Identitatearen gaineko bi hausnarketa dira. Bat, bakoitzak bere buruarekin izan dezakeena, eta bestea, Internetek norberari eragiten dion aldaketaz. Horren ingurukoak dira Itziar Otegiren Ezer ez dago utzi nuen lekuan eta Jon K. Sanchezen Ez-izan narratiba lanak, aurtengo Donostia Hiria sariaren garaileak. «Protagonistek bere bururarekin bakea bilatzen dute istorioetan zehar», adierazi du Otegik, kontakizunen alorreko garaileak. Helduentzat idatzi duen lehen ipuina da, beretzat hain «kutttuna» den generoan. Sanchezek, berriz, teknologia berriak eta heriotza uztartu ditu antzerki testu batean, eta oholtzara eramatea baino ez zaio falta.
Oiartzunen jaioa da Otegi, itzultzailea ogibidez, eta Gasteizen bizi da. Ipuinekin duen harreman estua azaldu du: «Askotan esaten da jendea ipuinak idazten hasten dela, gero eleberrietara joateko, baina hori ez da nire bidea izan. Ipuinaren generoa gustatzen zait, bai idazteko bai eta irakurtzeko ere». Horrez gain, azpimarratu du ipuinak hurbilagoak zaizkiola irakurleari, eta eragin handiagoa dutela horri esker. «Aukera asko ematen dizkigute ipuinek, eta, horregatik, efektu asko lortu ditzakegu jendearengan».
Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak esan du liburua ez dela luzea, baina hainbat teknika narratibo erabili dituela bertan Otegik. Horri erantzunez, liburuaren egileak zergatia azaldu du: «Irakurleari askotariko eskaintza eman nahi nion, eta horregatik bilatu dut aniztasuna idazteko orduan». Hala ere, idazleak adierazi du kezka nagusia ez duela irakurleari interesa piztea izan, baizik eta istorio bakoitza kontatzeko modu eraginkorrena aurkitzea. «Kezka hori landuz atera zaizkit teknika horiek, ez da esperimentu bat izan».
Bada ipuin guztiak biltzen dituen gaia: identitatea. Otegik aitortu du identitatearen etengabeko azterketa batean ardazten direla kontakizunak: «Pertsonaia gehienak momentu zail batean daude, eta bere buruarekiko arroztasun bat sentitzen dute». Izenburuaren aukeraketa ere gai beraren inguruan egindako hausnarketa batek eragin zuen. «Istorioetan pertsonaiak beste leku batera joan dira, eta itzultzean ez dute bere burua ezagutu. Horregatik, helburua bakoitzak bere buruarekin bakea egitea da».
Istorioak Bidasoa ibaiak sortzen duen mugan, Hondarribian, Lesakan eta Genevan (Suitza) girotuta daude. Egileak argi dauka bere biografiarekin lotura handia dutela leku horietariko batzuek: «Harreman afektiboa daukat hainbat lekurekin. Uste dut kokapenek badutela garrantzi handia nire ipuinetan, lekuak ere baduelako zer esan istorioan».
Teknologia berrien eraginak
Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak aurkeztu du Sanchezen antzerki testua: «Hemen ere identitateei buruz hitz egiten da. Gai sakon bat aurkeztu digu Jonek, eta antzerki saio ero bat dela ere esan dezakegu. Zirrara, beldurra eta barrea pizten ditu». Teknologia berrien eta narratologiaren arteko harremanean aditua da Sanchez, eta ikerlari moduan egiten du lan. Interneteko kulturaren inguruko hainbat hausnarketa landu ditu, askotariko proiektuetan. Orain teknologiak eta heriotza batu ditu.
Sanchezek uste du teknologiaren inflexio puntu batean dagoela gizartea gaur egun, adimen artifizialagatik, metabertsoagatik eta errealitate birtualagatik, besteak beste. Sanchez: «Ez dakit negatiboak ala positiboak diren teknologia berriak, baina argi dago hainbat aldaketa eragin dituztela gure bizitzan. Horren harira, nik galdera bat planteatu nuen: eta heriotzarekin zer gertatzen da?». Gizarteak heriotzarekin duen harremana teknologia berriek nola aldatzen duten aztertu du testuan.
Antzezlan «bizi bat» sortu nahi izan du egileak, eta aitortu du bere influentziak zinema klasikoko komediak izan direla, esate baterako Frank Capraren eta Billy Wilderren filmak. «Antzerkiaren aldetik, berriz, Samuel Becketten lanak izan dira nire erreferenterik handienak, eta, horregatik, antzezlanak baditu fantasiazko elementuak ere». Internetek hainbat galdera sorrarazi ditzake Sanchezen ustez; «nor gara?» edo «nor izango gara?», adibidez. «Bakoitzaren izaera gero eta gehiago oinarritzen da Interneten duen izaeran».
Sinesmena aipatu du Mendizabalek, eta, Sanchezek horri erantzuna emanez, adimen artifiziala eta jainkoak alderatu ditu: «Adimen artifizialak dena daki, orojakilea da, jainkoak bezala. Erantzun guztiak dituzten zerbait dira, ukitu ezin diren gauzak ere badira. Teknologia berriak mitoetara hurbiltzeko joera izan dugu beti».