Literatura. 'TXAKUR INGELESAK'

Identitate kaosaren dantza

Bixente Serrano Izko.
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Egilea. Lutxo Egia.

Argitaletxea. Susa.

Moderniaosteko kaosaren orgia dugu Lutxo Egiaren ipuin bilduma hau. Lacanen Erreal antzemanezina, haren subjektuaren tipula-izaera —azalen metaketak osaturiko subjektua baina nukleorik gabea—, eta, batik bat, ikuspegi horren gauzapen bat identitate arloan, Derridarena, non pertsonok espektro, mamu gara/zaizkigun. Jaiotza eta heriotza baino esanguratsuagoak zaizkigu agertze eta aienatzearen arteko jokoan dabiltzan gure presentziak eta absentziak. Moderniako konstruktoen aurrean moderniaosteko dekonstruktoak (barkatu hitz bitxia).

Lasai zaitez, narrazio-irakurle hori, gure gaurko idazleak ez zaitu sartuko filosofia sakon horien labirinto-bihurgune teorikoetan, ezta keinu batere ez dizu eginen bera horretan dabilela zuk ulertzeko eta aukeran barkatzeko, ez dizu eginen halako konplizitate keinu batere. Baliteke, gainera—ideiarik ere ez dut nik Lutxo Egiaren heziketa filosofiko akademikoaz, eta bortz axola—, idazlea kontziente ez izatea erregistro-liburuetako zer filosofiari eman dion gorpuzkera narratiboa, egiantza, bizitza imajinarioa.

Narratzaile huts agertzen daki idazle honek, ez narratzaile bihurturiko filosofo teoriko. Bertze garaietan erraten zen bezala, arrazazko narratzaile dugu egilea, liburuari izena eman dion ipuinaren Txakur ingelesak bezain arraza purukoa. Baina filosofia akademikoetan aditua izan ala ez, agian horretaz kontziente agertu ez nahi arren, badu ikuspegi obsesibo bat munduaz, errealitateaz, norbanakoon identitateaz, guztiz bat datorrena goian aipatu filosofiekin. Oso ikuskera emankorra sormen literaturarentzako. Errealitate fisiko eta birtualaren arteko muga labainkorrean mugitzen dira bilduma honetako istorio ia guztien pertsonaiak, agertu/desagertu, presente/absente, bizi/hil joko batean, halako espektroak bezala, baina hala holako aztarnak uzten dituztenak gure irudimenezko errealitatean, aztarnak beraiek ere agertu/desagertu eta abar joko horretan ibiltzen direlarik.

Forma eta garapenaren aldetik konbentzionalagoa, klasikoagoa den lehen ipuina —Txakur ingelesak— salbu, bertze guztietan ibiliko da irakurlea muga labainkor horretan, aztarnek, profilek, oihartzunek, abesti-doinuek, geografia anitzek, irudiek, argiek, koloreek, itzalek… etengabe aldakorrek nabartzen duten muga horretan; biografiak eta kontrabiografiak, identitate plagioak, zendu edo hiltzear daudenen obituarioen asmatzaileak, identitate-trabestismoak, hildakoen ala edonola desagerturikoen espektroak… izanen ditu irakurleak bidaide, azti, igarle, zer-nolako errealitatean bizi garen pentsatzeko akuilu. Kaos batean murgilduko da irakurlea, ordena antzemanezin baten erdian.

Erregistro lehor batez idatziriko narrazioak. Hain poetikoa—malenkoniatsua, dramatikoa, lirikoa…— izan daitekeen mundu birtual erreal hau islatzeko, erregistro idor eta hotz horren hautua egin du Lutxo Egiak. Narrazio desberdinetan, gertaeren eta zertzeladen segida bat dago, elkarren arteko lotura anitzen elipsiak nagusi halere, eta inpresioa izan dezake irakurleak narrazio bakoitzaren gorpuzkera falta dagoela, bakoitzean hainbat gauza gertatu arren ez dakiela zer gertatzen den, narrazioaren osaera aienatuko bailitzaion. Baina, pentsatzera jarrita, zer narrazio argi antola daiteke erromantizismotik ezer ez duten espektro eta mamuekin, moderniaosteko dekonstrukto hauekin?

Halaz ere, bihurgunez beterikoa, batere ez light, ados, baina narrazio guztiek dute lehen planoko irakurketa. Hortaz haratago, hamaika ulerkera goza dezake ur handiagoetan murgiltzeko prest dagoenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.