Robota robot izan aurretik ere, bazen zerbait —ia norbait— jendearen irudimenean. Historiaurretik datozen kondaira eta mitoak dira horren erakusgarri. Antzinako Grezian, esaterako, giza itxurako izakiak ageri dira, buztinez nahiz brontzez sortuak, hainbat egileren lanetan: Pindaro, Platon, Homero... Adibidez, Iliada olerki epikoan urrez egindako bi emakume ageri dira, «adimenez eta jakituriaz jantziak». Era berean, Hefesto jainko errementariak buztinetik sortu zuen Pandora, zorigaitzen kutxa zabaldu zuen huraxe. Prometeok ostu zuen Olinpoko sua, eta, batzuen arabera, hark sortu zituen, buztinez, gizakiak. Ovidioren Metamorfosiak lanaren arabera, Pigmalionek zizelkatu zuen Galatea, eta harekin maitemindu zen supituki.
Buztinezkoa zen, halaber, Golem, judu tradizioko mito ezaguna. Itun Zaharreko Genesiak dioenez, Jainkoak buztinetik piztu zuen Adam, eta haren saihets batetik Eva. Bestalde, Finlandiako Kalevala bilduman, urrez sortutako gizon baten mitoa topa daiteke. Baina robotaren ahaide hurbiletara etorriz, hona hemen Frankenstein: or, The Modern Prometheus (1818), lehen edizioan egile izenik gabe argitaratu zena, Londresen. Maisulanaren egilea Mary Wollstonecraft Godwin zen, ezagunago Mary Shelley ezkontza deituraz. Eta, jakina, azpitituluan Prometeori eginiko aipua ez da hutsala.
Edonola, Frankenstein doktoreak giza adabakiz josi eta piztutako izakia ez zen, izatez, robota. Hezur-haragizkoa baitzen, organikoa, androideen antzera. XIX. mendearen amaieran azaldu zen lehen aldiz idatzita andréide hitza, Auguste de Villiers de L'Isle-Adam idazlearen L'Ève future nobelan (1886). Euskarazko Wikipediak dioenez, Bernardo Atxagak «omenalditxoa» egin zion Bretainian sortutako idazle frantziarrari, Obabakoak liburuko Pitzadura bat elur izoztuan ipuinean. Gehiago jakin nahi duenak jo beza iturrietara. Kontuak kontu, zientzia fikzioaren aitzindarien artean kokatzen dute hainbat adituk De Villiers. Hain justu, L'Ève future nobelan azaltzen delako estreinakoz androidea, robotaren ama.
Organikotik metalikora
Lehen begi kolpean bitxia badirudi ere, robotaren zuhaitz genealogikoan topa daiteke Carlo Collodi italiarraren Pinotxoren abenturak (1883). Ondo behatuz gero, ez da hain arraroa. Zurezkoa izan beharrean metalezkoa balitz, robota dela esango genuke. Dena den, historiako lehenengo robotak hezur-haragizkoak izan ziren. Karel Capek txekiarraren R.U.R. eleberrian (1921) azaldu zen lehen aldiz robot hitza. Elkarrizketa batean idazleak argitu zuenez, bere anaia Josef Capek artistari zor dio kontzeptuaren asmakizuna —eslavieraz robot-a lana da, eta txekieraz lan nekeza edo gatibu lana—. Nolanahi dela, artifizialki sortuak izanagatik, material organikoz eginak zeuden lehendabiziko robot haiek.
Arrakasta handiz zabaldu zen robotaren izena eta kontzeptua. Besteak beste, AEBetako fikzioan, Adam Link izeneko robot heroi bat azaldu zen, Eando Binder egilearen eskutik. Bitxikeria gisa, Eando izenaren atzean Earl eta Otto Binder anaiak zeuden, inizialak elkartuz E and O osatzen zutenak. Eta, bitxikeria luzatuz, Adam Link azaltzen zen lehen istorioak I, Robot (1939) izena zuen. Kontua da handik urte batzuetara izenburu huraxe hautatu zuela editore batek, Isaac Asimov errusiarraren ipuin bilduma argitaratzeko tenorean: I, Robot (1950). Esan beharra dago, gainera, ez zela Asimovek nahi zuen izenburua. Hala ere, liburu hark egundoko eragina izan zuen zientzia fikzioan, besteak beste, han azaldu zirelako Robotikaren Hiru Legeak.
Lege horien arabera, robotak ezin dio gizakiari kalte egin, ezta kalte egiten utzi ere; robotak gizakiaren aginduei men egingo die—lehen araua betez gero—, eta bere burua babestu behar du —lehen bi arauak betez gero—. Liburu horrez gain, makina bat gehiago eskaini zion Asimovek gaiari: The Rest of Robots (1964), The Bicentennial Man (1976) eta Robots of Dawn (1983), besteren artean. Aditu askoren ustez, Asimov da egun irudikatzen dugun robotaren sortzailea, zilegi bada esatea, robotaren aita. Gurasotasun partekatua, noski, beste hainbat egilerekin. Esate baterako, aipamen berezia merezi dute Philip K. Dick sortzaileak eta haren lanik ospetsuenak: Do Androids Dream of Electric Sheep?(1968).
Lan horretan, egileak gogoeta eginarazten dio irakurleari: zer da gizakia izatea? Kontakizunaren arabera, androideek ez dute enpatiarako gaitasunik; gizakiok, antza denez, bai. Erdibideko zerbait litzateke cyborg delakoa: hots, giza gorputzari robot zatiak atxikitzea. Martin Caidin idazleak Cyborg eleberrian (1972) zabaldu zuen kontzeptua, eta pantailetara ere heldu zen: The Six Million Dollar Man izenez. Euskal Telebistan ere, cyborg istorio hartatik sortutako Emakume bionikoa telesaila ezagutu genuen, 80ko hamarkadan. Beste egile batzuek, robotaren gaiari eragiteaz gain, umoreari ere heldu zioten: horren lekuko dira John Sladek estatubatuarraren Roderick, or The Education of a Young Machine (1980) eta Stefano Benni italiarraren Terra! (1983).
Azken hamarkadetan emakume ugari nabarmendu dira zientzia fikzioan. Robotei buruz idatzi dute, besteak beste, Ekaterina Sedia eta Catherynne M. Valente idazleek. Salmenta aldetik, azkenaldian arrakasta handiena bildu duena Daniel H. Wilson izan da, Robopocalypse eleberriarekin (2011). Fikzioa idazteaz gain, robotikan doktore ere bada Wilson; izatez, bere ikerketetatik abiatuta sortu izan du fikzioa. Hil honetan bertan aurkeztu du Robogenesis (2014), aurreko lanaren jarraipena. Eta azken bitxikeria: Ken Schwncke kazetari eta programatzaileak algoritmo bat garatu du berriki, lurrikara sortzen den bakoitzean robot batek albiste bat idatz dezan. Iragan martxoan, LA Times egunkaria izan da zerbitzua erabili duen lehen hedabidea. Dirudienez, robotena ez da soilik fikzioa.
Idazleak sortu zuen robota
Literaturaren historian, robotak hainbat itxura eta izen izan ditu. Gizakiak bere probetxurako sortua, gerora mehatxu bihurtua, robotak dio: «Zer zara zu, gizaki?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu