«Literatura ikasteko, idazten ikasteko eta beste narrazio mota batzuk ikasteko balio dezake» Narrazio tailerra liburuak (Erein), Mikel Hernandez Abaitua (Gasteiz, 1959) egileak azaldu duenez. Narraziogintza gustuko duenak eskura ditu literaturarekin jolasteko beharrezko erremintak; teoria ez ezik, ariketa praktikoak ere jaso ditu. «Beharbada jende guztia ez da jaio idazle izateko, baina liburuan agertzen diren gauzak eginez lortuko dute gauza batzuk idaztea». Ziur daki hori, dagoeneko frogatu baitu bere liburua irakurtzeak emaitza onak dituela.
Irakaslearen ikuspuntutik ez ezik, idazle gisa duen ikuspegitik ere osatu du liburua. «Pentsatu dut nik nola ikasi nuen ipuinak edo nobelak idazten, edo zer interesatzen zitzaidan; beste idazle batzuk irakurtzeaz gain, zein teoria irakurtzen nituen». Beraz, bere esperientzian oinarrituta heldu dira «teoria egitea eta idazteaz idaztea». Literaturarekin batera, bestelako iturri batzuetatik ere edan du: «Zinematik eta komikietatik ere abiatzen naiz, literaturari dagozkion gauza asko beste arlo batzuetan ere lantzen dituztelako».
Kasualitatez heldu zitzaion liburua egiteko aukera, irakaskuntzatik proposamen bat egin ziotenean: «Batxilergoan narrazio tailerra Internet bidez eman nahi zutela-eta deitu zidaten; irakasgaiaren programazio guztia nik antolatu nuen, nahi nuen bezala». Arlo horretan hutsune bat topatu zuen, ez baitzegoen irakasgaia behar bezala emateko materialik. «Euskaraz ez dago halako materialik, eta narrazio eta literatura tailerrak gero eta gehiago dira». Horregatik, askatasun osoz prestatu ahal izan zuen narrazio tailerra —baita Narrazio tailerra ere—.
16 urtetik gorakoentzat
Irakaskuntza proiektuari esker asko ikasi du Hernandez Abaituak. «Hasieran ikasle asko ez ziren orri bakar bat betetzeko gai ikusten, eta, amaieran, 15-20 orriko lan bat eskatu nienean, baziren 70 orriko nobela laburrak! Horrekin esan nahi dut irakaslerik gabe jendea molda daitekeela». Gaia ulerterraza egiteko, argi zeukan hasieratik gauzak «oso garbi» esan behar zituela. Liburuaren itxura ere kontuan hartu du, testuliburu tradizional batetik iheska: «Anglosaxoiek askotan egiten dituzten bezalakoak egiteko eskatu nion argitaletxeari, poltsikoko bildumakoa eta merkea izan zedin».
«Gazte idazle on asko» ezagutu ditu irakasgaiari esker, bai euskara mailaren aldetik, baita literatura mailagatik ere. «Batzuk agian harritzen dira adin horretarako zein azkarrak diren, zein ondo ulertzen duten teoria lehorrena ere. Hainbeste Peter Pan konplexu dagoen mundu infantilizatu honetan badirudi gero eta gauza errazagoak eman behar zaizkiola jendeari». Idazleak teoria ematearen alde egin du hasieratik, eta lehen frogaren ondoren ikusi du orokorrean «oso ondo» ulertu dutela ikasleek. Hasieran unitate errazagoak jaso ditu liburuan, eta irakurketan aurrera egin ahala, «teoria aldetik zailagoa den baten bat» aurki daiteke.
Batxilergoko ikasleek ez ezik, helduagoek ere badute aukera narraziogintzaren inguruan ikasteko. Hernandez Abaituak izan dituen ikasleetako batzuek irakasgaian erabilitako materiala eskatu diote unibertsitatera heldu ondoren: «Badirudi unibertsitateko lehen urteetan erabil daitekeela». 16 urtetik gorakoentzat erabilgarri, beraz: «Askok esango dute: 'Orain badaukat gidoi bat nondik jarraitu, badaukat nola gauzatu nahi dudan ideia hori'».
Idazteaz ikasteko beharrezko erremintak
Narrazioaren alde teoriko eta praktikoa bildu ditu Mikel Hernandez Abaituak 'Narrazio tailerra' lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu