin da, ordea. Pieza bat falta zaio. Zirkulu bat. «Badakit orain denbora gutxi erabili nuela zerbaitetarako... baina ez dakit non egon daitekeen...». Bila jarraitzen du, estu xamar. Ez du aurkitzen. Apartatzen ditu apalategietako piezak, nahasten ditu mahai gainean dauden gauzak, baina ezer ez. Faltan den zirkulua ez da ageri. Estu dabil, baina ez luzaroegi. Aski du esaldi batekin, dirudienez: «Hor nonbait egongo da». Bere azalpenekin jarraitzen du gero. Bere hitzak lagunduko dituen hurrengo piezaren baten bila.

Ikasleak, langile

Zarautzen ematen ditu pintura eskolak Muniategiandikoetxeak, eta han egingo du bere hurrengo pintura erakusketa. Bere izena izango du, baina ikasleek margotuko dituzte koadroak. «Nire erakusketa izango da, baina haiek pintatuko dute», azaldu du artistak irribarre bihurriz. «Hori egiten zuten Velazquezek eta beste askok ere. Langileak izaten zituzten beren estudioetan. Nire langileak ikasleak izango dira. Hondoak egiten jarriko ditut batzuk, bukaerak egiten besteak, eta nik neuk ere izango dut askatasuna margotzeko. Ikasleek onartu dute, eta kultur arduradunek ere bai. Denek barre egiten dute, baina oso talde ona dut». Irri egiten du berak ere azalpenarekin, baina serio ari da. «Kippenberger-ena da ideia, berez. Berak eskatu eta berak bideratutako koadroekin antolatu zuen erakusketa bat, baina koadroak, berez, ez ziren harenak. Nik berdin egingo dut».

Espazio ahalik eta txikienean ahalik eta adierazpenik handiena lortzen saiatzen dabil orain ikasleekin. «Niri kosta egiten zait, baina nire ikasleek ederki lortu dute espazio txiki batean indarrez aritzea». Oteiza da, bere hitzetan, maisuetan maisu. «Munduan ez dago inor bera bezala hain gauza txikiekin hain gauza handiak egin dituenik». Oriotarrak estudioan klerarekin egiten zituen esperimentuez ari da, batez ere. «Ea nor den kapaza halako makro obra bat egiten halako mikro espazioetan».

Oteizarengandik Rodtxenkorengana egiten du salto gero. Eta hasten da alderaketa. Artista errusiarraren egunerokoakirakurtzen dabil azkenaldian, eta bere burua ikusten omen du haren hitzetan. «Ikaragarria da. Irakurtzen duzu orduan berak idatzia, eta ohartzen zara zehatz-mehatz egun artistek dituzten arazo berak zituela berak orduan ere. Diru arazoez mintzo, pieza sortzeko duen tentsioaz, dituen kezka estetikoez, saldu duen pieza bati dagokion dirua ezin kobratuz dabilela... Berdin-berdina! Oteizaren hitzak irakurri eta hura ere berdin! Andrei Tarkovski zinemagilearen egunerokoak irakurri eta hura ere berdin! Film hau edo hura egiteko diru aski izango ote zuen ezin kalkulatuz. Eta artista handiez ari naiz hizketan. Haiek arazo horiek bazituzten, pentsa ezazu nola ibiliko garen ni eta nire pareko artistatxoak!».

Hori da Muniategiandikoetxearen jolasa: beste izatea. Eta nahasi egiten dira, azkenean, besteren arazoak eta bereak. Dantza batean dabiltza identitateak Muniategiandikoetxearen estudioan. Baina bada arazo bat bere-bere duena: ordenarekin duena, eta estudioa da horren isla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.