Elkarrizketatu ez ezik elkarrizketatzaile ere aritzen zeneko garaiak oroitu ditu aurrena Pello Lizarraldek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1956) solasaldian, paperezko zapiarekin kafetegiko mahaia idortu bitartean, ostegun goiz freskoan. Eskatu berri duen infusioak gainezka egin du kristalezko katilutik; deus larririk ez. «Baina nik kapritxoz egiten nituen elkarrizketa denak; ez ziren enkarguak, eta gero bi orduko grabaketak izaten nituen. Gorroto nuen, hori bai, galdera-erantzun-galdera-erantzun forma», erantsi du segidan. Ez, itxuraz, kazetariaren plana baldintzatzeko, baizik eta argudiatzeko berak zera kontatu nahi izaten zuela orduko haietan: noiz zetorren bakoitza, nola jantzita, zer keinu zituen, nolakoa zen giroa. Literatura idazteko maneran ere suma dakioke gauzak xehe-xehe kontatu nahia. «Esaten dute hori dela nire idaztankera», aitortu du, esatearekin batera ez dela «gizon interesgarria», tarteka aspertu egiten dela bere buruarekin, eta ez duela esateko gauza mordoa. «Nik nahiago dut erakutsi».
Aitortu duenez, aldiro liburu berbera idazten duelako sentsazioa izan du inoiz, baina, aldi berean, agerian uzten du hori ez dela egia-egia. Lanbroa eleberrian (Erein, 2024), gizon baten eta emakume baten ustekabeko enkontru batek abiatzen du kontakizuna. Ez dute gurutzatzen begiradarik, baina elkar ikusi izanak 22 urte lehenago gertatutakoak gogoratzera bultzatuko ditu biak. Garai hartan, muga zeharkatzea zuen helburu gizonak, eta andreak horretan lagundu beste erremediorik ez zuen izan.
Talde armatu bateko kide baten ihesaldia da nobelaren ardatzetako bat. Izan zitekeen aski politikoagoa, baina ez da. Besteak beste, nahiko lauso eman dituzulako hark eskapu egiteko dituen motiboak. Zergatik?
Aitzakia bat delako. Niri liburu honetan interesatzen zaidana da giza kondizioari lotutako zerbait, ez politikari lotutakoa. Protagonistetako batek konpromiso politiko handia du, eta ez nolanahikoa, eta nik uste dut ez dudala ezer ezkutatu; agerian dago. Baina hori aitzakia hutsa da, eszenatokietan dagoen atzeko oihal hori. Hau da: berdin izan zitekeen konpromiso politikoa hartu duen norbait edo atrakatzaile bat. Kontua da estu dabilen norbait nahi nuela nik, estu zabiltzanean behartuta zaudelako zenbait mugimendu egitera eta erabaki batzuk hartzera. Ez daukat zalantzarik hemengo irakurle batek hartuko duela hori, eta sartuko duela ezagutzen duen horretan, baina, halere, izan dira bizipen militanteak eduki dituzten eta liburua irakurri dutenak esan didatenak: «Ez, horrek hemen ez du garrantzirik». Eta ikusten dute memoriaren eta ahanzturaren arteko zera horrek duela garrantzia.
Bi protagonisten aspaldiko oroitzapenekin dago kontatua istorioa. Idaztean, zeure buruari gogorarazi behar izan diozu memoria horiek nekez izan daitezkeela oraintsuko bizipenenak bezain gardenak?
Bai, jakina. Pentsatu behar duzu, batetik, bien oroitzapenak ez direla bat etortzen. Ahots horiek osatzeko orduan oso kontuan izan behar da hutsune batzuk izango dituzula. Zer hutsune? Ba, agian, oinazera hurbiltzen zaituzten horiek saihesteko joera naturala da, eta, beharbada, buruan izan behar duzu oroitzapen mingarrienak ahaztuko zituztela. Pentsatu nahi baitut mingarrienak ahaztu egiten direla: gure gogoak ez ditu menderatzen denak, baina batzuetan bai. Gero, oso kontuz ibili behar da pertsonaiek elkarrekin emandako ordu horietan batek eta besteak izandako sentsazioekin. Adibidez, une batean mutilak zera esaten du, «nik esan nion», eta neskak hau dio egoera berari buruz: «Agindu zidan». Hutsuneak etortzen dira.
Bi ahots tartekatzen direnean, zer garrantzi du elkarren artean bereizgarri izateak?
Handia, eta hori zaila izaten da. Ahotsek, alde batetik, sinesgarriak izan behar dute; hori hasteko. Eta, gainera, orekatzen eman behar izan dut denbora asko, oso erraza baita narrazioa kargatzea, hau da, pisu handiagoa ematea bati besteari baino. Nik beti esaten dut idaztean pertsonaia guztiak maitatu behar dituzula. Bestela, ez dago literaturarik, ez dago merezi duen ezer. Bat kondenatzen baduzu, liburuak ez du zentzurik, ze hilda dago hasiera-hasieratik.
«Nire liburuak irakurri dituztenek badakite nire obsesioetako bat ihesa dela, inon sosegurik ez aurkitzea»
Orbanak eleberrian ere jokatu zenuen bi planorekin: hartan, iheslariarena, eta atzetik segika dabilenarena. Oro har, zer aukera zabaltzen dizu bi ahots baliatzeak?
Ez dakit oso ongi. Izango dira beste modu batzuk, baina iruditzen zitzaidan hain zuzen protagonisten arteko oreka lortzeko modu egokiena zela. Oso interesgarria da ikustea zer zaila den denok bat etortzea galdu dugun horretan, irabazi dugun horretan, joan den horretan. Bestela, baduzu batena jartzea, eta ez da gutxi, baina biena ateratzea ezinbestekoa zen hemen. Aurreko lanetan, uste dut jokoa beste bat zela. Segur aski, nire liburuak irakurri dituztenek badakite nire obsesioetako bat ihesa dela, inon sosegurik ez aurkitzea. Desosegu horrek mugitzera behartzen dituelako pertsonaiak, jakin gabe zer gertatuko den, baina azkenean ez da izaten kontsolamendurik; ez dago gauza garbirik.
Pertsonaia baten oroitzak eta bestearenak teilakatu egiten dira ibilbidearen kontakizunean, behin eta berriz. Kezka zenuen horrek ez ote zuen abiada frenatuko?
Niretzat, hori da, hain zuzen ere, liburuak izan dezakeen gauzarik interesgarriena. Irakurri dutenek esan didate narrazioa tentsio handikoa dela eta oso azkar egiten duela aurrera. Beste batzuei monotonoa irudituko zaie, gauzak errepikatu egiten direlako, baina horrekin ez nuen batere beldurrik izan, iruditzen zitzaidalako irakurleak behar zuela poliki hartu. Uste dut handiari begiratzeko mania bat dagoela; eta txikiari begiratu behar zaio. Baina, jakina, zuk narrazio klasiko bat nahi baduzu, eta ikusi nahi baduzu progresio oso azkar bat, eta gauza asko gertatzen dela, hau ez da zuretzat.
Akzio frenetikoari bizkarra emanda aritzea bada zure idaztankeraren ezaugarrietako bat, hain justu.
Narrazio klasikoak nahi du azkar-azkar joan irtenbide baten bila, baina niri esaldi guztiak interesatzen zaizkit. Ez daukat trantsiziozko ez pasarterik ez paragraforik. Dena baita «orain zer», eta ez «gero zer». Gainera, niri ez zaizkit istorioak interesatzen; niri pertsonaiak hor jartzea interesatzen zait, eta erakustea nola mugitzen diren. Eta egiten dituzten hausnarketa apurrak ere oso neurtuak dira, eta denak dira galderak. Dena da «ote».
«Nire narrazio guztiak hasten dira eten puntuekin eta bukatzen dira eten puntuekin; beti»
Gauzak irekita utzi zalea zara?
Nire narrazio guztiak hasten dira eten puntuekin eta bukatzen dira eten puntuekin; beti. Ez dira letra larriz hasten, aurrez hiru puntu daude, eta ez dira puntu bakarrarekin bukatzen: beti daude hiru.
Horrek zer esan nahi du zehazki?
Ezer ez dagoela itxita. Irakurle batzuei egonezina eragiten die, baina nik uste bizio batzuk ere badirela irakurleen artean. Irtenbide argi xamarren bat ematen dutenak dituzte gogoko, eta nik ez. XIX. mendeko narrazio klasiko bati ez diot hori eskatuko, baina gaur idazten den bati bai: eskatzen diot anbizio pixka bat alderdi formaletan-eta, adibidez, eta nik lan pixka bat izan nahi izaten dut bai irakurtzen dudanean, bai idaztean. Horregatik hutsuneak, horregatik elipsiak.
Nobela berri bat idaztean asko ekartzen dituzu gogora aurrekoak?
Ez da kontzientea, baina segur aski badu horretatik zerbait. Batzuetan sentsazioa dut beti liburu bera idazten dudala, baina, bestetik, ikusten dut liburuen artean alde handiak daudela. Batzuetan, egin ditut ahalegin handi xamarrak horretarako.
Adibidez?
Batzuentzat huskeria bat izango da, baina, adibidez, niretzat erronka handia izan zen hirugarren pertsonatik lehenengo pertsonara pasatzea. Nekeza eta arriskutsua iruditu zitzaidan.
Eta zer estrategia duzu halakoei aurre egiteko?
Pazientzia behar da, gauzak poliki egitea. Halere, nik hasten ditut liburuak, eta badakit bukatuko ditudala, oso seguru egon arte ez bainaiz hasten ezertan. Behar ditut izenburua, lehenengo esaldia eta azkeneko esaldia, gutxienez. Eta, gero, halako mugarri batzuk.
Lanbroa-n, lehenbiziko esaldia hauxe da: «Ez dut berehala ezagutu».
Hori eta azkena garbi izan gabe, ez nintzen hasi. Badakizu, denok ditugu gure gutiziak edo maniak, eta horiek niri segurtasuna ematen didate sentitzeko egin dezakedala liburu bat. Liburuaren gainean asko aritzen naiz, baina oso gutxitan hartzen dut oharrik edo antzekorik. Idaztea ez baita bakarrik mahaian jarri eta lerroak idazten hastea. Aurretik lan handia egin behar da, jakiteko zer den derrigorrez idatzi behar duzuna eta zuretzat garrantzia duena. Nik horregatik esaten dut idazten dudan guztia dela autobiografikoa, niri benetan axola zaizkidanak direlako. Ez dut ariketarik egin nahi, ez dut entrenamendurik egin nahi, ez dut probarik egin nahi.
«Besteen gogoan dagoen hori gara. Zer utzi diegu besteei? Zer geratu zaie gogoan gurekin eman dituzten ordu, egun edo urteen ondoren? Eta zer egin diegu, eta zer egin digute?»
Orainean kokatutako pasarteetan, propio ageri dira pertsonaiek ahazteko eta oroitzeko gaitasunei buruz egiten dituzten hausnarketak. Adibidez: «Dena ez dago gure esku. Iraganak erabakitzen du noiz azaleratu mamuak». Gogoeta horiek zenbateraino dira zeure ere?
Protagonisten kezkak neureak dira. Iruditzen zait ahanzturaren eta memoriaren arteko mundua oso misteriotsua dela, ze inoiz ez dakizu nondik datozen ahaztutakoak eta gogoratzen dituzunak: zer gogoratzen den, eta zergatik. Gustura egingo nuke ikastaroren bat neurologo batekin-edo, ikusteko garunak zer hartzen duen, zer askatzen.
2020ko abenduko elkarrizketa batean, zera aipatu zenion BERRIAri: «Natalia Ginzburgek, adibidez, oso gauza xumeak kontatzen zituen, baina konturatzen zara, bere liburuak irakurri eta gero, han inork ez dizula aizkorakadarik eman, baina labana txiki batekin ehunka zauri egin dizkizula, eta ez zarela horretaz ohartu liburua bukatu arte». Lanbroa-n, ez ote duzun irakurlea nabalarekin zirikatu, gero errepara diezaion bere memoriari.
Bai. Nire kezka denez, pentsatu nahi dut ez naizela estralurtar bat, eta denon kezka ere izan daitekeela. Gainera, besteen gogoan dagoen hori gara. Beraz, ea: zer utzi diegu besteei? Zer geratu zaie gogoan gurekin eman dituzten ordu, egun edo urteen ondoren? Eta zer egin diegu, eta zer egin digute?
Kezkatzen zaitu memoria lanbrotzeak?
Ez. Baina mina emango lidake jakiteak nik oroitzen ditudan baino oker gehiago egin ditudala.
Ahaztu direnak ezin baitira ez zerrendatu ez zenbatu.
Bai, ba. Horretarako ispilu bat behar da beti, eta ispilua gainerakoak dira. Horregatik da hain inportantea lagunak izatea, lagunekin egotea, eta urteak bete ahala ez aldentzea haiengandik. Hori da maitatua sentitzeko modu bakarra eta aurrera egiteko modu bakarrenetakoa.
Irakurleak hainbatetan aipatu dituzu elkarrizketa hasi denetik.
Badakizu zer gertatzen den? Zorte handia dudala. Jende asko etortzen zait esatera irakurri duela nirea. Niri lotsagabekeria iruditzen zait norbaiti galdetzea nire lana zer iruditu zaion, baina asko eta asko etortzen zaizkit kontatzera, eta dagoeneko jaso ditut iritzi batzuk. Eta badaude kointzidentziak, baina beste batzuetan oso gauza harrigarriak entzuten ditut.
Inpresio diferenteak?
Batzuetan bai, kritikak irakurtzea besterik ez dago. Nik, halere, oso gustuko dut irakurle taldeetara joatea, orduan agertzen baita liburua zeure begien aurrera. Aurretik jakin dezakezu zer egin nahi izan duzun, baina ezin duzu esan zer atera den azkenean.
Kritikak nola hartzen dituzu?
Uste dut idazleak liburua idatzi eta gero isilik egon behar duela. Jaso behar du etortzen zaion guztia: ona, txarra, erdipurdikoa eta dena delakoa. Eta ni ez naiz sekula sartuko nire liburuaren alde egitera.