Ahotsa lantzea bizitzan ongi barneratutako jarduna da Idoia Tapia musikari eta aktorearentzat (Iruñea, 1998). Hain zuzen, Skabidean taldeko abeslari gisa igo zen oholtzara, antzerkigintzari heldu baino lehen. Musika taldea atzean utzia du antzerkiaren mesedean, baina ahotsaren modulazioak sortzen dion lilura ez du artean ahantzi. Musikan erabiltzen diren efektu artifizialak —autotunea eta beste— «oso iradokitzaileak» iruditzen zaizkio Tapiari, eta horiek antzerkira eramatea bere buruari jotako erronka bihurtu du. 2023an, Arte Dramatikoko ikasketak amaitu eta gradu ondoko lana aurkeztu behar izan zuenean, grina horri heltzeko probestu zuen. Proba prozesu horretatik sortu da, hain zuzen, Alter Nation.
Ahots efektuen garrantzia
Forma, hortaz, muina baino lehenagokoa da Tapiaren konferentzia performatiboan. Gailu elektronikoen bidez lortutako ahots efektuek dramaturgiari zer onura ekar diezaioketen probatzen hasi, hainbat pertsonaia sortu, eta bakarkako entseguetan horiek lantzen ari zela, ezustean otu zitzaion muina izan zitekeena: identitate nahasmendu disoziatiboa. Tapia: «Aukerako gai bezala atera zen, besterik gabe. Sortu nahi nuen pieza horretarako aitzakia ona iruditu zitzaidan nahasmendu hori». Aktoreak garrantzitsu deritzo gaiari heltzeko motibazioari eta lanketa moduari. Alde horretatik, azpimarra egin du: «Nahasmendu horri buruz gauza handirik ez dakit: nire inguruan ez dago inor halakorik pairatzen duenik. Beraz, gaiari ezjakintasunetik heldu diot, eta nire neurotypical egoera pribilegiatutik, baina begirunez, errespetuaren mugak pasatu gabe».
«Gaiari ezjakintasunetik heldu diot, eta nire 'neurotypical' egoera pribilegiatutik, baina begirunez, errespetuaren mugak pasatu gabe»
IDOIA TAPIAAntzerkilaria
Nahasmendua pairatzen dutenek zer esan dezaketen kezka iturri izan zaiola aitortuta, apal agertu nahi du betiere, baina aldarrikapen bat ere egin du: «Esku hartze artistiko bat da Alter Nation». Horren harira, bere erreferentzia inportanteenetako bat hartu du hizpide: «Cris Blancok [antzerkilari eta dantzari madrildarra] esan zidan, elkarrizketa batean, menperatzen ez duzun zerbaitetara hurbiltzeak gauza interesgarri asko dituela, besteak beste toki jolasti batetik abiatzen zarelako».
Azaletik eta umorez
Formatua lagungarri izan zaio Tapiari: «Formatu guztien artean, konferentzia performatiboa aukeratu nuen, horrek azalpenak ematea eta neure burua justifikatzea ahalbidetzen baitit». Alabaina, nahasmenduaren sakoneraino iristea ez da inoiz izan Tapiaren asmoa, besteak beste, umorez heldu diolako eta komedia duelako gogoko generoa. Lanketa prozesuan deskubritu dituen alde ilunak bazter uzteko ahalegin berezia eginda, beste bide batetik jo du antzerkilariak: «Nahiago izan dut nahasmenduaren une jostagarriak aurkitu eta horietan barneratu».
Artistaren hitzetan, bere «lehen lan profesional landua» da Alter Nation. Pieza oholtzaratzeak ez du aktoreen lanik eskatuko, Tapiarena besterik. Bera da 45 minutuz jendaurrean arituko den bakarra, eta aurrez idatzitako testu bat du oinarri; Tapiak sortua da hori ere, eta Matxalen de Pedro antzezleak egin dio gainbegiratua. Antzeztuko dituen pertsonaia ugarien trantsizioetan, tarteka, musika izango du lagun Alter Nation-en sortzaileak: «Badira abesti batzuk, nireak, baina antzerkia izango da gehiena». Izenburuak, bestalde, nahasmendua pairatzen duenaren baitan dauden identitateen alternantziari egiten dio keinu: «Izatez, hitz joko bat da, baina guztiz ulertzeko pieza ikusi beharra dago».
'Alter nation'
Noiz: martxoaren 21ean. Non: Bilboko Itsasmuseumen.
Ordua: 19:30. Iraupena: 45 minutu inguru. Sarrera: 8 euro (Lorazainentzat 6 euro).