Irango baha'i komunitatearen alde lan egiteko ohorea izan dugun urteetan, agintariek gardentasun osoz izan dute gure lanaren berri. Orduan, egun batean, pentsamolde makur baten ondorioz eta hainbat agintariren apetaren ondorioz, erabaki zen gure zerbitzua legez kanpokotzat jo behar dela, eta, ondorioz, ia sei urte daramagu giltzapean». Inguruko nahiz mundu osoko errealitateari adi dagoen edonori oihartzun ezagunak dakarzkio baha'i komunitatearen alde egindako lanarengatik atxilotutako zazpi lagunek —Yaran-i-Iran edo Iranen Adiskideak taldeko kideak— iazko abenduan Hasan Rouhani Irango lehendakariari igorritako gutunaren pasarte horrek. Kartzelan jarraitzen dute zazpiek, etahaien kasua ekarri du gogora oraindik orain PEN Internationalek, azaroaren 15a Idazle Jazarriaren Nazioarteko Eguna izan dela baliatuta, Irango Gobernuak preso dituen zazpietako bat Mahvash Sabet idazlea delako. Munduan diren kasu ugarien artean bost idazle jazarrirenak hautatu ditu PEN Internationalek haien askatasuna eskatzeko: Mavash Sabet iraniarraz gain, Dieudonne Enoh Meyomesse (Kamerun), Nelson Aguilera (Paraguai), Gao Yu (Txina) eta Azimjon Askarov (Kirgizistan).
Mahvash Sabet (Ardestan, Iran, 1953), haren sei kideak bezala, 2008az geroztik dauka preso Irango Gobernuak, hogei urteko kondena betetzen. Poeta eta irakaslea da Sabet. 1979an Iraultza Islamikoak ezarri zuen debekuari erantzuteko, gazteen hezkuntzan konprometitu zen, eta, ondorioz, hogei hilabeteko zigorra jaso zuen. Geroago hogei urtekoa ezarri zioten «espioitzagatik, Errepublika Islamikoaren aurkako propaganda egiteagatik, Israelekin kolaboratzeagatik eta dokumentu sekretuak herrialdetik kanpo ateratzeagatik». PEN Internationalek askatzeko eskatu du, egin dituen ikerketen arabera egin duen «delitu» bakarra adierazpen eskubidea erabiltzea delako.
Iazko apirilean kartzelan idatzitako poemekin osatutako liburua argitaratu zuen Sabetek, ingelesera itzulita zabalkunde handia izaten ari dena. Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren izenburu berarekin itzuli ahal izango litzateke liburu horren izenburua: Prison Poems.
1979ko Iraultza Islamikoaz geroztik, Irango agintariak modu sistematikoan jazarri zaizkio baha'i komunitateari. Yaran-i-Iran elkarteak Irango baha'ien batzorde gisako bat osatu zuen berehala, bere burua inoiz ezkutatu gabe, baha'i komunitateko 300.000 kideen premiei erantzuten saiatzeko, baina 2008an, inolako abisurik gabe, taldea legez kanpokotzat jo eta kideak atxilotu zituen Irango Gobernuak. Lehen hiru asteak inkomunikatuta pasatu zituzten, eta 2010 arte kargu jakinik gabe izan zituzten preso.
Euskal PENen agiria
PEN Internationalen egitasmoarekin bat eginez, Garesti ordaintzen da idaztea agiria kaleratu du Euskal PENek, Laura Mintegi ordezkariaren sinadurarekin. «Garesti ordaintzen da idaztea», dio agiriak hasieran. «Hemen eta munduan. Munduan eta hemen. Urtero, azaroaren 15ean, aurten 35.ez, Idazle Jazarriaren Nazioarteko Egunean gogorarazten dira hitza erabiltzeagatik jazartzen zaizkien idazle eta kazetariak. Zenbat eta eskasagoa izan herrialde baten sistema politikoa, are eta ugari eta larriagoak izaten dira adierazpenaren aurkako urraketak. Iaztik 35 idazle eta kazetari hil dituzte 19 estatutan».
Agiri berean, Euskal Herriko kazetari batzuk kazetari lana egiteagatik kartzelan daudela gogorarazi du Euskal PENek: Xabier Salutregik zazpi urte darama espetxean Egin egunkariko zuzendari izateagatik; Espainiako Auzitegi Nazionalak topatu.info webguneko bi kazetari inputatu ditu ekitaldi baten berri emateagatik; beste lau gaztek urtebeteko espetxe zigorra dute iritzi artikulu bat idazteagatik… «Hori guztia Europan, demokraziaren kabian».
Idaztea garesti ordainaraziak
Beste lau idazlerenarekin batera, Mahvash Sabet poeta iraniarraren askatasuna eskatu du PEN Internationalek Idazle Jazarriaren Nazioarteko Eguna izan dela baliatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu