«Zer irakurria ez da falta [haur literaturan]. Materiala badago. Hori baino arazo handiagoa da telebistak sortzen duen itsukeria, eta horren ondorioz dagoen irakurzaletasun eskasa. Gizakiak urak bezala jokatzen du, hau da, behera egiten du aise, alferkeriaz jokatuz, eta horrek sortzen du arazoa nire ustez».
(Euskaldunon Egunkaria, 1995)
«Niri iruditzen zait hemen politikoki hanka sartze handiak izan direla alde batean eta bestean, eta herri hau barruan modu batera daramagunoi mina bezala egiten zaigula. Beste hizketa gairik izan al dugu, bada, ez dakit zenbat urtetan?»
(Euskaldunon Egunkaria, 1998)
«Janzkeran asko ari gara aldatzen. Gure arbasoak haitzuloetan bizi ziren eta gu berriz ordenagailuetan. Baina bakardadea, maitasuna, arimarekin lotutako kontuetan ez gara asko aldatu. Mendeetan gure bakardadearekin eta ezinarekin jarraitzen dugu. Kontraesan handiena da, amets dezakeguna, ahal dugunetik urrun dagoela».
(Berria, 2003)
«Orain artean behintzat, indarra aurkitu izan dut egoera beltzik beltzenean ere argi izpi bat aurkitzekoa. Pentsatu nuen egoera hori muturreraino eramanda, zergatik ez aurkitu argi izpi bat. Jarrera hori oso garrantzitsua dela uste dut, bizitzari egoera ilunenean irribarre batzuk ostu ahal izateko».
(111 Akademia, 2003)
«Gure harremanak gatazkatsuak dira, oso territorialak gara, ez bakarrik alor fisikoan, baita alor psikologikoan ere. Hesiak ditugu, batzuk aurrekoengandik jasotakoak, besteak guk eraikitakoak, eta horrek izaki problematiko bihurtzen gaitu».
(Argia, 2008)
«Bakoitzak bere modua du: batzuek nahiago dute mendira joan, kalean paseatu eta hortik zehar ibili ondoren, bat-batean zerbait otu eta orduan idaztea. Nik, liburu batekin hasi eta amaitu arte ez dut atseden hartzen. Horrela izan dira nire proiektu guztiak».
(Gara, 2010)
«Gure aita galtzaileetakoa izan zen gerran, eta bi urte egin zituen Ondarretako kartzelan. Eta haren anaia, osaba Mañuel, San Kristobalgo gotorlekura eraman zuten. Egun batean, libre zegoela esan zioten, eta handik alde egiten ari zela tiroa jo eta hil egin zuten. Geroztik ez dakigu haren berri. Hori beti bueltaka dabilen itzal bat da, eta, halako batean, osaba Mañuelek, harekin izan nuen irudizko elkarrizketa batean, esan zidan: 'Hi, Joan Mari, ni ere hementxe nagok, lurpean. Ez al duk atera behar lau haizeetara nire istorioa?' Osaba Mañueli kasu egin, eta tokia egin nion nobela honetan [Ur arreak, ur garbiak].
(Berria, 2011)
«Urtetan egon naiz Elkarrekoekin soldata duin bat jasotzen, eta hori handia izan da nire bizitzan. Hori nahi nuen, eta Babilonia idatzi nuen garaian jarri ginen bi aldeak ados [1989an kaleratu zuen liburu hori Elkarrek]. Gainera, txikikeriaren bat edo beste kenduta, primeran konpondu izan gara. Hasteko, beraiek askatasun osoa eman didate —oso-osoa, alegia—, zernahi egiteko. Nik, ordainean eta neure borondatez, buruan nituen apustuak gauzatzeaz gain, apustu xumeagoetan ere sartu naiz, liburu komertzialagoak ere idatziz. Nik nahi nuena egin nuen, eta ez zait iruditzen Elkarrekoek nirekin dirua galdu dutenik. Negozioa egin ere ez, baina tira…!
(Berria, 2014)
«Begi bistakoa da, mundu globalizatu ustel honetan, ezin konta ahalekoak direla salagarriak diren gauzak, boteretsuen politika zer esanik ez… eta zergatik ez aprobetxatu une hau gaurko politikaren gehiegikerien inguruko istorioak (hain errealak, bestalde!) asmatzeko…?»
(Berria, 2014)
«Aspaldi honetan, ez diot jarraipen berezirik egin euskal literaturari, eta nire aspaldiko ametsa zen, orain jubilatutakoan, jarraipen horri ganoraz berrekitea, oraindik irakurri ez ditudan liburuak irakurriz. Baina amets horri heltzeko moduan nagoenean, zer gertatzen zait? Sarritan nahiago dudala burua hutsik edukitzea, atsedenean, irakurri baino. Pena ematen dit alde batetik, baina osasun hobekuntzarik ezean (nekez!), hala beharko du».
(Berria, 2014)
«Depresioa gaitz ezin gaiztoagoa da: alua, nazkagarria, desesperantzagarria… eta antzeko mila kalifikatibo erantsiko nizkioke: pasa egin behar bertatik gaitz hori zer den jakiteko! Eta orduan, nola ni ere gaitz madarikatuak jota sentitu bainintzen zerbait egitea otu zitzaidan: ni zientzietakoa naiz, eta badut neure burua aztertzeko trebetasun hori, nire nitasunari lotutako kontuak objektibatzeko ahala ematen didana».
(Elkar, 2015)
«Ni Gandhiren zalea naiz, antimilitarista, baina ez itsua eta ez inozoa. Zer esan nahi dut horrekin? Badakidala, gutxi gorabehera, mundu honek nola funtzionatzen duen».
(Naiz, 2015)
Gure (?) munduan, herri aberatsetako boteretsuak ditugu jaun eta jabe, diru zikinaren izenean mota bateko eta besteko gerrak asmatzen dituztenak. Nagusi diren heinean, gainera, beraiek nahi dituzten bideetatik garamatzate: galbidean jartzen gaituzte, beraz».
(Argia, 2020)
IDAZLEAREN ADIERAZPENAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu