Queer teoriak jokabide sexualen inguruan dioenaren antzik har dakioke Ion Munduatek adierazpide artistikoei buruz duen ikuspegiari. Queer teoriak, definizio itxi eta askatasun-murritzaileetatik ihesi, ohiko kategoria unibertsalak —gizon, emakume, homosexual, heterosexual…— baztertzen dituen gisa berean baztertzen baititu Munduatek ideia artistikoen adierazpideen definizio itxi eta askatasun-murriztaileak. Definizio zehatzik gabeko artistatzat jo daiteke, horrenbestez, Munduate (Irun, 1969); eta definizio zehatzik gabeko piezen egiletzat, hala nola Izenbururik gabe, koloretan, aste honetan Nyongo Festival Far jaialdira, Suitzara, eramango duena. Mugatxoan ekimenak Artelekun duen lokalean egina da elkarrizketa.
Zer zara zu, nola aurkeztu behar zaitugu: dantzaria, koreografoa, bideogilea, performerra, artista?
Nik uste dut definiziorik ez dagoela. Nire lana arlo irekian egiten saiatzen naiz, baina egia da batez ere dantzaren eta performance-aren arteko espazioan kokaturik dagoela. Batzuetan bideoak egin izan ditut, beste batzuetan koreografiak, proiektuak dituen beharren arabera beti.
Batzuetan bakarrik, besteetan ez.
Bakarrik ere lan egin izan dut, baina bakarkako lanak ere Blanca Calvorekin egin ditut. 1993an hasi ginen elkarrekin lanean, eta harrezkero bakarrik egin ditudan neure proiektu guztietan haren laguntza izan dut. Horretaz gain, proiektuak berak izan ditzakeen beharren arabera, beste jende bati deitzen ere saiatzen naiz, parte hartzeko, ideia aberasteko, azken batean ideia azken unera arte eraikitzeko, bilakarazteko eta antzaldatzeko. Jendearekin lan egitea oso garrantzitsua da niretzat. Jendearekin harremanetan, zeure ideiak aldatuz joaten dira.
Suitzara eramango duzue aste honetan Izenbururik gabe, koloretan Iñar Sastre pianistak, Joseba Otaegi aizkolariak eta hirurok.
Eta Blanca Calvok ere bai, hark ere, ezkutuagoan bada ere, parte hartzen baitu. Nyon hirian emango dugu, Genevatik hogei kilometrora. Festival Far jaialdira gonbidatu gaituzte, bi emanaldi egiteko, eta esan digute sarrera guztiak salduta daudela dagoeneko. Interesa piztu du, beraz.
Elkarrekin gutxitan uztartzen diren hiru elementu batzen ditu Izenbururik gabe, koloretan lanak: pianoa, aizkora eta dantza. Nola sortu zen egitasmo hori?
Ez da oso konbinazio ohikoa. Aizkoran egiteak txikitandik eman izan dit atentzioa. Badu zerbait. Gorputza kolpeak ematen ari da, baina badu bere kodifikazioa ere. Frontoietan, plazetan egiten da, baina beste leku batzuetan ere egin daiteke. Ni hasi nintzen pentsatzen ea nola gerta zitekeen aizkora antzoki barruan. Hasieran, Interneten edo liburuetan erreferentzia bila hasi eta ez nuen ezer topatu. Proiektua idatzi, Eusko Jaurlaritzara igorri nuen diru laguntza eskatuz, eman zidaten, eta orduan hasi nintzen aizkolariaren bila.
Erraza izan al zen?
Nahiko mundu berezia da aizkorarena. Urte eta erdi eman nuen aizkolarien txapelketetara eta apustuetara joaten, eta zaila egiten zitzaidan aizkolari batengana bat-batean jo eta gure emanaldian parte hartzeko proposamena egitea. Bila jarraitu eta, azkenean, Joseba Otaegirengana jo nuen, Iñar Sastreren bidez, Iñar aurretik baitzegoen proiektuan sartua. Oso eskuzabala denez, bai buruz eta bai izaeraz, Josebak baietz esan zuen, eta lanean hasi ginen.
Zer harrera izan duzue orain arteko emanaldietan?
Azaroan aurkeztu genuen, Bartzelonan eman genuen gero, Artiumen izan ginen ekainean… Gure zalantzak genituen Euskal Herritik kanpoko ikusleek aizkolariaren presentzia nola hartuko zuten, baina berehala ikusi genuen oso harrera ona daukala. Parisko programatzaile batzuk izan ziren estreinaldian, eta emanaldiaren ondoren gurekin hitz egitean esan ziguten aizkolariaren elementuak harrera ona zeukala. Kirola da, kultura zeinu bat da, justu hibridazio tarte horretan dago… Haiek ere hori sumatzen zuten eta kodeak berdin-berdin zihoazen, eta hori da kontua.
Aurreko urteetako zure lanik ezagunena Astra Tour da, Iberiako Penintsula osoa autoan zeharkatuz egina, izen bereziko herriak bisitatuz: Alegria, Adios, Amor, Salir, Ser… Hartan performancea eta bideogintza landu zenituen.
Lausanako Arsenic arte eszeniko garaikideen zentroak ekoitzi zidan Astra Tour. Arraroa zen antzerki bateko zuzendariak dirua ematea bideo bat egiteko eta gero hori dantza programazio baten barruan sartzea. Dantzaren espazioa eta ikerketa leku askotatik pasatu zela erakusten du horrek, bere identitatearen bila beti. Gero antzokietara joan eta sinkronizazioetarako-eta behar genuen materialik ez zeukaten; museoetara joan eta material hori bazuten, baina argiak-eta ez. Beraz, politikoki bere interesa izan zuen proiektu hark. Museoek alde batetik ikusten zuten proiektua, eta antzokiek beste alde batetik. 2003an pelikula egin nuen, Lausanako Arsenic zentroak ekoitzia, eta 2004an performancea, Tolosako Garona antzokiak ekoitzia.
Aurretik, 1998an, Lucía con zeta-k lagundu zizunbide berrien bilaketan.
Esan daiteke Lucía con zeta nire lehen lan garrantzitsua dela. Mugimenduarekiko identifikazio baten inguruan hausnartu nuen, eta baita irudiarekiko erlazioaz ere. Mugimendu fisikoz betetako lana zen, baina harekin jabetu nintzen niretzat gorputza ideiak artikulatzeko elementua dela, ez dela zentroa edo elementu nagusia. Ideien artikulazioa da funtsezkoa, ez gorputzak egindako mugimenduak. Hortik dator, adibidez, pianista batengana eta aizkolari batengana jotzea Izenbururik gabe, koloretan egiteko.
Beraz, ideiak eskatzen dizuna bilatzen duzu, diziplina zein den kontuan hartu gabe.
Bai, hori da lana. Eta hori, jakina, jendearekin egin behar duzu. Horregatik, topaketa oso garrantzitsua da. Izenbururik gabe, koloretan-en, adibidez, argi zegoen topaketan ikusiko nituen keinuak edo dinamikak lanaren parte bat izango zirela. Badirudi beti eredu bat dagoela eta horri jarraitu behar diogula, baina ez da horrela. Alde horretatik, garrantzitsua da proiektu horretan funtzioak aldatzen ditugula esatea, errotazioa eginez. Nik aizkora hartzen dut, Iñar pianotik dantzara doa eta Josebak aizkora utzi eta pianoa hartzen du. Hor badago zerbait, badago singulartasun bat ekoizten dena, eta horrek ikuslearekiko harrera gainditzen du. Gero beste errotazio bat daukagu, eta berriro beste zentzu bat ematen zaio denari, eta bakoitzaren singulartasuna da hor ikusten dena. Horrek mantentzen du bide hori, eta hori da garrantzitsuena. Esan genezake ez dagoela eredurik, eta bakoitzak bere singulartasunetik ereduak eraiki ditzakeela edo praktika ditzakeela, azken finean ideia partekatzeko.
Dantza duzu abiapuntu, formazioz bederen, baina ideiak eramaten zaituen lekura eta diziplinara joateko prest zaude.
Hori da. Eta batzuetan abiapuntua ez da dantza. Izan daiteke beste zerbait. Gorputza eta mugimendua garrantzitsuak dira niretzat, soilik zerbait artikulatzen baldin badute. Koreografia bat egitea, modu klasikoan ulertzen dugun bezala, ez da nire lana.
Ikusleek zer harrera egiten diete honelako lanei?
Normalean, guk gure lana egiten dugu eta gero aurkezteko zailtasunak aurkitzen ditugu. Baina beti kontestuek deitzen gaituzte. Gu orain Suitzara goaz, eta han lanaren kontzeptua interesatzen zaie, eta baita proiektua nola garatzen den ere. Guk, normalean, gonbidapenez lan egiten dugu. Hemen lan egiten dugu, Euskal Herrian, baina gure lana legitimatzeko edo egiaztatzeko Frantziatik, Suitzatik, Belgikatik edo Alemaniatik pasatu beharra dugu. Bestela, inon ez gaude.
Hemen ez dago behar adinako laguntzarik?
Eusko Jaurlaritzak duela zazpi urte zirkuitua proposatu zuen. Ikuskizun batzuk poltsa batean sartu, eta erraztasunak ematen dituzte pieza horiek kontratatzeko. Horri esker, udalak edo ohikoak ez diren aretoak edo antzokiak anima daitezke horrelako lanak programatzera. Orduan, batetik Suitzara joan gaitezke gure piezak ematera, orain goazen bezala, baina bestetik hemen ere eman ditzakegu. Adibidez, Astra Tour Andoainen eman genuen orain dela urte pare bat. Horrelakoetan ikusten duzu zein den gure lanaren harrera hemen, Euskal Herrian, eta ez kontestu berezi batean, baizik eta antzoki baten programazio erregular batean.
Eta nolakoa izaten da?
Jendeak ez du horrelako lanak ikusteko ohiturarik, eta beste gauza bat ikusiko duela pentsatuta joaten da askotan. Dena dela, badoa. Lan asko egin behar da alde horretatik. Dantza garaikidearen barruan gauden artista batzuek —ertz batean edo puntu batean, baina inoiz ere ez puntu zehatz batean, azken batean dena mugitzen baita eta geuk ere mugitu egin behar baitugu—, daukagun praktika ikuslearengana helarazteko balio du horrek. Hemen merkaturik ez dago, merkatua Europan dago, baina horrelako zirkuituak lagungarriak dira. Euskal Herrian badira hori egin dezaketen baina egiten ez duten sareak, arriskutsua dela argudiatuta. Baina nik uste dut egin beharra dagoela. Gero, emanaldietan jende asko egoten da, eta joaten den jendearen aldetik interesa nabari da, gauzei buruz hitz egiten da… Hori dena positiboa da.
Euskal Herrian era askotako koreografiak eta dantza emanaldiak ekoizten dira, klasikoagoak batzuk, abangoardistagoak besteak, baina gehienak zuenak baino bide konbentzionalagoetatik sortuak. Zer iritzi duzu horietaz?
Joaten naiz horrelakoak ikustera, baina nire interesa beste leku batzuetan dago. Nik uste dut, gainera, hemen berezitasun bat dagoela: dantzako jendeak eta koreografoak nola hazi diren eta beren lana nola aurrera eraman dezaketen. Kontestu berezi bati buruz hitz egiten ari garela esan genezake. Baina, aldi berean, eredu konbentzionalen kopiak egiten dira askotan. Nik uste dut instituzionalki hori gertatu dela eta ez dela ona. Singulartasun hori edo berezitasun hori bultzatu behar delakoan nago. Gauza bera gertatzen zait lan konbentzional edo arruntagoekin. Ez da negatiboki hitz egitea. Nik kodeen mugimenduei eta gauzak esateko moduei ematen diet garrantzia, eta ikuskizun batek alde horretatik indarrik ez duenean, ez dut horren gustukoa. Baina aktibitatea badago, eta ikusiko dugu zer ematen duen.
Ion Munduate. Dantzaria, koreografoa, performerra eta artista
«Ideien artikulazioa da funtsezkoa, ez gorputzak egindako mugimenduak»
Adierazpide bakarrean itxi gabe, ideiari eta haren bilakabide prozesu irekiari jarraitzen dio Ion Munduatek. Ondorioz, definizio zehatzik gabe geratu da behiala dantzari izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu