«Idaztea bakardadean egiten den lana da. Mentoretzak, beraz, testuari lagun bat jarriko dio idazketaren bide luzea bakartasunean ez egiteko». Esaldi horrekin laburbildu du Euskal Idazleen Elkarteak aurten lehenengoz martxan jarri duen mentoretza programa. Hari esker, hiru idazleri mentore bana aukeratuko diete aurten, lantzen ari diren testuarekin lagun ditzaten zortzi hilabetez, hala aholkuak emanez nola zalantza uneetan lagunduz edo testuarekin aurrera egiteko zer egin gomendatuz. Idazle hasiberriek har dezakete parte programan, bai eta orain artean ohikoa izan ez duten generoren bat landu nahi duten idazle trebatuagoek ere. Interesa dutenek urtarrilaren 28ko eguerdia baino lehen bidali beharko dituzte euren proiektuak [email protected] helbidera. Landu nahi duten generoa edozein dela ere —berdin eleberriak, ipuinak, poemak, antzezlanak edo komikiak izan—, euskarazko proiektuak izan beharko dute derrigor, eta otsailaren bukaeran jakinaraziko dute zer hiru egile aukeratu dituzten eta haietako bakoitzak zein mentore izango duen.
Mikel Ayllon eta Goizalde Landabaso idazle eta elkarteko kideek aurkeztu dute proiektua, Bilboko Bira aretoan. Azaldu dutenez, duela bi urte piztu zitzaien ideia. Ayllon: «Urte hartan nabaritu genuen gazte asko etorri zirela elkartearen standera galdezka, ea nola egin idazteko edo ea nola egin publikatzeko, nolabait galduta, eta orduan pentsatu genuen zerbait egin behar genukeela horrekin. Jende asko baitago idazteko grina baduena baina ez dakiena oso ongi zer eta nola egin, eta ez daukana ingururik». Eta kezka horrek bultzatu du mentoretza programa.
«Duela bi urte gazte asko etorri ziren Durangoko Azokan elkartearen standera galdezka, ea nola egin idazteko edo ea nola egin publikatzeko, nolabait galduta, eta orduan pentsatu genuen zerbait egin behar genukeela horrekin»
MIKEL AYLLONIdazlea eta EIEko kidea
Ayllonek zehaztu duenez, hogei sortzaile inguru azaldu dira programan mentore lanak egiteko prest. Eta, beraz, epaimahaiak haien arteko hiru hautatuko ditu aukeratutako hiru proiektuen egileekin aritzeko.
Ez editore, ez zuzentzaile
Landabasok definitu du mentorearen figura. Zehaztu duenez, mentorea ez baita ez editore bat, ez zuzentzaile bat, ez eta irakasle bat ere. «Coach literario bat izango da, idazketa lanaren bakardadea xamurtuko duena. Gero, idatzi-idatzi, bakarrik idatziko baitu egileak, baina jakinda hor badagoela abaro bat, edo pertsona bat lagunduko zaituena zure momentu ilun horietan».
Baina, babes horretaz gainera, testuarekin nora jo dezakeen, zer egin dezakeen, edo harekin aurrera egiteko zer aukera dituen ere adieraziko dio. «Harreman bat sortuko da idazlearen eta mentorearen artean, eta harreman horrek erraztu egingo du literatur lan horren bidea, eta lagunduko du bide hori seguruagoa ere izan dadin. Batzuetan, idazten ari denak ahalduntzeko bultzada bat behar baitu, eta hori mentoreak egingo du».
«Literaturan sartu berriak diren gazteek batzuetan gidaritza bat behar dute. Gure belaunaldiak, esate baterako, ez du izan, eta aurreko belaunaldiak are gutxiago. Datorren belaunaldiak izan dezala norbait eskutik eramango duena»
GOIZALDE LANDABASOIdazlea eta EIEko kidea
Landabasoren hitzetan, ohikoagoak izaten dira halako mentoretza programak beste diziplinetan, hala antzerkian nola gidoigintzan, esaterako, baina ez hainbeste literaturan, eta horregatik erabaki dute programa abiatzea. «Literaturan sartu berriak diren gazteek batzuetan behar dute gidaritza bat. Gure belaunaldiak, esate baterako, ez du izan, eta aurreko belaunaldiak are gutxiago. Datorren belaunaldiak izan dezala norbait eskutik eramango duena, noski, libertate osoz».
Bidearen hasiera
Programan parte hartu nahi duten egileek proiektu bakarra bidali ahalko dute. Epaimahaiak ez du egilearen izena jakingo. Hala, proiektuak ezizenez sinatuta aurkeztu beharko dira. Bi dokumentu bereizi bidali beharko dira. Batean, ondorengo elementu hauek sartuko ditu hautagaiak: proiektuaren izenburua, literatur generoa, proiektuaren deskribapena, programan zergatik parte hartu nahi duen adierazteko testu bat, bai eta egilearen lanaren lagin bat ere. Aurkeztutako proiektukoa izan daiteke lagin hori, edota aurrez idatzitako beste testuren batekoa ere bai, eta orrialde bat izango du gehienez ere. Bigarren dokumentuak ezizena eta proiektuaren izenburua izango ditu titulutzat, eta barruan zehaztuko dira gero egilearen izen-abizenak, NAN zenbakia, telefonoa eta helbide elektronikoa.
Bestetik, mentoretza programa bateragarria izango da bestelako sorkuntzarako laguntzekin, eta bertan parte hartzeak ez du esan nahi egileak aurkeztutako proiektua zortzi hilabeteko epean amaitu beharko duenik. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan du elkarteak programa antolatzeko, eta hurrengo urteetan ere harekin jarraitzeko asmoa dute elkarteko kideek. Landabaso: «Bidearen hasiera baino ez da hau».