Eguerdi iristerako, Sarako Idazleen Biltzarreko gela jendez lepo bete da, eta literatura solasen oihartzuna hedatu. Argitaletxeek eta idazleek goizetik goiz hartu dute leku, irakurleen esperoan; emeki-emeki hurbildu dira, pasabideak osorik betetzeraino. Orotara, 77 mahai bisitatu ahal izan dituzte: argitaletxeak, idazleak, marrazkilariak, argazkilariak, diseinatzaileak, grafistak, dokumental egileak... 42. aldikoz, Saran (Lapurdi), orotarikoa eskaini zaio orotariko jendeari.
Liburu aurkezpenak eta mahai inguruak ere antolatuak zituzten. Goizaldia aitzina, jendea joan-jinka ibili da azokaren gelatik aurkezpenenera. Ordu laurdenean behin egile bat pasatu da bere obraren kontatzera, labur-labur, jendeari gogoa pizteko heina.
Atzo eta bihar
10:45ean, Euskaltzaindiak leku hartu du aurkezpen gelan. Itxaro Borda idazleak errepresentatu du instituzioa, eta berekilan zituen Joseba Sarrionandia, Jabier Kaltzakorta eta Battittu Coyos. Bakoitzak liburu bat aurkeztu du, baina bakarrak ere ez du liburua idatzi: bilketa lana egin dute, transmisiorako bidean. Sarrionandiak Txomin Peillen idazlearen testuekin osatutako bilduma aurkeztu du: Txomin Peillenen testuen bilduma.
Ikusi gehiago
Kaltzakortak Martin Ducq apez eta idazle baxenabartarraren Erroma eta Jerusalem lana paratu du: «Duela 134 urte argitaratu zen liburu bat da. 1888an, bidaia bat egin zuen Erromara, bertan hiru edo lau egun, eta handik Palestinara joan zen, Jerusalemera. Eta, han, bi hilabete eman zituen lur sainduak ikusten». Han ikusi eta bizi zituenak bidaia liburu batean idatzi zituen, eta liburu hori da, hain zuzen, Kaltzakortak gaurkotu eta berrargitaratu duena; sarrera ere idatzi dio. Coyosek aurkeztu duen liburuak, bukatzeko, Junes Casenave-Harigileren lau pastoral ezezagun agertzen ditu: Zortzi pastoral berri II; lehen zenbakian atera ziren beste laurak.
Ezinbestekoa den bezala idazki zaharren berreskuratu eta berrargitaratzea, ezinbestekoa da idazki berrien agertzea ere. Hain zuzen, idazleen eta idatzien belaunaldi artekotasuna nabaria zen azokan. Amaiur Epherek 31 urte ditu, eta bigarren liburua agertu zuen otsailean: «Oraindik atera berria da; oraindik ez da oihartzunen garaia, beraz». Guttienez, azokak irakurle posibleekin trukatzeko parada ematen dio, baita beste idazleekin ere. Laster, agian, hedatuko da nobela beltz baten idazteko beka irabazi duen Tomasen istorioa. Haize beltza eleberriaren idazleak ez bezala, Tomasek ez du lortzen bere nobela bukatzea, baina laster iritsiko zaio hitzordua editoreekin. «Hortik abiatzen dira hainbat solas, eta, batez ere, nobela beltzaren inguruko solasak dira, arras nobela beltza izan gabe», esplikatu du Epherek; metaliteratura, hots. «Dudarik gabe, baina ez dakit zoin den aitzakia bata bestearentzat: istorioa metaliteraturaren zerbitzuko edo kontrakoa?».
Mexikon «itzulika»
Nagusiki, Euskal herriko jendea jin da obrak aurkeztera, baina ez du kentzen beste lurraldetako istorioak kontatzen ahal dituztela. Hain zuzen ere, Veronique Traba idazleak eta Patxi Beltzaiz argazkilariak Mexikori buruzko liburu bat atera dute elkarrekin. 2010 eta 2020 artean bidaiatu dute hara, pausak eginez baina, ororen buruz, bost urtez kasik. Euskal Herrira itzultzean deliberatu zuten han idatzitakoen eta argazkitan hartutakoen argitaratzea. «Anitz itzulika aritu ginen; ez dugu bidaiatu tokien ikustera joateko: usu itzuli ginen jadanik ezagutu genituen lekuetara, barneratu nahi baikenituen mexikarrek zituzten harremanak, herritarrekikoak eta herriarekikoak. Itzulika aritzea, guretako, biziki positiboa zen».
Liburua ez da tematikoa, ezta kronologikoa ere: «Lurraldekako bidaia bat da». Hiriburutik abiaturik, Guerrero eskualdera buruz joan ziren, han 43 ikasle erail zituzteneko garai berean. «Izugarriko manifestaldiak baziren, eta justu han ginen. Familia batzuk ezagutu genituen, harremandu ginen, eta desagertuen tematika landu ahal izan genuen». Hango besta tradizionalak ere aipatu dituzte, «erresistentzia tresna gisa» erabiltzen dituztenak. Eta Chiapasera buruz doa liburua gero, nahiz horien lehen helmuga izan zen, hasieran. «1994ko urtarrilaren lehenetik geroz barnetik ezagutu nahi genuen mugimendu iraultzailea da. Emazteak eta gizonak altxatzen direnak errateko existitzen direla». Kontakizun horiek guziak elez eta irudiz josi dituzte, De l'autre côté du charco liburuan.

Idazle eta irakurleak Sarara bildu dira aise bazelako begi, belarri eta izpirituen betetzekoa. Bihar Batzarrak jarraikiko du, baina profesionalei zuzendutako egunaldia izanen da: euskal migrazioaren gaia jorratuko dute.