Ander Iturriotz. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria

«Idazleak eta irakurleak engaiatu ezean, EIEk ez dauka zentzurik»

Asteburu honetan bilduko dira katalanez, galizieraz eta euskaraz aritzen diren idazleak, Donostian, Galeuscaren 29. ekitaldian. Elkarrekin harreman handiagoa izan nahi eta ezinean dabiltza hiru idazle elkarteak, sortu zuten federazioa ezin indarturik.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
EIE Euskal Idazleen Elkarteari egokitu zaio aurten Galeusca antolatzea. Gai nagusia esateko idatzitako literatura izango dute katalanez, galizieraz ea euskaraz aritzen diren idazleek etzitik igandera bitarte Donostian egingo duten bilkuran.

Esateko idatzitako literatura izango da Galeuscaren aurtengo gai nagusia. Zergatik aukera hori?

Ahozkotasunak beti izan du tradizio sendo bat gure kulturan, eta iruditu zitzaigun interesgarria izan zitekeela gai hori lantzea, bi ikuspegitatik. Batetik, tradizioari begira: bertsolariez gain ere, oso ahozko tradizio aberatsa daukagu, eta gaur egun ere badauzkagu ipuinak-eta berritzen dituzten idazleak eta kontalariak. Bestetik, paradoxikoa badirudi ere, sarearen eta hipertestu telematikoen garai honetan, ahozkotasuna ez da desagertu eta, zehazki, literaturaren munduan, askotan irakurtzen da, edo ahoz kontatzen, idatzitakoa; edo, bestela, testua idazten da gero ahoz emango den medio baterako, zinemarako adibidez, edo telebistarako edo irratitako. Hori guztia aztertuko dugu larunbateko hiru saioetan.

Zer garrantzi du Galeuscak euskal idazleentzat eta EIErentzat?

Gure Galeusca, idazleei lotutakoa —beste Galeusca batzuk ere bai baitaude—, antolatzen hasi ginenean, hiru hizkuntza gutxitutako literaturak jarri nahi genituen harremanetan, esperientziak trukatzeko, eta gainean daukagun estatuetako batean dauzkagun arazoei buruzko analisi komun bat egin eta, ahal bada, konponbideak elkarrekin bilatzeko. Horretaz gain, Galeuscak beste idazkera batzuk, beste literatura batzuk, beste sentsibilitate, bulkada eta taupada batzuk ezagutzeko aukera ematen digu.

Hiru idazle elkartek antolatzen dute Galeusca. Zer-nolako osasuna dute hiru elkarte horiek, krisia kulturaren mundura horrenbeste murrizketa ekartzen ari den garaiotan?

Elkarte bakoitzak bere dinamikak eta bere arazoak dauzka, eta desoreka handia dago elkarteen egoeren artean. Kataluniak literatura ia-ia normalizatua dauka: idazle asko, merkatu zabala, elkartea ere indartsu… Beheraxeago gaude beste bi literaturak eta beste bi elkarteak. Galizian, PPren gobernuak izugarrizko ahaleginak egin ditu bertako kultura zapuzteko. Guk, berriz, gobernu euskararekiko ez oso sentibera bat izan dugu, zerbait gogorragoa ez esatearren. Diru murrizketak oso nabarmenak izan dira, eta guri zuzenean eragin digute, Idazleak Ikastetxeetara kanpaina eta halako ekinbide indartsuetan, adibidez. Eta beste gauza susmagarri batzuk ere izan dira.

Adibidez?

Esate baterako, diru partidei begira euskal kultura eta euskal literatura euskararekin lotzea, kulturarekin lotu beharrean. Azkeneko urteetan, lehen kulturaren alorretik finantzatzen ziren diru sailak gero eta gehiago euskararen alorretik finantzatu dira, eta horrek diru sailak murriztea ekarri du. Beste filosofia bat egon da, eta horrek organikoki kalte egin dio gure elkarteari. Hala ere, saiatu gara aurrera egiten, eta nik uste dut buelta eman diogula. Ikusiko dugu orain gobernu berriak zer iguripen-edo sortzen dituen. Espero dut aurrekoak baino sentsibilitate handiagoa erakustea.

Federazio bat sortu zenuten duela urte batzuk Galeuscako hiru elkarteek, Galeuscatik kanpo zuen arteko koordinazioa indartzeko. Esperotako fruiturik ematen ari da federazio hori?

Madrilek literatura periferikoak edo hizkuntza periferikoak deitzen dituen horiekin zeukan jokabidezabarra salatzeko eta gure eskakizunak elkarrekin egiteko sortu genuen federazioa. Maizago bildu nahi genuen, baita jardunaldi batzuk egin ere Galeuscaz gaiz. Asmoak onak ziren, baina azken urte hauetan ez dugu izan behar adinako indarrik horri eusteko. Hori aitortu behar dugu, eta zuzendu ere bai. Urtero egiten dugu biltzar orokor bat, eta uste dut aurten biltzarrean aztertuko diren gaietako bat hori izango dela, etorkizunari begira. Baina gauden egoeran egonda, gure elkartearentzat behintzat, ezinezkoa izan da federazioa indartzeko ekarpenik egitea. Nahiko lan izan dugu bertan genuenari heltzen.

Arazo ekonomikoez gain, idazlearen parte hartze eta inplikazio urria izan da azken urteetan EIEren ahulune bat. Nola dago egoera gaur egun?

Aspaldiko arazoa da hori gure elkartean. Gu hasieratik saiatu gara gai horri aurre egiten. Plangintzak badauzkagu, baina ez dugu abagunerik hori modu serioan gauzatzen hasteko. Elkarte honek ez dauka zentzurik parte hartzea bultzatzen ez bada, ez baditu idazleak eta irakurleak engaiatzen. Orain hasiko dugu eztabaida estrategiko bat gai horri buruz, herrialdez herrialde bazkideak bilduta eta haiei elkarteaz dituzten iritziak galdetuta. Ondorio batzuk atera, eta saiatuko gara lan egiteko moduak aldatzen. Une jakin batzuetako desadostasunen ondorioz desatxiki ziren idazleekin berriro harremanak izaten saiatzeko asmoa ere badugu.

Irakurleak aipatu dituzu. Baina EIE ez da, oraingoz, Bertsozale Elkartea eta Antzerkizale Elkartea bezala zaleei irekitako elkartea. Bazkide izateko, idazlea izan beharra dago.

Azken urteetan dinamika interesgarri asko sortu dira, azpi-azpitik, euskal literaturarekin zuzen-zuzenean lotuta: kritika taldeak, irakurle klubak, literaturaren inguruko eskolak, poesiaren inguruko jardunaldiak, Ahotsenea… Uste dut gure elkarteak harreman estuagoa izan beharko lukeela horiekin. Horren inguruan ere, beste gai askoren inguruan bezala, berehala pizten dira susmoak geure artean: batzuek uste dute fenomeno hauek beren kabuz garatu behar dutela; beste batzuek uste dute elkartea horietaz interesatzen baldin bada horiek bereganatzeko izango dela. Baina ez da hori gure asmoa. Gure asmoa euskal literatura indartzea da, eta euskal literaturarekin lotuta sortzen diren elementu guztiekin harremana izan behar dugu, ahal dugun neurrian laguntzeko.

Beste alor batzuk lantzen dituen arren, Etxepare Institutuak ere, EIEk bezala, euskal literatura indartzea du zereginen artean. Nolakoa da bien arteko harremana?

Euskal literaturaren arloan landu dituzten ekinbideetan, guri inolako proposamenik edo kontsultarik egin gabe hartu dituzte erabakiak ia beti. Ez dakit beste elkarteekin zer harreman mota izan duen, baina uste dut gurekin harreman handiagoa izan beharko lukeela. Idazleak gonbidatzen direnean batera eta bestera joateko, uste dut gutxienez kontsulta bat egitea badagoela idazleak biltzen dituen elkartearekin. Uste dut logika baten barruan dagoela hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.