Familiaz eta naturaz «kontatzen ez dena» kontatu du Izaskun Gracia Quintanak (Bilbo, 1977) Basokoa eleberrian, euskaraz argitaratu duen eleberrian. «Familia guztiak gezur batetik jaiotzen dira. Betiereko maitasun-, oparotasun- edo, are okerrago, zoriontasun-hitzeman batetik», adierazi du hitzaurrean. Eta naturarekin gauza bera gertatzen dela gehitu du, gainera, Donostian egindako liburu aurkezpenean: «Sarritan, norbait herri txiki batera joaten denean, pertsona horrek ikuspegi idealizatutik kontatzen du aurkitzen duena: dena ederra da, bakea da nagusi, nork bere burua topatzeko leku hoberena da... eta ez da horrela. Polita eta ederra da, noski, baina beldurra ere hor dago». Familiaren antzera, naturan ere «ezbeharrak» jazotzen dira, eta hori kontatzeko beharra sentitu du idazleak nobelan.
Amonaren heriotza dela eta, Hodeitza eta Nahia bilobak baserrira itzuli dira, lekua hustu eta harekin zer egin erabakitzeko. Dena den, ondoan dagoen basoan urte luzez haien zain egondako zerbait esnatu egingo da —hala dator esplikatuta liburuaren kontrazalean—. Zerbait hori amaren gaixotasunaren eta amonaren jokaera arraroaren eragilea da, eta horrek familiak urte luzez pilatu duen zorra kitatzeko modua bilatuko du. Pertsonaiei erreparatuta, ikaratuta eta «erotzeko zorian» bizi direla azaldu du Graciak: «Oro har, nahiko gaiztoa eta krudela izan ohi naiz pertsonaiekin, gaizki tratatzen ditut».
Idazleak beldurrezko literatura landu du eleberrian; hori du azpigenerorik gustukoena. Hain zuzen, haren aburuz, beldurrezko, fantasiazko zein zientzia fikziozko eleberri gutxi argitaratu dira euskal literaturan, eta horregatik idatzi du euskaraz. «Erronka pertsonala izan da niretzat, nahi nuena kontatzeko modu berri bat bilatu behar izan dudalako, nire ongizate eremutik at geratzen dena», gaineratu du. Halaber, egindako lanarekin «oso pozik» dagoela onartu du idazleak.
Irakurlea lanean
Graciak kontatu du astean bizpahiru liburu irakurtzen dituela gutxienez, eta aitortu, irakurle gisa, lan apur bat egitea gustatzen zaiola: «Niri ez zait gustatzen mastekatutako liburu bat irakurtzea. Uste dut misterio apur bat egon behar dela kontakizunean, eta neure baitan galderak sortu behar direla. Zer gertatuko da pertsonaiekin? Nora joango ote dira orain?». Horiek horrela, haren idazkeran ezinbestekotzat jo du misterio hori bermatzea. Istorioa ulertzen dela adierazi du, «garrantzitsuena» kontatzen baitu, baina zenbait gauza ezkutuan uzten dituela ere azpimarratu du. «Nire asmoa da irakurleak bere buruari galderak egitea, eta irakurtzen doan heinean jabetzea gauzez, puzzlea osatzen joatea, nolabait. Ez da bakarrik nik kontatzen dudana; esaten ez dudana ere hemen dago».
«Erronka pertsonala izan da niretzat, nahi nuena kontatzeko modu berri bat bilatu behar izan dudalako, nire ongizate eremutik at geratzen dena»
IZASKUN GRACIA QUINTANAIdazlea
Aritz Galarraga editorearen arabera, igartzen da idazlea poeta ere badela, eta, dioenez, «piroteknia handirik gabe» kontakizun jakingarria osatzen du hala. «Narrazioaren indar iradokitzailearengatik, kontatzen duena bezainbeste gordetzen duelako, irakurlearen arreta eta tentsioa hasieratik bukaeraraino mantentzea lortzen du Graciak». Era berean, idazlearen begirada femeninoa, berria eta «periferikoa» azpimarratu ditu editoreak. Izan ere, Gracia azken urte hauetan Berlinen (Alemania) bizi izan da, eta «kanpo ikuskera batetik garatu du» kontakizuna.
Leku idilikorik ez
Garrantzi handiko espazioak dira baserria, landa giroa eta mendi inguruak Basokoa eleberrian. Galarragak azaldu du landagunearen presentzia aspaldidanik dagoela euskal literaturan, eta Txomin Agirreren idazkiak ekarri ditu gogora, Graciaren azken lanarekin alderatzeko: «Ez dira alferrik pasa ehun urte baino gehiago, eta Izaskun Graciaren baserriak ez du Txomin Agirrek deskribatu zuen hartatik ezer». Kasu honetan, editorearen arabera, ez da leku idiliko bat; kontrara, gauza gatazkatsuak eta misteriotsuak jazotzen diren lekua da.
Iranzu Agirrek egindako azala edukiarekin bat datorrela aitortu du idazleak, «nonbait izan behar baitzuen zertzelada gotikoa eta beltza». Amaieran, Durangoko Azokarako (Bizkaia) deia egin dute, Gracia bertan egongo baita abenduan.