Izeta du lehen abizena berez, baina euskal kulturgintzan bigarrenez egin da ezagun Gorka Arrese (Zarautz, Gipuzkoa, 1965). Filologoa izateko bidean zenak Argia astekaritik Euskaldunon Egunkaria-ra eta handik Susa argitaletxerako bidea egin zuen. Urte berriarekin utzi du azken hori.
Nola iritsi zinen editore lanera?
Ustez literarioak ziren testuak idazten nituen Susa aldizkarirako. Aldi bertsuan, Karmelo Landa gidari, Josu Landa ondoko eta beste batzuk laguntzaile zirela, Gabriel Arestiren lan guztien bilduma ari ziren osatzen Susan. Liburu asko ziren —hamar—, aldi berean ari ziren editatzen guztiak, eta Karmelok testu zuzenketak egiten laguntzea proposatu zidan. Hala, liburuak nola osatzen, bukatzen, maketatzen zituzten ikusi nuen. Apasionantea iruditu zitzaidan.
1986koa da Arestiren obra osoaren antologia. Orduan erabaki al zenuen editore bilakatzea?
Ez! Ez dakit. Liburuak nola egiten ziren ikusi ahala, liluratuta gelditu nintzen egiteko harekin. Maila artistikoa eta produktiboa zeuzkan. Hamar liburu aldi berean egin behar hartan, fabrika bat ematen zuen. Gero, kontuan hartu beharreko zirkunstantzia batzuk ere suertatu ziren.
Zein zirkunstantzia?
Argia-koak egunkari bat egin behar litzatekeela pentsatzen hasi ginen. Josu Landa eta beste horretara jarri ziren, eta, halako batean, Josuk esan zidan: «Hemendik aurrera, hire kontu Susako liburuen edizioa». Hala, Xabier Montoiaren Narraztien mintzoa poema liburua editatu nuen, 1988an.
Gaztea zinen.
23 urte nituen. Ordurako aritua nintzen Euskaldunon Egunkaria-ren hastapenetan [Kultura saileko lehen arduraduna izan zen]. Norbera zailtzeaz gain, talde lanarekin, kolektiboki, noraino iristeko indarra —gaztetasuna— zegoen ikasi genuen. Egunkari bat egiteko gauza izan ginen, kolektiboki halako antolamendua eta tresnak erabiltzeko gaitasunarekin. Edozer egin genezakeela ematen zuen. Ez genion beldurrik ezeri. Ausarkeriaz beteak ginen.Izugarrizko suertea izan dut. Heziketa doan eta opariz etorri zait, sakrifizioz betea izanik ere.
Tresnak eta fabrika hitzak aipatu dituzu. Hamaika aldiz entzun zaitut kultur ekoizpenerako lanabes propioak izateak daukan garrantzia nabarmentzen.
Tresnak ez badituzu, beti zaude herren edo besteren menpe. Tailerra, fabrika, tresna hitzak, niretzat, pentsamenduaren parte dira. Egitea pentsatzea da. Egiteko, pentsatu egin behar da. Ez dira bi gauza; biak dira bat. Buruz pentsatzen dugu, baina eginez aldatzen dugu. Eginez eraikitzen da. Susa, zehazki, idazleek tresna bat edukitzeko jaio zen. Badakizu: lurra, lantzen duenarentzat; eta lurra lantzeko, tresnak. Gure kasuan, literaturari buruz ikasten, garatzen eta probatzen lagundu digu.
Egizu zerorrek maximaz ari zara.
Baina suaren garaitik datorren kontu bat dela ahaztu gabe. Maxima hori ez da punk mugimenduak asmatutakoa. Sua edo gurpilak egiteko abilezia eta tailerra dauzkanak etorkizunerako pentsamendu tresnak ere baditu. Langilearen hitzak direlako maite ditut tailer, fabrika eta lanabes hitzak. Intelektuala langile bat ere bada. Batzuetan, disoziatu egiten ditugu langileak eta kulturgileak, artistak, intelektualak. Nola, baina? Kultur arlokoak ere langileak dira. Eta, gaur egun, prekarioak.
Literaturatik bizi izan zara, editatu dituzun idazle gehienak ez bezala.
Editoreak egonkortu egin behar du publikazio tresna. Horretan, soldatadun bihurtzen da askotan. Horri esker, diru sarrera finkoa izan dut hilero; idazleek, sekula ez. Hasieran lanbide bat zena, idazleoi esker, ogibide ere bihurtu da. Pribilegiatua izan naiz. Gero, akademia dago. Produkzioan arrisku gutxien hartuta, literatura aztertzen, manipulatzen eta gozatzen du akademia jendeak.
Txikiak garelako gertatzen da prekaritate maila hau, baina kultura handietan ere artista da beti prekarioen bizi dena. Gauzak horrela, euskal idazleek —eta musikariek, eta euskararen bitartez garatzen ari diren beste artistek—, oraindik ere, beren lanak zabalduko dituzten agente ausartak behar dituzte. Eskubidea eman behar diogu geure buruari munduan barrena ibiltzen eta beste kulturekin trukean hasteko.
Etxepare Institutuak ez al dio lan hori ematen bere buruari?
Bai, baina hori tresna bat da; askoz gehiago behar genituzke. Editorial edo diskoetxe bakarrarekin ez dugu literatur edo musika sistema oso bat egiten. Telebista publikoak, esaterako, badu hor zeregina. Zer esanik ez unibertsitateak: labe behar lukeena izozkailu da gaur egun.
Tresnak sortu behar dira etengabe. Literaturarako ere bai. Publikatzeko, editatzeko tresnak garatu dira. Orain, editatu osteko urratsak egiten hasi behar da, gure kultura gizartearen erdigunera ekartzeko, ardazteko eta munduarekin dialogoan hasteko. Horretan oso ahul gabiltza.
Editatzeko tresnak garatu direla diozu. Gauza asko aldatu dira edizioan hasi zinenetik.
Gure literatura osoa itoa egon da; 1965etik aurrera hasi zen bizkortzen, eta, ordutik, bost urtetik bost urtera —nolabait periodizatzearren—, izugarriak izan dira jauziak. Ez bakarrik teknologian, ez bakarrik lanean; baita sorkuntza moduetan eta ideietan ere. Nire ustez, azken hamabost urteak gure historia osoko jasoenak, ederrenak izan dira kulturalki.
Bizkortze horretan, lekuko ez ezik, eragile ere izan zara. Zein izan duzu/dituzu eredu zure lanari forma ematerakoan?
Ia 600 urte baditu liburuak, eta geure buruaren, ezagutzaren, kultur esperientziaren transmisiorako tresna da oraindik ere. Liburu bat nola fabrikatu eta komertzializatu, norberak ikasi beste biderik ez dago hemen, hala ere. Intuizioa lagun, auto-ikasketa moduko bat da; akats askoren akumulazioz ikasten den zerbait, batez ere. Nire lehen editore urteak gaizki egindako gauzez beteak daude. Hala ikasi nuen nola ez den egin, plazaratu eta promozionatu behar liburu bat. Azkeneko hamabost urteak disfrutatu ditut, baina oraindik ere asko dago ikasteko edizio munduan. Europa osoan ditugu ereduak, ondo gertu, baina geure neurrirako egiteko moduak eta tresnak deskubritu behar ditugu.
Hobekuntzarako tarte handia dago oraindik ere, beraz.
Bai. Eta horregatik da polita. Editoreak mundu bat dauka eraikitzeko. Erakargarritasun handiko ofizioa izan daiteke. Suerte handia izan dut. Beti egon naiz tokirik onenean ikusteko eta ikasteko. Sakrifikatuak ere baziren tokiok, baina onak: Argia, Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera, Susa...
Gainera, aurrerapen handienak egitera jarri ziren haiek, Saizarbitoria, Lertxundi, Izagirre eta beste, ezagutu nituen; eta haien ondoren ausartak izan zirenak: Edorta Jimenez, Jon Alonso, Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi... Orain idazle onak direnak euren hastapenetan ezagutu ditut.
Editatu ere egin dituzu.
Haiei esker ikasi dut editoretza. Izarren lerrokatze bat izan da dena. Hori izan da nire unibertsitatea. Joan, eseri, entzun eta entzundakoa errepikatzea zen unibertsitate ofiziala fabrika handi batek, praktika erreal batek ordezkatu zuen. Egin behar zen mundu oso bat etorri zitzaidan. Eta, egiteaz batera, birplanteatu, pentsatu eta autokritika egin behar zen. Izugarrizko laborategia izan da nire unibertsitatea.
Laborategi horretan, idazleak jaiotzen, hazten eta hiltzen ikusi dituzu. Zer arrasto utzi dizu horrek?
Emozio handiak. Era guztietakoak. Pozgarriak asko, baina negargura handikoak ere bai. Kolpe handia izan da niretzat, esaterako, azken urtean Hasier Etxeberria eta Juanba Berasategi hil izana. Pozen artean, idazle askoren lehen liburua publikatu dut, eta urduri jarri izan naiz lan horiekin guztiekin, jaiotze modu bat zelako. Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Juanjo Olasagarre eta beste askoren garapena ikusi dut, eta, idazle baten urteetako ibilian parte hartu duzula ikusten duzunean, asko disfrutatzen duzu. Zenbat ikasi dudan nire formazioan parte hartu dutenekin! Idazleek eraikitzen dute editorea; editoreak ezin du idazlerik sortu. Idazleei zor diet naizen den-dena, eta oso esker oneko nago. Beren ahalak eta ezinak erakutsi dizkidate; pribilegiatua izan naiz horretan.
Jendetasuna lagun, ezinbestean, idazleei beren lana doitzeko moduak proposatzeko. Hori ere ikasi egiten al da?
Editorea idazlearen aldamenean dagoena da. Beti aldamenean.
Beti bere alde?
Beti bere alde. Eta baikor. Idazlea, normalean, hustuta iritsi ohi da editorearengana, lan handienak bukatuta, ahituta. Editore batek lagundu besterik ez du egin behar, idazleari bukatu zaion indar edo energia hori suspertzen, berriz gogoz begira diezaion egin duenari, errepaso bat eman diezaion. Horretarako, baikortasun eta berotasun modu bat eman behar dio editoreak idazleari.
Editore denek ez dute beren lana zuk bezala ulertzen.
Ez. Batzuek fabrikante ikusten dute beren burua batez ere. Idazlearen aldamenean egotea, berez, ez baita premiazkoa ere. Idazleak ekarri badu liburua, eta bera denez artista... Margolariei ez diegu beren lana aldarazten.
Zuk liburu asko aldarazi duzu?
Nik eduki dudan akatsik handiena hori da: gehiegi sartu naizela liburu gehienetan. Nire suhartasun honekin, idazleari lagundu gogo handiegi honekin, gehiegi inplikatu dut neure burua idazlearen egiteko moduan eta, are, testuetan. Horren damu naiz batzuetan. Beste batzuetan, ez. Idazle batzuk kontentu egongo dira nirekin; beste batzuk uxatu ere egingo nituen, sartu behar ez nuen tokietaraino sartzeko lotsagabekeria izan dudalako. Hori izan da nire egiteko modua.
Eta zer da idazleekin gutxien landu duzuna?
Idazleari bakarrik ez, irakurleari ere lagundu egin behar zaio, pasioz har dezan idazlearen lana. Irakurlea pixka bat ahaztu egin zait. Eta editorearen egitekoetako bat ere bada irakurlearengandik gertuago egotea, irakurlea ere estimulatzea. Espero dut etorkizuneko editoreek horri garrantzia ematea. Irakurleak estimulatu egin behar dira.
Merkatuaren boladen arabera, etekin ekonomiko hutsaren bila bakarrik editatu gabe, betiere...
Bai. Baina arrisku horiek guztiak ere bete egin behar dira. Badakigu idazleak ez direla tontoak. Irakurleak, berriz, oso argiak dira. Konfiantza maila bera eduki behar dugu batzuekin eta besteekin. Susan, adibidez, irakurlea ere gertuko bihurtu da. Gure jarduteko moduagatik. Hala ere, oraindik ere askoz ere gertuago egon behar da irakurleengandik.
Nola egiten da hori?
Ez dakit. Asmatu egin behar dira formulak. Jendetasuna aipatu duzu lehen. Jendearengana hurbiltzeko moduak, giroak eta formulak lantzeko daude. Eta ez dugu ahaztu behar datu bat: hizkuntza txiki bat da gurea, eta munduko literatura ere maite dugu. Euskaldunok elebidun gara gutxienez, eta erdaren bitartez hurbiltzen gara literatura horietara. Horregatik, irakurlea gehiago estimulatu behar dugu. Inteligentziaz, eta kultura handiz.Irudimena landuz.
Nola irudikatzen duzu zure etorkizuna? Zer egingo duzu orain?
Ez dakit. Literaturarenganako konpromisotik atseden hartu behar dut. Eta lan bila hasi.
Nekea izan al da konpromiso hori uzteko arrazoia?
Arrazoi nagusia ez. 50 urte bete nituenean esan nion neure buruari bazela momentua gazteagoei lekua egiten hasteko. Oso gazterik eman zidaten honetan hasteko aukera, eta hartutakoa eman egin behar da. Editorial batek etorkizuna behar du, indar dinamikoa, eta, zenbat eta zaharrago, orduan eta zurrunago. Hori da nire erabakiaren arrazoi nagusia. Indar dinamikoaren aukera zabala ukatuko nioke Susari lanean jarraituko banu. Nireak eman ditut. Lan asko egitera behartu dut neure burua. Hainbeste ahal ikusten nuen idazleengan, zirti-zarta ibili naiz ahal horien fruitua ahalik eta bizkorren irits zedin euskal kulturara. Presatia naiz.
Nola aurreikusten duzu badatorren literatur mundua?
Datozen bost, hamar, hamabost urteetan inoizko aurrerapen handienak gertatuko direla uste dut.
Gorka Arrese. Editorea
«Idazleek eraikitzen dute editorea; editoreak ezin du idazlerik sortu»
Ia 30 urte egin ditu Arresek Susa argitaletxean, editore; urtea hastearekin bat itxi du ziklo hori. Atzera eta aurrera begira ageri da, orainaldi betetik. Suhar, ohi bezala. Editore ohi izateko bideari heldu berritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu