garbine ubeda goikoetxea

Idazleak eta eskritoreak

2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Euskal Idazleen Elkarteko zuzendaritzan eman nituen urteetan gauza harrigarri askori egin behar izan genion aurre, baina denetan harrigarrienak, apoteosikoenetako batzuk behintzat, Eusko Jaurlaritzan egindako bileretan gertatu ziren.

Bolada batean sarri samar bildu ginen hara, oraintxe ez nuke asmatuko esaten zer dela eta —beharbada komeni ere ez—, baina gogoan dut batzuetan liburuaren sektore osoko elkartekideak izaten ginela han, eta beste bakar batzuetan, euskaraz zipitzik egiten ez dutenak batu zitzaizkigula gainera, haiek ere argitalpengintzan ari diren elkarteetako ordezkariak izanik.

Zirkunstantzia zehatzak ez ditut gogoan. Bilera haien inguruan egin ziguten presioaz, aldiz, ederki akordatzen naiz. Idazle Elkarteak eta Escritores de Euskadik elkarrekin behar omen genukeen, bide bera urratzea normala litzatekeelako, eta halaxe funtzionatzen dutelako musikariek edota irudigileek ere, hots, hizkuntza bereizketarik gabe.

Egoera sano samarrean, ofiziokoak ofiziokoekin elkartzea baino gauza normalagorik ez dago. Baina gurea ez da normala, eta are gutxiago sanoa. Gure ofizioko tresnarik behinena ez baita boligrafoa edo ordenagailua. Gure tresnarik behinenak hizkuntza eta pentsamendua baldin badira, nekez pareka genitzake idazleak eta eskritoreak, batzuen eta besteen hizkuntza eskubideak parekatzerik ez dagoen bezala, tamalez.

Zer egin genezake elkarrekin, jaialdiak antolatu? Sosak erdibanatu? Eleberrietako pertsonaiak nola ezaugarritzen diren elkarrekin ikasi? Poesia antologiak argitaratu? Eta horiek denak nola, ordea? Ez dago soziolinguistikan masterrik behar ulertzeko: definitzen gaituena albora utzi behar izanda, guk geure buruari uko eginda (bilerak gaztelaniaz, euskaldunen ekarpena etengabe justifikatu beharrez, salmenta kopuruen araberako juzkuak...).

Multzo bateko kide sentitu, jardun berean ari direnei begira ikasi, elkarrekin aurrera egin, mugimendua sortu, jardunaren ikusgarritasuna bilatu, prestigiatu, duindu, presiobidea sortu... Elkarteei dagokien babes hori, gaur, egoera anormal, prekario, injustu eta betikotu honetan, hizkuntza berean ari garen irudigile, musikari, idazle, bertsolari, kazetari eta gainontzekoak batuko lituzkeen elkarteak emango liguke, ofizioz ofizioko zatiketak baino gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.