«Pentsatzen duzu zuri ez zaizula inoiz gertatuko, zuri ezin zaizula gertatu, zeu zarela munduan pertsona bakarra horrelako gauzak sekula gertatuko ez zaizkiona, eta, orduan, banan-banan, den-denak hasten zaizkizu gertatzen, beste guztiei gertatzen zaizkien bezalaxe». Horrelaxe hasten da Neguko egunerokoa, Paul Austerrek (New York, 1947) 2011ko neguan idatzi eta orain Oskar Aranak euskarara ekarri duen liburua (Txalaparta). Mikel Soto editoreak azaldu bezala, «neguan ordez, bizitzaren udazkenean» sartzen ari den pertsona / idazle baten kontakizuna da Neguko egunerokoa, eta idazketa prozesuan «gogoa» izan du gidari idazleak. «Ez dakit Paul Austerren libururik onena den, baina bada, beharbada, pertsonalena; Auster bere osotasunean agertzen baita».
New Yorkeko trilogiaren egileak bere bizitza du ardatz liburuan, baina autobiografia hutsetik urruti aritu da. Gertaera batzuk kontatzen ditu, oroimenari lekua egiten dio, gorputzak jasandako gaixotasun eta kolpeak papereratzen ditu, eta horrek guztiak bizi izan den edo egon den lekuetara eramaten du idazlea. Baita leku horietan bizitzeko egin behar izan dituenak kontatzera ere. «Hor badago idaztearen gorazarre bat. Idazle izatearen kontzientzia erabatekoa du, eta, bizitzaren une batzuetan oso gaizki pasatu arren, idazketa iparrorratz gisa agertzen zaio».
Fikzioaren eta memoria/gogoetaren artean mugitu izan da Auster bere ibilbide osoan. Nobelek egin dute ospetsu, baina bere bizitzari lotutako gogoetak edo pasadizoak biltzen dituzten lanek besteek adinako garrantzia dute haren literatur lanean. Neguko egunerokoa azken atal horretan kokatuta badago ere, idazlearen «kontatzeko grinak» ez du behera egin, Aranak azaldu duenez: «Sumatzen da pasio hori, nahiz eta bere bizitza kontatu nahi duen». Bizitza horri ikuspuntu askotatik begiratzen dio: «Hasten da bere gorputzaren behaketa bat eginez, orbanak noiz atera ziren azalduz, eta gero espazioei begiratzen die, bizi izan den lekuak deskribatuz baina bere bizitzako une horren analisi bat ere eginez. Bat harritu egiten da nola pasa daitekeen horrelako arintasunez eta sakontasunez hainbeste gertaeraren gainetik. Alde horretatik, betiko Auster da».
Idazleak idazleaz eta pertsonaz idatzitako lana izan arren, ni-aren ordez, zu-a erabili du Austerrek. Zuka mintzo zaio bere buruari. Aranak ondorioztatu du idazlea kamera bati begira egongo balitz bezala ari dela idazten narrazioa, «ahalik eta objektibotasun handienarekin, jakinik ezin dela objektiboa izan». Alde horretatik, ni idazlearen eta zu pertsonaren arteko jokoa, «hasieran harrigarria egiten bada ere», azkenean «oso interesgarria» bilakatzen da, itzultzailearen ustez.
Begirada familiari
Nolabaiteko biografia bat egiten hasita, bere familiarekin izandako harremanek hartzen dute garrantzia liburuan: aitona-amonek, bi emazteek, seme-alabek... eta, horiekin batera, gurasoek. «Aitarekiko ezin elkartua edo ezin elkarrekin egotea, amarekiko gatazkak... zertzelada psikoanalitiko batekin ematen ditu». Ez da hau Austerrek gatazka horiek liburu batera ekartzen dituen aurreneko aldia, The Invention of Solitude lanean (Bakardadearen asmatzea, 1982) aitaren heriotzak eragindako zirrara letretara eraman baitzuen, oroimena eta nolabaiteko kontu kitatzea uztartuta. «Neguko egunerokoa-n, agian adin batera iritsi delako, badu bizitzarekiko begirada samur bat. Badago liburuan bere buruarekiko baketze edo adiskidetze moduko bat. Eta begirada bat dago, beste liburuetan ere agertzen dena. Tragedia guztien hondarrean badago arrasto gizatiar bat, samurtasunezko bat. Eta liburuere bai».
Horri lotuta, Sotok uste du liburuaren idazketak «parte terapeutikoa» izango zuela Austerrentzat: «Liburu hau bere bizitzarekin adiskidetzeko modu bat da. Bizitzaren garai berri batean gauzak modu ezberdinean kokatzeko». Eta hor idazketaren garrantzia: «Idazle guztiak ez dira horrelakoak izango, baina horrelako pertsonek idazleak izan behar dute ezinbestean».
Euskarara sarritan ekarritako idazlea da Paul Auster. Brooklyngo erokeriak (2006), Bidaiak scriptoriumean zehar (2007), Gizona ilunpean (2008), Ikusezin (2009) eta Sunset Park (2010) argitaratu zituen Alberdaniak, guztiak Oskar Aranak berak itzuliak, eta Austerren Kristalezko hiria nobelan oinarrituta Paul Karasikek eta David Mazzuchellik ondutako eleberri grafikoa Txalapartak kaleratu zuen 2006an, Harkaitz Canok euskaratuta. Aranak badaki zein den Austerren literatur mundua, eta badaki, era berean, zer-nolako zailtasunak dituen haren lana itzultzeak. Alde horretatik, orain denbora gehiago izan du, aurreko itzulpenak gaztelaniazko eta katalanezko argitalpenekin batera kaleratu nahi izan baitzituzten. «Nik ezin dezaket esan testu hau nirea bakarrik denik, argitaletxeak edizio lan handia egin baitu. Eta hori onerako da. Bakoitzaren egoarentzat ez da gozoa, baina irakurlean pentsatu behar dugu beti; irakurlea buruan izanik lan egin behar dugu».
Idazketa, bizitzaren iparrorratz
'Neguko egunerokoa' euskaratu du Oskar Aranak, Paul Austerrek bere buruarekin «baketzeko» idatzitako lan pertsonala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu